Lekunberrin bihar goizean hasi, Irurtzun eta Berriozarren geldialdiak egin, eta Iruñeko Aberri Egunean amaituko dute aurtengo gazte martxa, igandean, Euskal Herri osoko ehunka gaztek. Ernaik eta Aitzinak elkarrekin prestatu dute aurtengo Aste Santuko ekitaldi sorta. Iaz Altsasun egin zuten Burutakzioaren ondoren, bigarren aldia izango da egunok elkarrekin igaroko dituztena, eta aurrera begira ere gune komunak partekatzeko nahia dute. Aurtengo martxaren helburua bidean elkar ezagutzea, elkarrekin eztabaidatzea eta kultur ekitaldiez gozatzea da, bai eta ondo pasatzea ere; gazteak indarberritu, ilusioz jantzi eta oporraldiaren ondoren nor bere herrira lanerako gogoz itzultzea.
Hego Euskal Herriko gazte antolakundea da Ernai. Aitzina, Ipar Euskal Herrikoa. Herri osoa «mugarri» hartu nahi dutela diote, eta gazte indarra mugiarazi nahi dutela. Horixe da, hain zuzen, aurtengo ekinaldiari jarri dioten leloaren zentzua: Herria Mugarri. Gazteok martxan.
Prestaketa lanetako azken txanpan, lepo daude gazteak. Eta ez soilik gazteak. Martxak zapalduko dituen inguruetako herritar asko lotu dira elkarlanera, eta 300 bat pertsonak lagunduko dute horretan.
Mila bat gazte espero dituzte antolatzaileek. Oinez egingo dute Lekunberritik Iruñera arteko bidea, hitzaldi, tailer eta kultur eskaintzak izango dituzte egun bakoitzeko arratsaldeetan, eta kanpin dendetan lo egingo dute. Hiru egunerako sarrera izango dute martxalariek. Larunbatean egingo den ekitaldi eta jaialdira soilik joateko aukera ere izango da, egun horretarako sarrera erosita.
Bihar abiatuko da Ernai eta Aitzinaren gazte martxa, Lekunberrin
Euskal Herri osoko ehunka gazte bilduko dira ekinaldian, eta 'Herria Mugarri. Gazteok martxan' izango dute horretarako leloa.Elkar ezagutu, harremanak sakondu eta ilusioa berpiztea dute helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu