Gobernu osaketa

Bigarrenez jarraian, Txibite lehendakari

Sekretupean egindako bozketan, baiezko 21 boto, ezezko 20 eta bederatzi abstentzio jaso ditu. Bezperan egin bezala, gobernuak «berdintasunaren bandera» astinduko duela esan du, bere lehen adierazpenetan

Maria Txibite atzo, botoa ematen. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2023ko abuztuaren 15a
18:05
Entzun

Beste lau urtez gidatuko du Nafarroako Gobernua Maria Txibitek. Atzoko lehenengo bozketan gehiengo osoa lortu ez, eta gaur, bigarren saioa zuten 17:20ean, lehen bozketa egin eta 24 ordura. Egin dute saioa, eta PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin hautatu dute Txibite. Gehiengo soila nahikoa zuen gaurkoan. Kontra bozkatu dute UPNk, PPNk eta Voxek. 21 alde, 20 kontra eta bederatzi abstentzio, beraz.

Bozketak anekdota eta guzti izan du. Emaitza jakinarazten ari zela, Yolanda Ibañez Parlamentuko Mahaiko lehen idazkariak, erratuta, «20 baiezko eta 20 ezezko» irakurri ditu, eta barrezka hartu dute gainerako parlamentariek. «Subkontzientea izango zen», onartu du.

Oso azkar joan da dena. Astelehenean inbestidura saioko lehen egunean 17:20ean egin zen bozketa, eta gaurko ordu berean zegoen antolatuta bigarrena. Emaitza estua izango zela bazekitenez, parlamentariak garaiz iritsi dira.

Parlamentuaren kanpoaldean Zangoza kaleko eta Gurutze plazako parkinaren aurkako kideek oihuka hartu dituzte, batik bat UPNko legebiltzarkideak. Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak eta UPNren udal gobernuak bultzatutako operazio horrek polemika handia piztu du bizilagunen eta inguruko merkatarien artean, besteak beste, inguruko zuhaitzak moztea aurreikusten delako. Plataformako kideek oroitarazi diote Txibiteri bere zeregina izango dela udalaren operazio hori geldiaraztea.

Botoa sekretupean egin da. 50 parlamentariek hiru aukera zituzte: baiezkoa, ezezkoa edo abstentzioa. Botoak zenbatzen ari zirela, oraindik ere ustekaberen bat egongo zelakoan eta bada ez bada ere, Javier Remirez jarduneko presidenteorde lehena zein Ramon Alzorriz PSNko eleduna botoak zenbatzen izan dira.

Emaitza iragarri ostean, Txibitek Alzorriz bera zoriondu du lehenik eta gero akordio programatikoa sinatu duten taldeetako bi eledunak agurtu ditu: Geroa Baiko Uxue Barkos eta Zurekin Nafarroako Begoña Alfaro. Ondoren, taldeetako politikarien zorionak jaso ditu. Tartean UPNko Javier Esparzarena edo EH Bilduko Laura Aznalena.

Guztia amaituta, Txibitek adierazpen soil batzuk egin ditu parlamentuko atarian. Bertan eskerrak eman dizkie orain arte gobernua osatu duten kontseilariek. Euretako batzuk gobernua utziko dute, eta haiek gogoan, zoriondu egin ditu. Batik bat, Santos Indurainen jarduna azpimarratu du, aurreko legealdian COVID-19aren pandemiari aurre egitea egokitu zaiolako.

Hain justu ere, adierazpenok egin aurretik, hizketan egon da Uxue Barkosekin eta Geroa Baik izendatuko duen Osasun kontseilariarekin, Fernando Dominguezekin.

Txibitek nabarmendu du hainbat arlotan aurreko gobernuaren bidetik jarraituko duela, baina gainera oraingoan garrantzia berezia emango diote garapen jasangarriari edo eraldaketa digitalari. Era berean, astelehenean egin bezala, aipatu du «berdintasunaren bandera» astinduko duela gobernuak: hala nola, lurralde arlokoa, gizarte arlokoa edo gizonen eta emakumeen artekoa.

Kargu hartze ekitaldia, etzi

Behin lehendakari izendatuta, kargu hartze ekitaldia etzi egingo da Nafarroako Parlamentuan bertan, 11:30ean. Bertan izango dela ziurtatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Ostiralean, berriz, kontseilariek hartuko dute kargua. Geroa Baik aurreratu du Fernando Dominguez Izango dela Osasun Kontseilaria, Ana Ollo presidenteorde bigarrena eta Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Jose Mari Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria eta Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilaria.

Zurekin Nafarroaren kasuan oraindik ez da baieztatu. PSNk ere ez du oraindik aurreratu nortzuk izango diren bere kontseilariak. Gaur Noticias de Navarra-k kaleratu du Felix Taberna izango dela presidenteorde lehena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.