Nafarroako 2021eko aurrekontuak

Bigarrenez, aurrera atera ditu

PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 2021eko aurrekontuen alde egin dute, eta EH Bilduk bide eman die, abstentzio bidez. Navarra Sumak kontra bozkatu du, eta kritika gogorra egin du

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkura, atzo. Legebiltzarkideak, hitz egiten ari den Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileari entzuten. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Partida erabakita zegoen aldez aurretik. Azaroaren 14an, EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin akordioa lortu ondotik, atzo koalizio abertzaleak modua eman zuen 2021eko aurrekontuak onartzeko. PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak alde bozkatu zuten, baina, haien 23 botoak nahikoak ez zirenez, ezinbesteko izan zuten EH Bilduren abstentzioa. Beste behin, Navarra Suma bakarrik geratu zen. Urrian, EH Bildu baztertzearen truke aurrekontuak onartzeko prest azaldu zen eskuineko koalizioa, eta atzo, berriz, «Nafarroa pobreziara eramatea» leporatu zion gobernuari. Javier Esparzaren asaldurak ez zuen gainerako alderdiengan eraginik izan, legealdi honetan bigarrenez aurrekontuak aurrera ateratzea lortu baitute.

Emaitza horretara iritsi arteko bidea luzea izan da, eta bi mugarri izan ditu. Batetik, Nafarroako Gobernuak azaroaren 11n lege proiektua aurkeztu zuen Parlamentuan, eta dokumentu hartan EH Bilduk negoziazioan proposaturiko bederatzi milioi euro adinako diru sailak sartu zituen. Keinu hura funtsezko izan zen bi aldeek akordioa lortzeko.

Bestetik, aste batzuk geroago,PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak konpromisoa hartu zuten euretako bakoitzak proposatutako diru sailak elkarren artean babesteko, hamar milioi eurora arte. Diru hori aurrekontuan ustekabeko gertakariei aurre egiteko ezartzen den kontingentzia planaren bidez finantzatuko da. Iragan astean izan zen zuzenketen eztabaida hori, eta azkenean 277 zuzenketa onartu dituzte, 13,6 milioi euro adinakoak.

Hartara, datorren urterako gobernuak 4.870,5 milioi euroko aurrekontua izango du, inoizko handiena. Finantza gastua kenduta, gastu eta inbertsio publikoan erabiltzeko orotara 4.481,4 milioi euro izango ditu, aurten baino %5 gehiago. Aurten Madrilgo gobernuarekin hala hitzartu ostean, defizit bidez 461 milioi euro finantzatuko ditu 2021ean, eta zor publikoa urte amaieran BPGaren %19,9ra iristea espero du.

Eztabaidaren bilakaera

«Salbuespenezko garaietarako salbuespenezko aurrekontuak dira». Bozketa aurreko eztabaidan, PSNko Ramon Alzorrizek nabarmendu zuen herritarren «arazo errealei» aurre egiteko irtenbideak planteatzen dituela eta ehun eurotik 55 gastu sozialera bideratuko dela. «Legealdia gutxiengoan hasi genuen. Batzuek uste zuten ibilbide motza eta ahula izango genuela, baina gobernu honek gutxiengo hori egonkor eta aberasgarri bihurtu du».

Ahal Dugu-ko Mikel Builek azaldu zuen aurrekontuaren igoeraren %80 zerbitzu sozialak indartzeko izango dela. «Ahal Dugu-ren helburua da desberdintasunaren arrakala ez dadila handitu eta krisi honetatik ez gaitezela atera aurreko krisitik bezala».

EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, iragan asteko zuzenketekin edukia hobetu egin da, eta luze gabe pandemiak eskatzen dituen beharrei erantzuteko aukera emango du aurrekontuak: «Ez du murrizketarik ezarriko. Zerbitzu publikoak indartzeko bidea planteatzen da, eta aurreko urteetako joerari heltzen zaio». Halaber, «balio handia» eman dio akordio politikoari, «erakutsi baitu badagoela eskuinaz haragoko gehiengo bat». Dena den, epe ertainera kezkatuta azaldu da: EH Bilduren ikuspegitik, inbertsio sozialari eusteko eta etorkizunean indartu ahal izateko zerga arloan erreforma sakona behar da, eta horri aurre egiteko orduan «epel» ikusten du gobernua.

Eztabaidaren protagonistetako bat Navarra Sumako Javier Esparza izan da, oso kritika gogorrak zuzendu dizkiolako gobernuari eta gainerako taldeei. Hasteko, Maria Txibite gobernuko lehendakariari leporatu dio Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilaria kargutik kendu ez izana. Ondoren, «kalea ez entzutea» eta «kritikarik egingo ez dioten pertsonez inguratzea» aurpegiratu dio, baita «abertzaleen esanetara» egotea ere. Pandemiaren aurka azaldu diren kolektiboen kritikak bere eginez, aurrekontuek «herritarren interesei baino gehiago alderdien beharrei» erantzuten dietela salatu du. «Bost alderdien arteko akordioak Marx anaien kamarotea dirudi». Beste gauzen artean, aipatu du Euskarabidearen aurrekontua %10 handituko dela, «krisitik hark aterako bagintu bezala».Esparzaren arabera, egungo gobernuak nafarren artean «miseria» eragingo du, eta, alderantziz, Navarra Suma gobernuan balego, «berriro ere» erabateko enplegua lortuko luke.

Geroa Baiko Mikel Asiainek erantzun dio «aspaldiko demagogia ariketarik handiena» izan dela berea. Asiainek gogora ekarri du orain bi hilabete Esparzak berak eskua luzatu ziola gobernuari, aurrekontua onartzeko prest zela esanez, baldin eta Txibitek EH Bildu baztertzen bazuen. «Azaroaren 14an lehertu zen burbuila. Ordura arte aurrekontu onak zirenak ordutik hain txarrak al dira?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.