COVID-19aren hedapenaren ondorioz hartu du erabaki hori Olentzeroren Elkarteak. Nafarroan, positiboen kasuek gora egin dute azken asteotan, eta joera hori iraultzeko asmoz hartu dute erabaki hori, har zitekeen erabakirik «zuhurrena» dela argudiatuta. Gaur goizean eginiko prentsaurrekoan eman dute xehetasunen berri. Xabier Martinez de Alava Iruñeko Olentzeroren Elkarteko lehendakari eta Mirentxu Garcia eta Patxi Perez Nafarroako Kazetarien Elkarteko lehendakariak izan dira bertan, eta, beste hainbat arrazoiren artean, ikusleak kontrolatzeko ezintasuna nabarmendu dute.
Hala adierazi du Martinez de Alava Olentzeroren Elkarteko lehendakariak: «Guk geure ingurukoak kontrola ditzakegu, guztiok musukoarekin, distantzia mantenduz. Gurdian, hamalau ume izan ordez, sei izango lirateke, eta, ahal izanez gero, familiakoak eta ikaskideak. Baina hasiera batean eztabaida arrazoitu bat zena benetako arazo bihurtu da gerora». Izan ere, kasuak gorantz joan dira, eta egoera nabarmen okertu da dena antolatzen hasi zirenetik. Antolatzaileen artean ere kasu positiboak izan direla kontatu du, eta positibo ez diren asko ere beldurtuta daudela zer gertatuko ote den.
Halaber, nabarmendu du ikusleak ezin dituztela kontrolatu, eta ibilbideko zati batzuetan distantziak gorde badaitezke ere ez dela gauza bera gertatzen Gazteluko plazan, Chapitelan, Udaletxe plazan eta Estafeta kalean. Horregatik, azpimarratu du ez dutela kasu positibo gehiago eragin nahi: «Ziur gaude Eguberrietan kutsatze agerraldi nabarmen bat izango dela, eta ez dugula horretan lagundu nahi». «Ikaragarri» sentitzen dute Olentzeroren desfile ezaguna bigarren urtez jarraian bertan behera utzi beharra, eta gaineratu du guztiak direla boluntarioak, eta ezin zaiola «inori heroitasunik eskatu».