Migratzaileak

Bigarren urtez, asilo eskaerak %44 jaitsi dira EAEn

Izen eta marka berriak aurkeztu ditu EAEko CEAR zenak: Zehar-Errefuxiatuekin izango da aurrerantzean; Arantza Chacon da zuzendari berria.

Errefuxiatuen aldeko protesta bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko otsailaren 23a
15:41
Entzun

Asilo eskaerak nabarmen jaitsi ziren iaz ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak emandako datuen arabera, 1.724 pertsonak eskatu zuten babesa 2021ean, aurreko urtean baino %44 gutxiagok; 2020an ere %44ko beherakada izan zen, 2019ko 5.535 eskakizunen aldean. COVID-19aren izurriari egotzi dio Arantza Chacon Zeharreko zuzendari berriak: «Nazioarteko mugak eta aire espazioa itxi izanaren ondorioa da jaitsiera hori. 2022ko daturik oraindik ez dugu, baina jada ikusten ari gara joera aldaketa bat, pandemiaren aurkako neurriak lausotzearekin batera».

Ikusi gehiago: Migratzaileen harrera errazteko plana aurkeztu du Jaurlaritzak

Horrek, era berean, eskatzaileen soslaian eragin du. Gizon gehiagok eskatu zuten asiloa iaz; pandemiaren aurretik orekatuta egoten zen emakumeen eta gizonen proportzioa, baina migrazio bide batzuk itxi izanak murriztu egin du andreen mugimendua. Jatorrietan ere agerikoa da: oraindik Venezuelako eta Kolonbiako herritarrak dira eskatzaile nagusiak, baina nabarmen ugaritu dira Marokokoak, Malikoak eta Senegalgoak. «Hau da, gero eta bide arriskutsuagoetatik iristen direnak, itsasoz edo lurrez». Jende gutxiago heltzeak, hala ere, ez du ekarri babes handiagoa ematea: asilo eskaeren %70 atzera bota ditu Espainiako Gobernuak. Chaconek «deigarritzat» jo du kolonbiarren kasua: «Eskaera gehien egiten dituzten herrialdeetan bigarrena izan arren, hango eskatzaileen %94ri ukatu egin diete asiloa».

Datu horiek Bilbon eman ditu Chaconek, eta, bide batez, erakundearen irudi eta marka berriak aurkeztu ditu. Orain arte EAEko CEAR izandakoa Zehar-Errefuxiatuekin izango da aurrerantzean. Markaren itxura eta izenaren fonetika ez dira asko aldatu, baina euskarara hurbildu nahi izan dute, Naiara Gutierrez komunikazio arduradunak azaldu duenez: «Errefuxiatuek egindako bidea adierazten du Zehar-ek, eta, aldi berean, guri egiteko geratzen zaiguna, harrera gizarte gisa».

Adingabeen zaurgarritasuna

Patricia Barcenaren lekukoa hartu berri du Chaconek, baina ondo ezagutzen du erakundea, besteak beste Oñatiko eta Tolosako (Gipuzkoa) harrera zentroetako buru izan baita azken urteotan. «Ezinbestekoa da nazioarteko babeserako eskubidearen alde borrokatzen jarraitzea», adierazi du Chaconek, aurkezpen mintzaldian. Ildo horretan, balorazio positiboa egin du 2021eko amaieran Espainiako Gobernuak atzerritarren araudian egindako aldaketaz: «Adingabe izanda iristen diren migratzaileentzat hobekuntza esanguratsuak ekarri ditu, haien egoera erregularizatzeko eta lan egiteko baldintzak erraztu dituelako». Izan ere, gogora ekarri du seniderik gabe iristen diren etorkin adingabeak egoera «bereziki zaurgarrian» daudela: «Ezin dugu ahaztu adingabeak direla, babesgabe daudela, eta haien ibilbideak ere konplikatzen ari direla».

Zaurgarritasun horren adierazle, Marouane Ziad gazteari eman dio hitza Zeharrek. Duela hiru urte iritsi zen Euskal Herrira, 17 urteko mutiko bat zela; adingabeentzako bi zentrotan egon zen adindun bihurtu arte. «Bagenekien 18 urte betetzean zentroa utzi beharko genuela, eta ez geneukan nora joan. Denok geunden berdin. Logela bat bilatzen saiatu nintzen, baina tartean kalean lo egin nuen astebetez; denbora gutxi izan zen, baina txarto pasatu nuen». Etxea aurkitzea ez zen erraza izan: «Diskriminazio handia dago arabiarra izateagatik, gaztea izateagatik... Jendeak uste du arazoak eragingo ditugula». Egun ikastaro bat egiten ari da: «Urte amaieran praktikak egitea espero dut».

Ildo horretan, Chaconek adierazi du ez dagoela jakiterik zenbat migratzaile gazte bizi den kalean, bai erakunde publikoen tutoretzatik atera ostean aterperik ez dutelako, bai oso gaztetan iritsi direlako. «Baina asko dira, eta zailtasunak bata bestearen atzetik datozkie: logela bat alokatzea ez da erraza, ez dute dirurik... Kalean gera ez daitezen, laguntza behar dute kolektibo horretakoek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.