Pasaiako sarraskia

Bigarren saioan ere ezin izan dituzte identifikatu Pasaiako segadan parte hartu zuten poliziak

Senideen abokatuak esan du beste identifikazio saio batzuk eskatuko dituela polizien garai hartako argazkiekin.

Hainbat lagun elkartu dira Donostiako Auzitegiaren kanpoalde, auzia ikertzeko eta argitzeko eskatuz. MAIALEN ANDRES, FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko maiatzaren 18a
14:06
Entzun

Pasaiako badian 1984. urtean Komando Autonomo Antikapitalisten kontrako segada batean parte hartu zuten poliziak identifikatzeko bigarren saioa egin dute gaur Donostiako Auzitegian. Santiago Gonzalez familien abokatuak amaieran azaldu duenez, ordea, ezin izan dute inor identifikatu.

«Hainbeste urteren ondoren, zaila da inor identifikatzea», esan du, eta gaineratu du aurki beste identifikazio saio bat eskatuko duela, baina polizien garai hartako nortasun agiriaren argazkiekin eta beste argazki ofizial batzuekin: «Horrek zentzu handiagoa dauka».

Martxoaren 28an egin zen saioan bezala, gaur ere Joseba Merinok hartu du parte poliziak identifikatzeko saioan. Bera izan zen Pasaiako sarraskitik bizirik atera zen pertsona bakarra. «Hau ez da bukatu. Zer egin badago oraindik», esan du gero. Identifikatzeko hiru saio zen gaur egitekoa, baina bakarra izan da azkenean, beste bietan parte hartzekoak ziren bi poliziak hilik daudela esan dutelako.

Gonzalezek adierazi du heriotza horien agiria ofizialak eskatuko dituela, inork ez dituelako aurkeztu oraindik. Gainera, ohartarazi du bestelako «gauza arraroak» izan direla saio hauekin: azaldu du bere burua aurkeztu behar zuen polizietako bat non zegoen ez zekitela esan zutela hasieran, eta gero «bat-batean» martxoko saiora aurkeztu zela.

«Erakundeen tratu txarra»

Espainiako Poliziak Komando Autonomoetako lau kide hil zituzten 1984ko martxoaren 22an: Rafael Delas Txapas (Iruñea, 1957), Jose Maria Izura Pelu (Iruñea, 1958), Pedro Mari Isart Pelitxo (Azpeitia, 1961) eta Dioni Aizpuru Kurro (Azpeitia, 1963). Azken horren anaiak, Pello Aizpuruk gaur berriro salatu du hildakoen senideak tratu oso txarra ematen ari zaizkiela erakundeak. Gaineratu du gizarte osoari dagokion kontu bat dela, eta aitortza ofizial bat espero dutela.

Auzia 2018an artxibatu zuten, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak senideen helegitea baztertu ondoren. 2020an, ordea, Merinok dokumental batean ezagutu egin zituen ustez hilketa horietan parte hartu zuten poliziak, eta identifikazio saioak egitea eskatu zeuen. Gipuzkoako Auzitegiak azaroan ireki zuen berrio auzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.