10:30ak aldera, hogei bat feriatzaile kamioi abiatu dira Bokale (Lapurdi) eta Baiona arteko bidetik. Aturri gaineko Zubi Gorritik iragan, eta herriko etxearen inguruan ibili dira luzaz. Ondoren, A63 autobideko Baiona Iparreko sarrera aldera joan dira, eta, gero, tren geltokira. 12:30ak aldera, San Leongo biribilgunetik sartu dira Andre Grimard etorbidera. Jean Dauger kirol zelaiaren aitzineko etorbidea da. Aviron errugbi talde profesionalak 14:30ean zuen Parisko Racing 92ren aurkako partida jokatzekoa bertan. Ordukoz, 30 bat kamioirekin ari ziren feriatzaileak, eta avironzaleak, kamioien tirrintek belarriak tutaturik, irriñoa ezpainetan zelaira hurbiltzen ari ziren. Horrela, joan-etorrika ibili dira feriatzaileak San Leongo eta Hiriburuko bideko biribilguneen artean.
Baionako Herriko Etxeak bestak ez baititu uztail hondarrera berriz ekarri nahi eraman dute bigarren protesta eguna feriatzaileek. Baionako eta Mont-de-Marsango alkateek asteazkenean adostu zituzten ondoko bi urtetarako besten egunak. 2025eko, Baionan, uztailaren 9 eta 13 artean finkatu dituzte. Feriatzaileak ez dira ados, eta entzunarazi dute gaur.
Bizkitartean, solas zuzenik ez da Baionako auzapezaren eta feriatzaileen artean. Thomas Bruch feriatzaileen bozeramaileak berretsi du: «Gurekin mintzatu gabe aritu da berriz ere Baionako auzapeza». Alta, Mont-de-Marsango alkatearekin bildu dira, eta besta egunak berriz aldatzea erabaki dute; «gure mobilizazioaren ondorioz izan da», erran du argiki Bruchek. Jean Rene Etxegaraik aste honetan ulertarazi du orain ez zituela mugituko besta egunak, Landetako hiriarekin adostu ondoren. Bestalari kopurua ttipitzeko, hain zuzen, uztail bukaeratik urrundu nahi izan dituztela adierazi du.
Horiek horrela, Thomas Bruch eta feriatzaileak ez dira kantitzen: «Baionako bestak uztail bukaeran berriz ezartzen ez dituzteino mobilizatuko gara». Bruchek ez du zehaztu noiz izango zen, baina hirugarren mobilizazio egun bat hitzeman du.
Trabarik gabeko protesta
Feriatzaileek entzunak izateko baliatu duten unerik garrantzitsuena Jean Dauger kirol zelaiaren aitzinekoa izan da. Errugbizale andana hurbildua zen, jada, ordukoz zelaigunera. Andre Grimard etorbideko bi lerroak hartu, eta tutaz estali dituzte inguruak feriatzaileek. Frantziako Poliziak bi ibilgailu ezarri ditu une batez bide erdian, kamioien bidea ixteko. Feriatzaile bat kamioien aurretik zihoan auto batean, bidea zabaltzeko. Horrek Poliziarekin zalu hitz egin, eta Poliziak ibilgailuak kendu ditu; hala, kamioiek aitzina segitu dute, inguruka jarraitzeko.
Avironen partidaren ikustera etorriak ziren zale gehienek gauza bertsua diote. Ulertzen dute feriatzaileek «beren xingarra» edo negozioa defendatzen baitute. Haatik, Mont-de-Marsango eta Baionako udalek besten egunak elkarrekin adostu ondoren, ez dute sobera ulertzen zergatik «tematzen» diren.
Feriatzaileen protesta entzun bada, ez du traba handirik sortu Baionako bideetan. Urriaren 8ko mobilizazio egunean bezala, Frantziako Poliziak ireki dio etengabe bidea, eta araberan antolatu ditu gainerako ibilgailuen joan-jinak. Polizia dispositibo berezia ezarria zuen, haatik, Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Merkatu eguna zen Baionan, larunbatero bezala, eta ehunka lagun bazebiltzan eguerdi alderako Baiona Ttipian eta Handian.
Fabrice Rosay suprefeta bera hor zen partida aitzin, poliziaburuekin, Jean Dauger kirol zelaiaren sarreran. Feriatzaileek «manifestazio deklarazio bat» egina zutela baieztatu du, 17:00ak arte —errugbi partidaren bukaera ordua—. «Dena ongi doa» adierazi du suprefetak. «Beren mobilizazioa egiten dute; zirkulazioan trabarik sortzen ez dueino, ez da arazorik».
Arte horretan, goiz hondarrean, Jean Rene Etxegarai Baionako alkateak Balichon auzoko eraikin baten estreinaldian parte hartu du.