Bigarren olatua abiatu zenetik erregistraturiko positibo kopururik handienaren berri eman zuten atzo Nafarroan: 362 koronabirus kasu atzeman dituzte azken egunetan egindako PCR probetan. Hego Euskal Herrian guztira 749 kasu detektatu zituzten. Nafarroaren ondotik, Bizkaiak du kasu positibo gehien: 163. Gipuzkoan 142 atzeman dituzte, eta Araban, berriz, 73.
Jaurlaritzak egindako PCR kopuruak nabarmen egin du behera, ordea: 2.000 gutxiago egin dituzte; 7.316, zehazki. Egindako proben %5,2k eman dute positibo. Nafarroan handiagoa da ehunekoa: egindako PCRen %14,4 izan dira positiboak. Iruñerrian atzeman dituzte Nafarroako kasu gehienak: %52. Tuterakoak dira%10, eta Lizarrerrian, berriz, kasu guztien %4 daude. Gainontzekoak bertze herrietan atzemandakoak dira. Berako Udalak, erraterako, jakinarazi du azken egunetan «goranzko joera etengabea» izaten ari direla kasu positiboak herrian, eta horietatik batzuk ospitalean daudela. «Ez erlaxatzeko» deia egin du udalak.
Azken egunetan 34 lagun ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian. Guztira 501 pertsona daude erietxean, eta horietatik 82, ZIUetan: bezperan baino bi gehiago.
Egonkortzea, seinale «ona»
Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak datuen balorazioa egin zuen atzo. Haren arabera, «egonkor» jarraitzen dute koronabirusaren datuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta «berri ona» da hori: «Ez dago foku garrantzitsurik». Bertzeak bertze maskararen erabilerari esker lortu da egonkortze hori, haren ustez. Ospitaleak jarri zituen egonkortze horren adibide, egunero ospitaleratzen diren pertsona kopurua «murriztu» egin baita.
Koronabirusa
Bigarren olatuko positibo kopururik handiena atzeman dute Nafarroan
Beste 749 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 362 dira Nafarroakoak. 501 lagun daude erietxean Hegoaldean: horietatik 82, ZIUetan. Jaurlaritzak egonkortzat du egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu