Egoera gero eta makurragoa erakusten ari dira COVID-19ari buruzko datuak: hildakoen kopuruak igoera esanguratsua izan du azken astean. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzten datuen arabera, joan den igandera arte 72 lagun hil ziren astebetean, aurreko astean baino hemeretzi gehiago. Izatez, hildako kopuru hori da bigarren olatua hasi zenetik izandako handiena: maiatz hasieraz geroztik ez da izan horrelakorik. Asteotako goraldia ospitaleetan ere ari dira nozitzen, eta 500 lagun baino gehiago daude ospitaleratuta Hegoaldean; horietako 80, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Nafarroako joera da kezkagarriena.
PCR probei buruzko atzoko datuek erakusten dute azken asteetan Nafarroaren bilakaera: lehen aldiz, 400 lagunek baino gehiagok eman dute positibo testean. Hegoaldean atzemandako kasuen ia erdiak dagozkio, beraz, Nafarroari, nahiz eta biztanle aldetik askoz ehuneko txikiagoa izan. Konparazioan ikusteko, hara: hamalau egunean 10.000 biztanleko 31 positibo izan dituzte Araban eta Gipuzkoan, eta Bizkaian, 28; Nafarroan, gehiago, 65.
Gobernuak aitortu du «kezkagarriak» direla azken asteetako zenbakiak, baina Santos Indurain Osasun kontseilariak nabarmendu du osasun sistemak oraingoz badaukala gaitasuna egoerari aurre egiteko: «Kopuru horiek ez dute oztopatzen Nafarroako osasun sistemaren erantzuteko gaitasuna». Nabarmendu du inoiz baino PCR proba gehiago egiten ari direla —herenegun, adibidez, 3.400 baino gehiago—, eta horrek eragina duela atzemate datuetan. Kontuan izatekoa da, hala ere, positiboen tasa nabarmena dela Nafarroan: testen %12k eman zuten positibo herenegun. Beste herrialdeetan ez dira erdira iristen.
Nafarroan, Iruñerrian atzeman dituzte positibo gehienak azken orduetan, %55; atzerago daude Tutera ingurua (%19) eta Lizarrerria (%6). Azken astean Azkoiengo osasun eremuan izan dute igoera nabarmena: 191 kasu. Herrian joan-etorriak mugatu dituzte. Cintruenigon eta Iruñeko Milagrosa auzoan ere igoera izan dute.
Gainerako herrialdeei dagokienez, Gipuzkoako igoera da nabarmentzekoa atzo emandako datuetan: 186 kasu, aurreko egunean baino 82 gehiago. Donostian eta Irunen ez ezik, kasu kopuru esanguratsua dute Tolosan, Zarautzen, Arrasaten eta Bergaran ere. Zestoan, beste bost kasu izan dira.
Jaurlaritzak astean behin ematen ditu heriotzen datuak, eta atzo emandako zenbakiek erakutsi dute aurreko astean nolako igoera izan zen. Aste honetan ere hildakoen emaria ez da geratu, ordea: Nafarroako Gobernuak jakinarazi du herenegun 67 urteko gizonezko bat hil zela. Zahar etxeetan hildakoen datuetan ere ez dago etenik: hiru heriotzaren berri eman zuen atzo Bizkaiko Diputazioak, eta heriotza bana izan zuten Arabako eta Gipuzkoako egoitzek. Bigarren olatuan 90 egoiliar inguru hil dira zentroetan.
Koronabirusa
Bigarren olatuko hildako kopururik handiena zenbatu dute azken astean
Hegoaldean 72 lagun zendu dira astebetean, aurreko astean baino hemeretzi gehiago. Nafarroan 400 positibo baino gehiago atzeman dituzte lehen aldiz. Zahar etxeetan beste bost egoiliar hil dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu