Koronabirusa

Bigarren olatuko hildako kopururik handiena atzeman dute: 53 pertsona

Hegoaldean beste 760 positibo atzeman dituzte. Nafarroako Gobernua «kezkatuta» dago goranzko joerarekin, baina uste du ospitaleen egoera «oso jasangarria» dela. Errenterian egoiliar bat hil da

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun

Bigarren olatuko hildako kopururik handiena atzeman dute. Eusko Jaurlaritzak atzo zabaldu zituen iragan asteko datuak, eta jakinarazi zuen beste 46 pertsona hil direla COVID-19arekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuak, berriz, egunero eskaintzen du datu hori, eta joan den astean zazpi pertsona hil ziren. Hala, Hego Euskal Herrian 53 pertsona hil dira irailaren 7tik 13ra bitartean, orain dela bi aste baino bi gehiago. Hala ere, datuak ez dira izurritearen hasieran jasotako berberak, eta urrun samar daude kopuru horietatik. Hildako gehienak apirilean izan ziren; aste bakar batean 394 pertsonak galdu zuten bizia. Ordutik, datuek behera egin zuten, uztailaren amaierara arte. Orain, hildakoen kopuruak berriro ere gorantz egiten hasiak dira.

Positibo kopuruek ere gorakada nabarmena izan dute Hegoaldean. Eskainitako datuen arabera, atzo beste 760 positibo erregistratu zituzten, herenegun baino 162 gehiago. Lurraldez lurralde, Nafarroan atzeman zituzten positibo gehienak. Datua pixka bat apaldu arren, berriro ere hirurehunen langa gainditu du: 301 kasu detektatu zituzten atzo. Bizkaian 237 positibo egon ziren, Gipuzkoan 166 eta Araban 46. Hain zuzen, azken hiru lurralde horietan, kopuruak gora egin du herenegungo datuekin alderatuta. Guztira, 12.615 PCR proba egin zituzten; egindako proba guztien %6,02k eman dute positibo.

PCR positiboen kopuru handiena Nafarroan atzeman da azken egunetan, eta egoerak kezka sortu du. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak atzoko gobernu bileraren ostean azpimarratu zuenez, «kezkatuta eta okupatuta» daude positiboen gorakadaren joerarekin, baina gehitu zuen izurritearen lehen hilabeteetako eta egungo egoera ez dela berbera: «Kasuen gorakada badago, baina ospitaleratzeen eta heriotzen indizeek ez dute antzekotasunik». Areago, azaldu zuen Nafarroako ospitaleetako egoera «oso jasangarria» dela, eta birusarekin bizitzen jakin beharra dagoela: «Birusarekin bizitzen ikasi beharko dugu egiturazko irtenbide bat agertu bitartean, eta hori txerto baten eskutik iritsiko da». Hain zuzen, Nafarroan beste 23 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 42. Orotara, 460 pertsona daude ospitaleetan Hegoaldean, eta horietatik 67 zainketa intentsiboetako unitatean.

Ignacio Garitano epidemiologoak ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleen egoera izan zuen gogoan atzo Jaurlaritzan egindako agerraldian. Osakidetzak pandemiaren jarraipena eta kontrola egiteko duen plana koordinatzearen arduraduna da. Adierazi zuen egoera «ona» dela ospitaleetan, eta osasun sistemaren eta aztarnarien funtzionamendua goraipatu zuen. Haren ustez, sistemak ez du «inolako zailtasunik» egoera kontrolatzeko. Are, lehen arretako zerbitzua ere txalotu du, PCR proba ugari eta jarraipen eraginkorra egiteko gaitasuna duela iritzita. Garitanok uste du egungo egoera ezin daitekeela alderatu lehenengo olatukoarekin, eta ohartarazi zuen joera aldatzen ari dela; «egonkortzen». Herritarren ardura izan zuen hizpide.

Errenterian, hildako bat

Egunez egun, geroz eta positibo kasu gehiago ageri dira zahar etxeetan ere, eta, ondorioz, heriotzek ere gorakada izan dute leku horietan. Gipuzkoako Foru Aldundiak datuak eskaini zituen, eta adierazi zuen atzo beste hildako bat egon zela. Errenteriako Bihotz Sakratuaren zaharren egoitzako egoiliarra zen hildakoa, eta, horrez gain, egoitza berean beste positibo bat egon da. Gainera, beste bi zahar etxetan ere hiru positibo kasu atzeman dituzte: Donostiako Alai-Etxe egoitzan, bi, eta Bergarako Mizpirualden, bakarra, hain zuzen.

Beste lurraldeetan ere detektatu dituzte kasuak. Arabako Foru Aldundiak, esate baterako, datuak eskaini zituen, eta azaldu zuen atzo ez zela hildakorik egon zahar etxeetan, baina bi positibo atzeman zituzten Miñaoko Colisee egoitzan. Hala ere, bada berri hobeagorik. Aldundiak eskainitako informazioaren arabera, Arabako zahar egoitzetako hamar egoiliarrek COVID-19a gainditu dute, eta bigarren olatuan dagoeneko 38 adineko sendatu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.