Bigarren Mundu Gerran deportatutako euskal herritarren inguruko zenbait egitasmo antolatuko ditu Gogora-k

Alvarezek adierazi du gaia ezezaguna dela, eta horregatik heldu diotela '1945-2025, deportazioen Memoria' proiektuari. Gutxienez 253 euskal herritar deportatu zituzten kontzentrazio esparruetara.

Anjel Lekuona deportatuaren omenez jarritako totema, Busturian. PEDRO GARAY
Anjel Lekuona deportatuaren omenez jarritako totema, Busturian. PEDRO GARAY
Iosu Alberdi.
2025eko martxoaren 21a
14:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Bere kudeaketa planean, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak datozen hilabeteetan lantzeko «ardatz tematiko» gisa aurkeztu zuen euskal herritarrek nazien kontzentrazio esparruetan pairatutakoaren berri ematea. Gaur, Hradištko (Txekiar Errepublika), nazien kontzentrazio-esparrua: Anjel Lekuona busturiarraren eta beste askoren deportazioa eta heriotza (1945) erakusketaren irekiera baliatu du Alvarezek Gogora-ren asmoak azaltzeko: deportazioaren biktimak omentzeko ekitaldi bat egingo dute maiatzean, aferaren inguruko ikastaro bat uztailean, eta erakusketa bat irekiko udazkenean. Aferaren inguruko lanak biltzeko webgune bat ere jarri dute martxan.

Alvarezen esanetan, Bigarren Mundu Gerraren harira egin ziren deportazioen biktimen memoria «ezezaguna» da euskal gizartearen zati handi batentzat: «Deportazioa Europan aski ezaguna den arren, ez da gure memoria kolektiboaren parte izan». Horri aurre egiteko asmoz heldu diote 1945-2025, deportazioen memoria proiektuari, Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundearekin batera. Alvarezek azaldu duenez, «deportazioaren eta hark eragin zituen biktimen ezagutzan sakontzea eta jakintza horren dibulgazioa egitea» da proiektuaren helburua.

Gogora-ren datuen arabera, 1940tik 1945era bitarte, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Bigarren Errepublikaren alde aritu ziren gutxienez 253 euskal herritar deportatu zituzten: horietatik 113 hil egin ziren ─bi heren Mauthausengo kontzentrazio esparruan─, 125 bizirik atera, eta hamabost lagunen inguruko daturik ez dago. Etxahun Galparsoro historialariak Gogora-rentzat egindako ikerketako datuak dira horiek: Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945). Lanean, gainera, zehazten da bizirik atera zirenetako asko ere hurrengo aste eta hilabeteetan hil zirela, atxiloaldiak eragindako osasun kalteen ondorioz.

Kontzentrazio esparruetan hildako euskal herritarretako bat izan zen Anjel Lekuona busturiarra: 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zuten, Frantziatik deportatu ostean. Han zegoen 36ko gerraren ostean erbesteratu zenetik. Hain zuzen, haren omenez antolatu du Busturiko Udalak (Bizkaia) deportazioaren inguruko erakusketa, Gogora-ren eta EHUren babesarekin. Hala, apirilaren 16ra arte ikusgai egongo da EHUko Bizkaia aretoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.