Beste hauteskunde batzuen itzalean

Europako Parlamenturako bozak besteak baino urrunago begitantzen zaizkie euskal herritarrei, eta horren erakusle da boz horietan abstentzioa handiagoa dela. Alderdiek beste boz batzuen interesen mende uzten dituzte Europako Parlamenturakoak.

EAJko buru Andoni Ortuzar, Europako hauteskundeen kanpainaren ekitaldi batean. JON URBE / FOKU
EAJko buru Andoni Ortuzar, Europako hauteskundeen kanpainaren ekitaldi batean. JON URBE / FOKU
xabier martin
2024ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun

Abstentzioaren kopuru handiek erakusten dute euskal herritarrentzat garrantzi apalagoa dutela Europako hauteskundeek. Udal eta foru bozen aldean esan nahi baita, Eusko Legebiltzarrerako eta Nafarroako Parlamenturako bozen aldean, departamendurako eta eskualderako bozenean, edota Espainiako gorteetarako eta Frantziako presidentetzarako eta asanblearakoetan. Europako hauteskundeak urrunago begitantzen zaizkie herritarrei, horietako emaitzen eraginak beste hauteskundeenek baino garrantzi txikiagoa dutelakoan. Eta horregatik daramate betidanik abstentzio handiagoaren zama.

Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino lehenago hasi ziren boz horiekin, Europako Parlamenturako lehen deialditik, 1979an. 1984an berriro bozkatu zuten, eta, estreinakoz, 1989an eman zuten botoa batera Euskal Herri osoko herritarrek. Hego Euskal Herrian, berriz, 1987an bozkatu zen lehen aldiz, eurodiputatuak hautatzeko, Espainiako Estatua 1986an Europako Batasunean sartu ondoren.

Parlamenturako bozetako abstentzioa ia beti izan du orban Europako Batasunaren proiektuak; Euskal Herrian historikoki interes apalagoa egon izana ez da hemengo arazoa soilik. EBko estatu kideetako zortzietan, boto emaileen parte hartzeak ez du gainditzen erroldaren erdia; edo beste era batera esanda: abstentzioa %50tik gorakoa da.

Kontuan hartu behar da, gainera, zenbait herrialdetan derrigorrezkoa dela bozkatzea, nahiz eta, horietako batzuetan, lege hori urratzeak ez duen izaten ondorio handirik; beste batzuetan, bai. Edonola ere, 2019an, EBko erroldaturiko guztien (370 milioi) erdiek (%49,3) abstentziora jo zuten; 1979ko lehen deialdiaren eta 2019ko azkenaren artean, 30 puntu handiagoa da bozkalekura ez joateko hautua.

Beste bozen gurdian

Hego Euskal Herrian, Ipar Euskal Herrian ez bezala, hainbat alditan baliatu dute gobernuek Europako hauteskundeekin batera beste hauteskunde batzuek egitea, parte hartzea hauspotzeko. Hau da, Europako bozetara eta udal eta foru hauteskundeetara batera deitzea, edo Nafarroako Parlamenturakoekin batera, edota Espainiako eta Frantziako gorteetarakoekin batera. Horrek argi azaltzen du Europako hauteskunde deialdien artean ezberdintasun handiak daudela abstentzioari dagokionez. Izan ere, hamabost puntu ingururen aldea dago herritarrek aldi berean beste hauteskunde batzuetarako bozkatu duten aldien eta soilik Europako Parlamenturako bozkatu duten aldien artean.

Europakoetara ez beste hauteskundeetara deitzeko gaitasuna duten agintarien interes politikoaren arabera elkartzen dituzte deialdiak, eta interes horrek azaltzen du gero abstentzio maila handia edo txikia.

Dena den, hauteskunde desberdinak egun berean egitearen abantailak ez dira soilik mugatzen parte hartzea bultzatzera. Arrazoi praktikoak ere izaten dira deialdiak bateratzeko; ekonomikoak eta logistikoak, batetik, eta, boz ziklo luzeak egokitzen direnean, herritarrak ez gehiegi nekatzea, bestetik. Baina esan beharrik ez dago: Europakoetara ez beste hauteskundeetara deitzeko gaitasuna duten agintarien interes politikoaren arabera elkartzen dituzte deialdiak, eta interes hori giltzarri gertatzen da gero abstentzio maila handia edo txikia izan dadin.

Kasurako, Europako Parlamenturako azken hauteskundeak udal eta foru hauteskundeekin batera egin zituzten Hego Euskal Herrian 2019an, eta Nafarroako Parlamenturako bozekin batera ere bai, lurralde horretan. Horrek azaltzen du azken deialdian abstentzioa apala izatea (%33,2) Hegoaldean. Apala, beste deialdi batzuekin alderatuz gero: esaterako, 2009koarekin. Urte horretan, soilik eurodiputatuak aukeratzeko deitu zituzten herritarrak bozkatzera, eta, Ezker Abertzaleak ez zuen zerrendarik aurkeztu ahal izan, ilegalizazioa tarteko. Emaitza zera izan zen, %58,5era igo zela abstentzioa Hego Euskal Herrian.

Aurtengo deialdiak, banatuta

Ekainaren 9ko Europarako hauteskundeek, berriz, ez dute izango beste deialdiren baten laguntzarik, eta interes politikoaren arabera suertatu da horrela. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan berri dira (apirilaren 21ean), Iñigo Urkullu lehendakariak Europarako bozen deialditik banatuta egitea erabaki zuelako, EAJren interesei jarraikiz. EBBko agintariek argi azaldu dute PPk eta PSOEk polarizatuko dituztela eurodiputatuak aukeratzeko hauteskundeak, eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearen inguruko plebiszitu bat gerta daitekeela, Amnistia Legea onartu ondoren.

Horiek horrela, Espainiako gakoen ardatzetik ateratzea izan zuen helburu Eusko Legebiltzarrerakoak aurreratzeko erabakiak, eta mugimendu hori bultzatu duen arrazoiak modu argian erakusten du politikariek ere, oro har, garrantzi txikiagoa ematen dietela Europarako bozei. Izan ere, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen bigarren itzuli gisa prestatzen ari da PP hurrengo hauteskunde saioa, eta testuinguru polarizatu horri aurrea hartzeko deitu zituen apirilerako bozak Urkulluk, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Frantziako Estatuan, alderdiek 2027ko presidentetzarako hauteskundeak buruan dituztela prestatu dituzte Europarakoak; ezkerrean bereziki, batzuek indar harremana orekatu nahiko bailukete hautagaitza bateratu posible batean buru zein indar izango litzatekeen eztabaidan. EH Bai ez aurkezteak eragina izanen du abertzaleen botoan; hain zuzen, boto horiek lortzeko arrantzan aritu dira hainbat indar azken asteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.