Bigarren itzulian lortu du makila

EH Bilduko Alfredo Arruizek berreskuratu du Uharteko alkatetza, PSNko Amparo Lopezek dimisioa eman ostean. Seina boto lortu dituzte Arruizek eta Iñaki Crespok (GIH)

Ion Orzaiz.
Uharte
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Gutxi iraun du aginte makilak PSNren eskuetan; zehazki, bi hilabete eta hamabi egunez izan da Amparo Lopez Uharteko alkate (Nafarroa), kargua EH Bilduko Alfredo Arruizek berreskuratu aurretik. Gobernabide zaileko udalbatza atera zen maiatzeko udal hauteskundeetatik: bi bloke nagusi seina zinegotzirekin, eta erdian, PSN, epaile lanetan, ordezkari bakarra lortuta. EH Bildu izan zen lehen indarra, alde handiarekin —1.372 boto paper eta bost zinegotzi lortu zituen—, baina GIH Uharteko Independenteen Taldeak eta Navarra Sumak nahiago izan zuten alkatetza PSNri eman, abertzaleak agintetik kentzeko. Egoera anakronikoa eragin zuen horrek, goizetik gauera, hauteskundeetan boto gutxien jasotako hautagaia bihurtu baitzen alkate. Gainera, GIH eta Navarra Sumaren esku gelditu zen, de facto, erabakiak hartzeko ahalmena. Esperimentuak, baina, ibilbide laburra izan du: Lopezek abuztuaren 12an eman zuen dimisioa —Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari izendatu zuten—, eta egoera erabat leheneratu zen atzoko udalbatzan.

PSNren zerrendako bigarrenak, Manuel Lopezek, uko egin zion zinegotzi akta jasotzeari eta, boto hori gabe, eskuin espainolistak ezin izan zion eutsi ekainaren 15ean eginiko jokaldiari. GIHko Iñaki Crespo eta EH Bilduko Alfredo Arruiz aurkeztu ziren alkategai, eta seina boto jaso zituzten biek ala biek —GIH eta Navarra Sumarenak Crespok, EH Bildu eta Geroa Bairenak Arruizek—. Azkenik, berdinketa hautsi ezinik, gehien bozkaturiko zerrendari egokitu zaio aginte makila: EH Bilduri.

Uharteko kasuak ikusmin handia piztu du, Nafarroako politika orokorrean izan lezakeen eraginagatik, eta horren isla izan zen atzoko udalbatza. Lepo bete zen udaletxeko areto nagusia, eta ikusle askok pasabidean gelditu behar izan zuten. Bertaratutakoen artean zeuden EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz, Geroa Baiko Maria Solana edota Navarra Sumako bozeramaile Jose Suarez.

EH Bilduk eta Geroa Baik uste dute egoera «surrealista» bat «normaldu» egin dela, eta, agintea galdu izanagatik ere, PSNk berak ere ez du espantu handirik egin. Astelehenean, PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek aitortu zuen Uharteko auzia «ezohikoa» izan dela «hasieratik beretik», eta egoera «baretzeko» beharra nabarmendu zuen.

Eskuina, haserre

Atzoko bilkuran, GIH eta Navarra Sumako ordezkariek agertu zuten jarrerarik suharrena: GIHko Iñaki Crespok, adibidez, gogor kritikatu zuen PSNren jokabidea: «Ez dute Uharteko udalbatzan aurpegia eman nahi izan». Are: «koldarkeriaz» jokatu izana leporatu die sozialistei. Datozen lau urteetan «oposizioan, baina Uharteko herriaren alde» lan eginen dutela esan zuen Crespok.

Navarra Sumako Patricia de Pedro harago joan zen, eta ez zion zilegitasunik aitortu Alfredo Arruizen aginteari: «Uharteko alkate izanen zara, ez herritarrek hala nahi izan dutelako, PSNrekin eginiko amarru baten ondorioz baizik». Bilkura aretoan ziren bizilagun askok txistuka eta oihuka hartu zituzten De Pedroren hitzak. Zinegotziak gaineratu zuen Maria Txibitek «abertzaleei pagatu dien lehen zerga» izan dela «Uharteko alkatetza EH Bilduren esku utzi izana».

Alkateak ez zuen eztabaidan sartu nahi izan, eta Geroa Baiko Josean Beloki zinegotziak erantzun zion Navarra Sumako eledunari. Arruizen alkatetzaren «zilegitasuna» nabarmendu zuen, «aurretik PSNren alkatetzaren zilegitasuna onartu genuen bezala». Bestalde, Navarra Suma osatzen duten alderdiek azken legealdian izandako jarrera txarretsi zuen Belokik: «PSNren aulkia hutsik dagoela kritikatu duzue, baina azken lau urteetan hutsik egon dena PPko zinegotziaren aulkia izan da, ez baita osoko bilkura eta batzorde gehienetara azaldu».

Euskal Herritik kanpo, Uhartekoak kalapita handia eragin du Espainian ere, eta PSOEren aurka aritzeko erabili dute PPk eta Ciudadanosek. Maria Txibiteren eta EH Bilduren artean «itzalpeko itun bat» dagoela salatu dute alderdi horietako ordezkari zenbaitek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.