Momentu honetan bigarren graduan egon beharko lukete euskal preso guztiek». Onintza Ostolazaren hitzak dira, EPPK-ko euskal preso zenbaiten abokatuarenak. «Denek betetzen dituzte baldintzak». Baina errealitateak ez dio gauza bera: Etxerat-ek emandako datuen arabera, Espainiako Estatuan dauden EPPK-ko 189 presoetatik 133 daude oraindik lehen graduan. 50 preso baino ez dira bigarrenean daudenak, eta horietatik hamabiri soilik ematen dizkiete irteera baimenak. Hirugarren graduan daudenak sei dira.
Lehen graduan egoteak bi zailtasun dakarzkie presoei: batetik, bizi baldintza okerragoak dituzte, eta, bertzetik, gradu progresioan aurrera egiteko oztopoak. Izan ere, EPPK-ko presoek hautu hori egina dute azken urteotan. «Esaten dugunean presoek lege bidea martxan jartzen dutela, hori da: legeak jartzen dituen baldintzak betez, kondena osoak lehen graduan bete beharrean, azken urteak hirugarren graduan eta baldintzapeko askatasunean egitea», azaldu du Ostolazak.
Abokatuak ohartarazi du, hain zuzen, «salbuespenezkoa» dela lehen gradua: «Ematen du preso bakoitza hasten dela lehenengo gradutik progresatzen, baina ez da horrela. Espainiako Estatuko presoen %96 bigarren graduan sartzen dira». Erregimen arrunta baita bigarrena; baina ez da hala euskal presoen kasuan: «Erakunde armatu bat zegoelako aplikatu izan zaie lehen gradua, eta gaur egun berdin jarraitzen dute». ETAk bere burua desegin zuen arren. «Lehen graduan edukitzeko arrazoiak izaten dira, normalki, presoa ez dela egokitzen kartzelara edo preso horren jarduerak arrisku handia dakarrela espetxerako», dio Ostolazak. Adibidez, presoak espetxeko arauak ez betetzea edo «behin eta berriz» zigortua izatea litzateke horren adierazle. «Garai batean justifikatua egon zitekeen preso politikoek egiten zituzten protestengatik, edo erakunde armatuaren existentziagatik. Gaur egun ja ez».
«Iraganeko» argudioak
Abokatuak azaldu duenez, gradua aldatzeko prozeduraren edozein mailatan atzematen dituzte oztopoak: «Tratamendu Batzordeak izan daitezke, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusia edo epaitegiak». Izan ere, espetxe batzuek presoak graduz aldatzearen aldeko txostenak egiten dituzte, eta hori «garrantzitsua» da, Ostolazaren ustez: «Baina espetxe batzuetako Tratamendu Batzordeek oso kontrako jarrera dute, eta ez dute inoiz euren kabuz preso baten eboluzioa onartuko». «Euren kabuz» dio, Madrilek behartu ditzakeelako. Espetxe Erakundeek ere askotariko iritziak ematen dituzte, ordea: «Udara arte ikusi dugu Madrilen jarrera kontrakoa zela. Batzuetan batzorde batek proposatu du preso baten progresioa eta Madrilek atzera bota du». Azaldu du azken hilabeteotan sumatu dutela aldaketa: «Ari dira preso batzuei, hurbiltzearekin batera, gradu aldaketak ematen».
Azkenean epaitegietan bukatzen dute maiz eskaerek: Espetxe Zaintzako Epaitegian, edo, azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen aretoan. Baina ez da erraza izaten auzitegietan gradu aldaketa lortzea: «Fiskal gehienen jarrera oztopatzailea da». Epaile batzuen jarrera ere halakoa dela deitoratu du abokatuak: «Konponente ideologiko izugarria dute». Batean zein bertzean, «iraganarekin» loturiko argudioak erabiltzen dituzte, Ostolazak salatu duenez. «Delituarekin lotuta dauden argusioak erabiltzen dituzte. Adibidez: delituaren larritasuna, erakunde terrorista baten jardunarekin lotura, kondenaren luzera, edo ez diola haren iraganari edo ideologiari uko egin». Aldiz, ohartarazi du ez dituztela «hainbeste» kontuan hartzen presoaren espetxeko jarrera eta egindako adierazpenak; erraterako, indarkeriari uko egin izana. Abokatuak uste du kontraerranezkoa dela presoen delituak hartzea oinarri gisa: «Baloratu behar lukete presoaren bilakaera. Zeren, zure delituagatik betirako lehenengo graduan egon behar baldin bazara, progresio sistema bertan behera doa». Nabarmendu du, gainera, ETAk bere burua desegina duenez gero, erakundearekiko erreferentziak ez duela ja zentzurik.
Kontraerranak ere badira praktikan. Erraterako, lehen graduan dauden presoetatik 50ek 100.2a ezarria dute: bigarreneko baldintzak dituzte nahiz eta lehen graduan egon; baina ezin dute baimenik eskatu. Lehen graduan dauden bertze anitz, berriz, bigarren graduko moduluan dauzkate; baina lehenean segitzen dute.
Baimenek ere trabak
Bigarren graduan dauden eta zigorraren laurden bat betea duten presoek irteera baimenak eska ditzakete. Ostolazak azaldu du Logroño, El Dueso eta Villabonako espetxeetan eman dituztela oraingoz, eta berriki Foncalenten ere bai; bertzeetan, aitzineko argudio berak erabiltzen dituzte uko egiteko. Nabarmendu du garrantzia dutela espetxeetako zuzendaritzek, baina baita goragoko instantziek ere —gradu aldaketetan ere bai—. «Erabakia politikoa da: Espetxe Erakundeak Barne Ministerioaren menpe daude. Eramarazten gaituzte eremu judizialera, baina, borondatea balute, oso erraza litzateke».
Bigarren graduan behar lukete, gutxienez
Espainiako Estatuan dauden euskal preso gehienak lehenengo graduan sailkatuak daude oraindik: hots, preso «arriskutsu» gisa. Espetxe Erakundeak, Tratamendu Batzordeak eta auzitegiak dituzte aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu