06:00etan Iruñerriko billabesen egoitzako aparkalekutik lehen autobusak ateratzen direnetik 08:30ak bitarte bigarren lanuzte eguna egin dute gaur goizean ere. Atzerapen orokortuak egon dira zerbitzuko linea guztietan, Iruñerriko Mankomunitateak ohar bidez jakinarazi duenez.
Garraio zerbitzua ematen duen Moventis TCC enpresako langileen batzordea lan baldintzak duintzea aldarrikatzen ari da lan hitzarmenaren negoziazioan. Bigarren lanuzteari %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkiote, baina, goizeko lehen orduetan joan-etorri handia egoten denez, atzerapen handiak sortu dira.
Iruñerriko Mankomunitateak espero du 09:00etatik aurrera, 10:00ak bitarte, ohiko normaltasuna berreskuratzea.
OHARRA #GrebaEHGan - 07:15 h – Atzerapen orokortuak #EHG Eskualdeko Hiri Garraioko linea guztietan.
— MCP_info (@MCP_info) February 20, 2025
Aurreikusten da zerbitzuak 09:00ak eta 10:00ak artean berreskuratuko duela normaltasuna.
Asteartean gertatu bezala, lehen orduan Espainiako Polizia bertaratu da Ezkaban billabesek duten aparkalekura, gutxieneko zerbitzuak bermatzeko autobusak irteten zirela ziurtatzeko asmoz. Langileek elkarretaratze bat egin dute, Lan itun duin baten alde, TCC borrokan lelopean.
Langileen batzordea asteartean pozik azaldu zen, «gidarien ia %100ek» egin zutelako greba. Halaber, Moventis TCC enpresari eta zerbitzu hori adjudikatzen dion erakunde publikoari, Iruñerriko Mankomunitateari, eskatu diete konpromisoa har dezatela lan baldintzak duintzeko.
Enpresak, berriz, adierazi du konpromiso hori bete dutela, honezkero hamabi bilera eduki dituztelako eta linea batzuk sendotzea erabaki dutelako.
Hori ikusirik, batzordeak gogorarazi du linea horiek sendotzea ez dutela eskatu baldintzak duintzeko, baizik eta azken urtean bidaiari kopurua handitu izanari erantzuteko. Lotsagarritzat jo du erantzuna, eta adierazi du linea batzuetan gidariek ez dutela atsedenik hartzen, eta lan zama handia dutela. Autobusen egoeraren inguruan ere kezka azaldu dute langileek.
Lanuzteen inguruan ulermena eskatu diete herritarrei.