Koronabirusa

Bigarren egunez beste 80 kasu

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kezka azaldu dute, kutsatze ugari aisialdian eta lagunartean gertatu direlako. Iparraldean, datorren astetik aitzina maskara derrigorrezkoa izango da toki itxietan

Tolosako Beotibar frontoian PCR probak egiten dihardu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Atzoko irudia. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
joxerra senar
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Agerraldiekin batera, positibo kasuak handitzen ari dira. Atzo beste pertsona bat hil zen COVID-19aren ondorioz. Gainera, bigarren egunez jarraian beste laurogei kasu atzeman ziren Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kasu horietako gehienak fase goiztiar batean detektatzeko ahalmena erakutsi dute, pandemiaren lehen olatuan ez bezala; baina, kutsatze kopuruak gorantz egin ahala, kezka ere handitzen ari da. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Nafarroako Gobernuak nabarmendu dute azken egunetan atzemandako kasu gehienak aisialdiarekin lotuta daudela, eta ia denak gazteen artean izan direla. Hala, bi gobernuek arduraz eta zentzuz jokatzera dei egin dute.


Martxoarekin alderatuta, bi diferentzia nabarmen daude. Batetik, osasun zerbitzuek kasuak ahalik eta azkarren aurkitzeko sistema bat dute; bestetik, kutsatzeak oztopatzeko maskaren erabilera gero eta orokorragoa da Euskal Herri osoan. Gaurtik aurrera, Hegoaldean derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea, toki itxietan eta kalean —Trebiñun, berriz, bihartik aurrera,Gaztela Leongo gobernuak hala ezarri baitu—. Oro har, lehen gomendagarria zena betebeharra izateko urratsa egin dute gobernuek.

Iparraldean datorren astean

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, datorren astean leku itxi publikoetan maskara erabili beharko da nahi eta nahi ez. Asteon, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak neurri hori ezartzeko aukeraz hitz egin du; data gisa abuztuaren 1a aipatzen bazen ere, herenegun Jean Castex Frantziako lehen ministroak baieztatu zuen datorren astean hartuko dela erabakia. Olivier Veran Osasun ministroaren arabera, «astelehenean edo asteartean ezar daiteke». Ondorioz, Ipar Euskal Herrian ere maskara derrigorrezkoa izango da toki itxietan; hori bai, Frantziako Gobernuak ez du behartuko kalean erabiltzera. Veranek herritarrei dei egin die, «legea indarrean sartu aurretik jartzera».

Lehen olatuan, Hego Euskal Herrian COVID-19ak eraginik apalena izan duen lurraldean izaten ari dira orain positibo gehien; Gipuzkoan, alegia. Herenegun 41 kasu atzeman ziren, eta atzo beste 31. Ordiziako agerraldiaz gain, azken egunetan positiboak azaleratu dira Tolosan, Zarautzen eta Getarian. Eibarren eta Elgoibarren, berriz, sei atzeman dituzte. Miguel de los Toyos Eibarko alkateak bando batean herritarrei eskatu die bete dezatela maskara janzteko agindua.

Azken egunetako joera ikusita, Osasun Sailak Eibarko, Tolosako eta Zarauzko ostalaritzako negozioei neurriak gogortzeko agindu die, Ordizian gertatu bezala: taberna, jatetxe, txoko edo gastronomia elkarte baten barruan sar daitekeen pertsona kopurua erdira murriztuko da, eta ezingo da barran ezer hartu. Gauez, 23:30erako ostatuek itxita egon beharko dute. Halaber, gogoratu behar da Hego Euskal Herrian maskarekin sartu behar dela tabernetan, eta soilik jateko edo edateko ken daitekeela.

Azken orduetan kezka eragin du Zarauzko Talai Mendi kanpineko egoerak. Iragan astean bertan izandako bi bezerok positibo eman ostean, asteazken arratsaldean PCR probak egin zizkieten bertan ziren bezeroei eta langileei. Prebentzio gisa, kanpina itxi egin zen behin-behinean. Atzo goizean, Osasun Sailak jakitera eman zuenez, beste bi positibo baino ez dira agertu. Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen arabera, emaitzek ondorioztatzen dute Talai Mendin ez dela agerraldirik izan, baizik eta «kasu zehatzen bat». Kafetegiko langile bat eta bezero bat bakartu behar izan dira. Alkateak iragarri du kanpina ireki egin dela berriz, eta proban negatibo eman duten bezero askok han jarraitzeko hautua egin dutela.

Dena den, uztailaren 8tik 15era Talai Mendin izan direnen haritik segika jarraitzen dute. Nafarroan, adibidez. Egun horietan bertan izan zirenei PCR proba egiteko hitzordua eskatzera dei egin die gobernuak —646 513 629 telefonoa jarri du eskura, 09:00etatik 20:00etara deitzeko—. Txanda hartu arte etxean bakartzeko gomendatzen du, prebentzio gisa.

Tolosan ere kezka dago. Herrian 25 kasu atzeman dira; azken seiak, atzo. Beotibarren, osasun saila PCR probak egiten ari zaizkie herritar ugariri. Uztailaren 8tik 15era Tolosako Lekuona kaleko Elorri tabernan izan direnei bertaratzeko eta proba egiteko eskatu diete. Egunero zortziehun proba inguru egitea espero du. Zuhurtziaz mintzatu da Olatz Peon alkatea, baina oraingoz transmisio komunitariorik ez dagoela azpimarratu du. Haren hitzetan, herrian azaleratu diren kasuak Ordiziakoarekin «erlazionatuak dira oraindik ere».

Gipuzkoaz gain, aipagarria da Bizkaian beste hogei kasu azaleratu direla azken 24 orduetan, eta Nafarroan, 22. Nafarroan, iragan astean Tuteran izandako agerraldia «beherantz» badoa ere, horietako bat ospitaleratu egin zuten Reina Sofia ospitalean, berriro ere agerian utziz koronabirusak zer arrisku duen. Halaber, Iruñerrian agerraldi gehiago detektatu dira; uztailaren 6ko hamaiketakoarekin erlazionatutako 24 kasu atzeman dira, eta Iruñeko beste batean, hamahiru. Horrez gain, Cintruenigo herrian lau kasu agertu direnez, udalak erabaki du herriko elkarte gastronomikoak, parkeak eta iturriak ixtea.

Nafarroako Gobernuaren arabera, kasu gehienak «gazteen eta kuadrillen artean» izaten dira, «aisialdian eta gizarte harremanetako egoeretan». Osasun Departamenduak prebentzio neurriei erne egoteko eskatu du, eta batik bat gazteei «elkartasunez, zentzuz eta arduraz» jokatzea galdegin die: «Norbera zaindu behar da, eta besteak ere bai».

Murgaren mezua

Radio Euskadin antzeko mezu ba plazaratu zuen atzo, Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Haren esanetan, egoera oraingoz kontrolpean badago ere, koronabirusa hedatzen ari da, eta «aurki» adineko pertsonen kasuak azaleratuko dira. Kutsatze gehienak «lagunartean eta sendian» izan dira. Kezkatuta dago, gainera, gazte ugari kutsatzen direlako: «Hartu-eman eta mugikortasun handiko pertsonak dira. Kutsatzeak geldotzeko arma nagusia den heinean, maskarak jartzeko mezua eman zuen: «Zalantzarik izanez gero, jarri egin behar da. Arrazoia ez da isunak jaso ditzakezula, baizik guztion lankidetza behar dugula». Murgaren arabera, bigarren olatu bat izateko, kasuak «kontrolik gabe» igo beharko lirateke, eta oso neurri zorrotzak eskatu: «Ez gaude egoera horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.