Miguel Sanzek eta Enrique Goñik, Nafarroako Kutxako arduradun nagusiek, lasai arnasa hartu ahalko dute. Bigarren aldiz Espainiako Auzitegi Nazionaleko seigarren instrukzio epaitegiko magistratuak, Eloy Velascok, Banca Civica auzia ixtea ebatzi du. Velascoren arabera, ez Banca Civica burtsara ateratzeko operazioan, ez bankua osatu zuten lau aurrezki kutxen arteko bat egitean, ez zen deliturik egon. Gainera, Nafarroako Kutxaren hainbat operaziotan ez du irregulartasunik atzeman. Hori ondorioztatzeko oinarri nagusia Espainiako Bankuak auzitegira igorritako txosten bat izan da. Erabakia ez da behin betikoa eta epaileak hiru eguneko epea eman die aldeei apelazio edo erreforma errekurtsoa aurkeztu dezaten.
Gorabehera handiak izan ditu ikerketak. 2012ko abenduan UPD alderdiak salaketa aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean Banca Civicaren sorreran zein burtsaratzean kontuen faltsutzea egon zela ebatzita. UPDren argudio nagusi izan zen Nafarroako Kutxak, Caja Burgosek, Caja Canariasek eta CajaSolek bat egin geroztik ehunka milioi euro jarri zituztela ondarea sendotzeko eta kontuen faltsutzea egon zitekeela. Akziodunei iruzur egin zitzaiela uste zuen.
Aldi berean, 2013ko urtarrilean, Kontuz elkarteak delitu sozietarioak egin zituztela leporatuta, salaketa aurkeztu zuen Nafarroako Kutxako arduradunen aurka, eta, modu horretan, hainbat operazio ikertzeko eskatu zuen. Handik gutxira erabaki zen Eloy Velascoren 6. instrukzio epaitegiak hartuko zuela bere gain auzi nagusia. Lehen instrukzio fasean, Velascok Espainiako Bankuari eskatu zion fusioa eta burtsaratzea aztertzeko. Banku zentraleko teknikariek 154 orrialdeko lehen txostena egin zuten, eta Banca Civicak 2010etik 2012ra egindako doikuntzetan ez zela irregulartasunik egon ondorioztatu zuen.
Horregatik, Velascok auzia ixtea erabaki zuen, baina CAN fundazioak eskatutako informazio guztia pasatu ez ziolakoan, CANen inbertsioen ikerketa Iruñeko epaitegira pasatzea erabaki zuen. Dena den, UPDk errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak iazko azaroan erabaki zuen berriro irekitzea eta Velascoren eskuetan uztea.
Bigarren fase horretan, Velascok Goñiren eta Sanzen ondarea ikertzeko eskatu du, eta Espainiako Bankuari berriro bigarren txostena ikertzeko. Bertan, CANekin erlazionatutako hainbat atal aztertu ditu: bulegoen zabaltzea; langileen erretiro aurreratuak; Enrique Goñiren sozietateekin ustez egindako inbertsioak; higiezin inbertsioak; AUNA, Anca Corporate, Guascor, Ikusi-Angel Iglesias SA eta Oesia Networksen inbertsioak; eta hainbat kreditu.
Bigarren txostenak 98 orrialde ditu, eta bertan, Dino Lopez eta Jose Luis Albasanz teknikariek Enrique Goñiren kudeaketaren atal polemikoak ikertu dituzte, baina ez dute irregulartasunik atzematen. Hasteko, ez dute ikusi Enrique Goñirekin erlazionatutako enpresekin inbertsiorik egin zuela CANek. Auna, Guascor eta Anca Corporateren kasuak ikertu ostean, jasotako informazioarekin irregulartasunik ez dute atzematen. Ikusiren salmentaren prezioarekin desadostasunak zeuden, baina Espainiako Bankuko teknikariek egiaztatu dute irabaziak izan zituela CANek. Oesiak, berriz, bai eragin zituen galera handiak, baina CANen ondarean eraginik ez zuela izan diote. CANek zorraren truke bereganatutako 144 milioi euroko balioko zoruen kasuan, teknikariek ondorio bera hartu dute: «Ez dago irregulartasunik».
«Operazio sendoa»
Operaziook ontzat jo ostean, Banca Civica operazio guztia «legedia betez» egin zela ondorioztatu du Velascok. Finantza krisia hasiz geroztik, bankuak ehunka milioi euro doitu behar izan zituen bere aktiboei «arrazoizko balorazio» bat egin eta horren ondorioz kapital gehiago jartzera derrigortu zen: «Horrek ez du esan nahi bere kontu liburuak egiazkoak ez zirela edo apainduta zeudela». Velascoren ustez, kutxen bat egitea operazio «sendoa eta bideragarria» izan zen. Haren ustez, «ez dago kontabilizatu gabeko galerarik, ez dago egin gabeko saneamendurik. Caixabankek Banca Civica erostea eta 3.850 milioi euro jarri behar izatea ez da ezkutuko galeraren ondorioz izan, baizik eta Espainiako Gobernuaren dekretuen ondorioz.
Bigarren aldiz, Eloy Velascok 'Banca Civica auzia' artxibatu du
Epaileak Espainiako Bankuaren bigarren txostena hartu du oinarri gisa.Ez du uste kontuak faltsutu zirela eta ezkutuko galerak azaleratu zirela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu