Alderdi sozialistak ez dio kosk egin amuari. Atzo, UPNren zuzendaritzak berretsi egin zuen Esparzak aste hasieran egindako eskaintza: «EH Bildu erabakigarri izateari uztearen truke», gobernuan egonkortasuna bermatzeko prest dira, eta, horregatik, PSNri eskatzen diote UPN gutxiengoa den udalak —Iruñekoa barne— babes ditzala. PSNk eskaintza onartuko balu, de facto, bakarrik eta UPNren menpe utziko luke.
Alta, asteartean egin bezala, PSNko Ramon Alzorrizek ezezko irmoa eman dio berriz Esparzari. Antolamendu idazkariaren arabera, euren apustua da egungo bazkideekin osatzea gobernua. «Horretan ari gara, eta lanean jarraituko dugu».
Ikusi gehiago: Legealdiari begirako egonkortasuna eskaini dio UPNk Txibiteri
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Alzorrizek salatu du UPNren eskaintza ez datorrela bat haren jokabidearekin. «San Adrianen, gai izan dira Voxekin akordioa egiteko, eta alkatetza kendu diote talderik bozkatuenari, PSNri; aurpegiratu digute EH Bildurekin akordioa egin izana Nafarroako Gobernua osatzeko, eta ez da egia; txalotu egin dute Txapotek bota zaitzala leloa; sanchismoa bertan behera uzten ahalegindu dira, eta ezin izan dute; eta berriro esan dute Feijooren alde egingo dutela».
Alzorrizen arabera, ez dute halako eskaintzak onartzeko inongo asmorik. «Horren antitesia gara». Aipatu du «bateraezina» dela «sanchismoa eraitsi nahi izatea eta Alderdi Sozialistaren gobernua babestu nahi izatea hemen: «Ez da bateragarria Feijoo babestea eta hemen gobernu sozialista bat». Gaineratu du ez dutela batere konfiantzarik UPNrekin.
Gobernu osaera, urrun
Behin uztailaren 23koa argituta, PSNk nahiko luke negoziazioak ahalik eta azkarren egitea aurrera. Abuztuaren 28ra arteko epea dute alderdiek, eta Geroa Baik baieztatu du gobernu osaerari buruzko posizioak «oso urrunduta» daudela oraindik ere. «Saiatu beharko dugu ikuspegiak gerturatzen», adierazi du Maria Solana parlamentariak, legebiltzarrean egindako adierazpenetan.
Uztailean, akordio programatikoari buruzko elkarrizketak izan dituzte PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k, eta nahiko aurreratuta daude. Normala denez, ados diren kontuetan ez da arazorik izan, eta euren arteko diferentzia politikoak amaierarako utzi dituzte. Halaber, diferentzia horiek kudeatzeko eta kontrol mekanismoak ezartzeko irizpideak ere ezartzeko dituzte. Iragan legealdian, arazoak izan ziren arlo horretan, gobernuko bi bazkideek ikusi zutelako PSNk nahi zuena lortzen zuela maiz. Hala, Ahal Dugu-k ere baieztatu zuen aurrera atera ez diren konpromiso gehienak eurek bultzatutakoak izan direla.
Hala, zailena geratzen da egiteko, programaren arloan zein gobernuaren osaeran. Negoziazioak hasi zirenetik, Geroa Baik argi utzi du egungo ordezkaritza instituzionalari eutsi nahi diola eta barne funtzionamenduaren inguruko aldaketak nahi dituela. Solanaren arabera, programari zein gobernu osaerari buruzko bi eztabaidak irekirik dira. Solanak gaineratu du zuhur jokatu nahi dutela: «Inor ez dago inbestidurari data bat jartzeko moduan».
Solanak baieztatu du eurak eroso egongo diren gobernu eredua bilatuko dutela. «Nahi dugu izan presentzia nahikoa eta ordezkaritza instituzional nahikoa».
Alfaro: «Ez da arazorik izango»
Zurekin Nafarroa koalizioko Begoña Alfaroren ustez, ez da arazorik egongo akordioa lortzeko, nahiz eta alderdien artean diferentziak izan: «Ardura kontu bat da».
Alfaroren arabera, negoziazioei berriz ekin diete hauteskundeak amaituta, eta intentsitate handiz ari dira lanean. Haren esanetan, ez dago korapilo handiegirik, baina eztabaida biziak dituzte hiru alderdiek. Esparzaren eskaintzari dagokionez, Alfaro lasai dago. «Ez da bideragarria UPNren eta PSNren arteko gerturatze bat».