Pandemia

Bigarren alarma egoerako isunak itzuliko ditu Nafarroako Gobernuak

2020ko urriaren 20tik 2021eko maiatzaren 9ra indarrean egon zen alarma egoeran 330 zigor espediente ireki ziren, eta, orduko dekretua inkonstituzionaltzat jo ostean, 37.000 euro itzuliko zaizkie 117 herritarri

Foruzaingoaren kontrol bat Milagro herrian, 2021eko martxoaren 26an. JESUS DIGES EFE
joxerra senar
2023ko urriaren 23a
19:55
Entzun

Auzitegi Konstituzionalak konstituzioaren aurkakotzat jo zituen 2020ko urriaren 25eko Espainiako Errege Dekretuaren hainbat artikulu eta atal. Dekretu hark ahalmena ematen zien erkidegoei bigarren alarma egoera ezartzeko, eta Nafarroako Gobernuak lurraldean alarma egoera ezarri zuen urte hartako urriaren 20tik 2021eko maiatzaren 9ra.

Epaiak esandakoa bete, eta epe horretan ezarritako zigor espedienteak atzera bota ditu orain Nafarroako Gobernuak. Agindua irailaren 27an izenpetu zuen Salvador Diaz Barne zuzendariak, eta gaur kaleratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

213 espediente ezeztatuta

Bigarren alarma egoeran ezarritako zigor espedienteak bertan behera geratu dira. Orotara, 330 herritar zigortu zituzten. Horietatik, bi heren inguru oraindik ere irekitako espedienteak ziren. Hartara, ezeztatuta geratu dira 213 isun horiek.

Gainerako 117 herritarrek nahiago izan zuten isuna aurretiaz ordaindu, prozedura azkarraren bidez zenbatekoaren erdia pagatzen delako. Orain, horiei 37.000 euro itzuliko zaizkie. Aldizkari ofizialean datorrenez, isunak 100 eta 800 euro artekoak dira. Isun gehienak 300, 400 eta 500 eurokoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.