Juanjo Alvarez

Bidezko saria zuzenbideari

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren 2015eko Humanitateen, Kulturaren, Artearen eta Zientzien saria emango diote EHUko Zuzenbide katedradunari.

GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ezustean» harrapatu zuen atzo dei batek Juanjo Alvarez Rubio abokatu eta EHUko katedraduna (Zumaia, Gipuzkoa, 1964). Donostiatik EHUko Leioako campuserako (Bizkaia) bidean zihoala deitu zion Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak, Humanitateen, Kulturaren, Artearen eta Zientzien 2015eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria irabazi duela esateko. «Pozez» hartu zuen berria Alvarezek, eta «hunkituta» dagoela aitortu du, arlo akademikoan eta profesionalean «aurrera egiteko gogotsu». Hain zuzen ere, azterketak zuzentzen ari zela hartu zuen atzo BERRIAren deia. Aitortu zuenez, ilusio «berezia» egin dio sariak: «Gure-gurea den saria delako, etxekoa, eta prestigio handikoa».

Saria irabazteak «flashback» baten modukoa ekarri dio, eta lanean eman dituen urteak berrikustera eraman du. Hain zuzen ere, haren ibilbide «oparoa» saritu nahi izan dute Eusko Ikaskuntzako epaimahaikideek. «Izugarritzat» jo dute haren lana, eta nazioarteko zuzenbide pribatuan haren ibilbidea oso ezaguna dela nabarmendu dute. Hori guztia dela-eta saritu nahi izan dute.

Hain zuzen ere, ikerketa etaaholkatze lanetan Alvarezek egindako lana goraipatu dute. Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko EHUko katedraduna da 2001. urtetik, eta, besteak beste, Europako Justizia Auzitegian eta Europako Batzordeko Justiziako Zuzendaritza Orokorrean aritu izan da. Gaur egun, beste gauza batzuen artean, Europako Batasuneko Justizia Zibileko programako proiektu bat zuzentzen du.

Nazioarteko beste zenbait unibertsitatetan ere egin ditu aholkularitza eta ikerketa lanak. Besteak beste, Erresuma Batuko, Herbehereetako eta Estatu Batuetako unibertsitateetan aritutakoa da. Horrekin batera, UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitateko Bergarako (Gipuzkoa) zentroaren zuzendari izan zen hamabi urtez.

Alor akademikoan ez ezik, Alvarazek beste zenbait esparrutan egindako lana goraipatu du epaimahaiak, eta nabarmendu nahi izan du, besteak beste, Eurobask Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluko idazkari nagusi gisa eta Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuko sortzaile eta idazkari moduan egindakoa.

Itsas zuzenbidea, nazioarteko merkataritzako zuzenbidea eta foru eta eskualde arteko zuzenbidea jorratu ditu zenbait artikulutan eta liburutan.

Euskal Herriko kulturaren, zientziaren eta arteen esparruko eragile «garrantzitsuei» eman diete saria 1995etik; besteak beste, Julio Caro Barojak, Eduardo Txillidak, Nestor Basterretxeak, Maria Bayok eta Francisco Etxeberriak jaso dute. Umiltasunez, Alvarezek ez du bere burua aurreko ekitaldietan saria jaso dutenen pare jarri nahi.

Azaldu duenez, ez dago sariak jasotzera ohituta, eta ez zekien, gainera, sariko hautagaien artean zegoenik. Udazkenean emango diote, Donostiako Miramar jauregian egingo duten ekitaldi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.