Bidezidorren arriskua demokrazian

Cristina Lafont filosofoak ez du dudarik: demokrazia krisian dago. Irtenbideetako bat hau ikusten du: «Herritarrak ahalduntzea erakundeak erabiliz».

Cristina Lafont filosofoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Cristina Lafont filosofoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun

«Saldu digute azkarrago toki hobera iritsiko garela. Zuk alboratuta uzten badituzu zu bezala pentsatzen ez duten herritarrak, eta zurearekin aurrera egiten baduzu, noski, azkarrago iritsiko zara, hori da populismoa. Nik uste dut ez dagoela alternatibarik demokrazia inklusibo parte hartzailearentzat». Horiek aletzen ditu Cristina Lafont filosofoak (1963, Valentzia, Herrialde Katalanak) liburu honetan: Democracia sin atajos (Demokrazia bidezidorrik gabe). Northwestern Unibertsitateko irakaslea da, Chicagon, AEBetan. Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan hartu du parte, hitzaldi honekin: Demokrazia bidezidorrik gabe: nola indartu herritarren parte-hartzea populismoaren eta teknokraziaren aurka.

Nazioarteko talaiatik begiratzen die herrialdeen gobernabideei. Demokrazia krisian dagoela ez du dudarik: «Bai, erabat. Ziur. Munduan herrialde guztietako demokraziaren indizea neurtzen denetik, 2006tik, indizerik apalenetan gaude, eta gainbehera sekulakoa da, gainera». Trantsizio egoera betean gaudelakoan dago. Aldatu beharrekoa eredu ekonomikoa dela uste du, «baina hori ez dagoen bitartean, arnasari eutsi behar zaio, eta dauzkagun elementuekin segitu beharko dugu. Demokrazian sakontzeko, herritarren deliberazio batzarren bidez jakin liteke herritarrek zer behar dituzten».

Aldatu beharrekoa eredu ekonomikoa dela esatea ez da ausazkoa. «Ezin bada bozkatu munduko komertzioa nola antolatuko den, badirudi ez daukazula ahotsik. Atzerriko politika balitz bezala jardun izan dute, baina 2008ko krisian ikusi zen moduan, atzerriko kontuak ziruditen horiek ondorio zuzenak izan zituzten herritarrengan, jendeak galdu zuen etxebizitza, enplegua... oinarrizko eskubideetan eragin zuen krisi hark».

Teknokraziaren eta populismoaren artean

Gainera, gobernuek austeritatearekin erantzun zuten. Testuinguru horretan, normaltzat jo du populismoen gorakada. «Ez da harritzeko teknokraziaren ostean populismoa etortzea. Beraz, bi aukera penagarri dauzkagu aurrez aurre, zeren biak dira antidemokratikoak. Jendearen bazterketan oinarritzen dira». Arrisku hori ikusten du Lafontek: «Jokoan dago benetan herritarrak zatitzea, eta orduan ezinezkoa izango da demokrazia edukitzea. Nire usterako, hori ari da gertatzen demokratikotzat jotako herrialde batzuetan».

Ohartarazi du, halaber, jendeak hautatutako gobernuz gaindiko botereez: «Komunitate teknologiko oso bat dago estatuen aurka, eta ezaugarri komun bat dute: ondo datorkiela (Donald) Trumpekin elkartzea. Baina botere ekonomiko handi horiek —Google, Microsoft eta horien modukoak— estatuen aurka daude benetan. Ez dira teknokratak, libertarioak dira».

Normala da, haren ustez, testuinguru horretan alderdi politikoekiko eta erakundeekiko atxikimendu falta areagotu izana. «Inkesta guztiak bat datoz honetan: gobernuak eta alderdiak krisian daude. Ados. Baina irtenbidea zein izango litzatekeen galdetuta, guzti-guztiek hau erantzuten dute: herritarren parte hartzea handitzea».

«Gu ez gara ari statu quo-a defendatzen. Proposatzen dugu herritarrak ahalduntzea erakundeak erabiliz»

Ondoren datorren galdera da nola areagotu litekeen herritarren parte-hartzea modu eraginkor batean. «Gu ez gara ari statu quo-a defendatzen. Proposatzen dugu herritarrak ahalduntzea erakundeak erabiliz». Eta argudioa aletzen jarraitu du: «Ikusi da jendea ez dela ezjakina, teknokratek dioten bezala, gai konplexuak ulertzeko. Adibidez, klima aldaketaren legea oso konplexua da, gai asko zeharkatzen dituelako: sozialak, ekonomikoak, ingurumenezkoak, politikoak... ikusi da herritarrek konplexutasun hori uler dezaketela, eta ez hori bakarrik, jenialena da erantzun berriak sortzeko gai izan direla».

Konfiantza osoa du batzarren ahalmenean: «Herritarren batzarretan gaiak proposatzen direnean eta alternatibak eskatzen direnean, herritarrei askotan bururatzen zaizkie alternatiba batzuk autoritate publikoei burutik pasatu ere egiten ez zaizkienak». Areago, herritarrei eragiten dieten arazo zuzenei irtenbideak emateko orduan, egiten dituzten proposamenak irtenbideekin lotura zuzenagoa dutelakoan dago.

«Ikusi da herritarrek gai konplexuak uler ditzaketela, eta jenialena da erantzun berriak sortzeko gai izan direla»

Batzar horietan beste aldagai bat azpimarratu du: zuzeneko harremana. «Herritarrek maiz ez dakite beraien bizilagunek zer iritzi duten zuzenean eragiten dieten gaiei buruz. Sare sozialetan edo bestelako lekuetan irakur ditzakegun gaiek ez dakigu ziur noren iritziak diren, edo gure herrikideak diren edo manipulazio hutsak diren». Eta horrek baditu ondorioak: «Zure bizilagunek zer arazo dituzten zuzenean ez badakizu, oso zaila da modu bateratuan aurrera egitea».

Haren ustez, hori behar da inoiz baino gehiago: «Batzarretan albokoaren argumentuak entzun ditzakezu, eta horrek aurrera egiten laguntzen du, balioa izango duten konpromiso batzuk lortzeko. Irtenbideak integratzaileak nola izan pentsatzen dute. Eta hori dena behar dugu gaur inoiz baino gehiago. Oso zaila da jakitea nire ikuspuntu bera ez duten herritarrek zer iritzi duten bestela». Lau hamarkadatik gorako esperientziak behatu ditu, eta hau ondorioztatu: «Herritarren batzarrak modu egokian antolatu izan direnean, lortu dute despolarizatzea». 

Panazearik ez

Onartzen du herri batzarrak ez direla panazea. Askotan frustrazioa eragin dutela ere aitortzen du, «politikariek maiz ez ikusiarena egiten baitiete batzar horietan hartzen diren erabakiei. Hori gertatzen ari da toki askotan. Politikariek aukeratzea batzar horietatik ateratzen diren proposamenetako batzuk, gustuko dituztenak, esan ahal izan dezaten horiek direla herritarrek eskatzen dituzten gaiak, baina bazter utzita gustuko ez dituztenak».

Batzar horiek nolakoak beharko luketen ere aztertu dute: «Saiatzen ari gara azaltzen herri batzarrak nola instituzionaliza litezkeen herritarrak ahalduntzeko, baztertu gabe». Hainbat aukera daude, Lafonten esanetan. Bat, adibidez, herri ekinaldi legegilea izan liteke, baina loteslea baldin bada. Alegia, herritarrei aukera ematea ekinaldi legegileak aurkezteko, modu arautu eta adostu batean, sinadura kopuru jakinekin babestuta. Eta gobernuen betebeharra litzateke eskaera horiek bideratzea.

Herri batzarrak alderdientzat ere baliagarri direlakoan dago: «Alderdiek galdu dute konexioa herritarrekin. Horregatik eurek baliatu beharko lituzkete herritarren batzarrak, jakiteko zer behar dauden».

Aitortzen du prozesu horiek guztiek denbora behar izaten dutela. «Demokraziak pazientzia ere behar du, eta, batzuetan, berandu irits liteke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.