EAEko Arartekoak azterlan bat plazaratu du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eremu publikoko bideozaintza zertan den azaltzeko eta «herritarrek bideozaintzaren eremuan beren eskubideak eta askatasun publikoak nola gauzatu» aztertzeko. Txostenaren ondorio nagusia da administrazioek oro har betetzen dituztela alor horretako eskakizunak, baina, hala ere, erregulazioari, barne kudeaketari eta gardentasunari dagokionez badagoela zer hobetu.
Arartekoaren ustez, administrazioek «zorrotz» bete behar dute proportzionaltasun printzipioa kamerak, droneak eta antzeko gailuak erabiltzen dituztenean. Horregatik, aholkatu die bideozaintza erabiltzeko baimena eskatu aurretik azter dezatela ea neurri horrek «intimitate eskubidean esku sartzerik» eragingo ote duen.
Arartekoak arreta berezia jarri du gailu mugikorren erabileran; hau da, poliziek uniformeetan eramaten dituzten kamerak, irudiak har ditzaketen droneak, makuluak eta antzekoak noiz eta nola erabili. Azterlanean gomendatu du administrazioek adieraz dezatela zer epe zehatzetan erabiliko dituzten horrelakoak, baimena eskatzen dutenean. Halaber, egoki iritzi dio Eusko Jaurlaritzak baimen horiek argitara emateari.
Kalean kamerak jartzen direnean, beharrezkoa da herritarrei kartelen bidez horretaz ohartaraztea. Arartekoaren azterlanaren arabera, administrazioek normalean betetzen dute arau hori, baina gailu mugikorrak erabiltzen direnean ere herritarrei jakinarazi behar zaiela iruditzen zaio Arartekoari.
Hartutako irudiak tratatzeko moduaz ere zenbait iradokizun egin ditu Arartekoak bere txostenean, grabaketen konfidentzialtasuna, trazabilitatea eta osotasuna ziurtatzeko. Horretaz arduratuko diren langileei prestakuntza berezia ematea proposatu du.
Txostenaren arabera, Ertzaintzak 2.037 kamera finko ditu, eta 2022an, 134 aldiz erabili zituen gailu mugikorrak.