Neska batzuek bideokamera bat aurkitu zuten atzo goizaldean Arrasateko (Gipuzkoa) erdiguneko taberna batean. Kameraren berri eman zieten tabernariei, eta tabernariek udaltzainei deitu zieten. Udaltzainek komunak miatu zituzten, eta ez zuten kamera gehiago aurkitu. Haien bulegora eraman zuten kamera.
Udaltzaingoak ikerketa abiatu du, eta lekukoen testigantzak bilduko ditu. Arrasateko Udalarentzat, gertatutakoa «oso larria» da, eta, gaur kaleratutako ohar batean, «ikerketa sakona» eskatu du. Harremanetan jarri da «hainbat eragilerekin» eta gainerako alderdi politikoekin, haiei egoeraren berri emateko eta hurrengo urratsak hitzartzeko.