Bidea egin du Javier Etxeberria Ezpondak hamaika eremutan (Iruñea, 1948). 2016ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien saridunak bide berriak urratu ditu unibertsitatean hasi zenetik: arlo akademikoan, ikerketan... Jarduera horretan «aztarna ezabaezina» utzi duela azaldu du epaimahaiak.
Etxeberria Ikerbasqueko ikertzailea da, EHU Euskal Herriko Unibertsitatera atxikia, Jakiundeko kidea eta CSIC Espainiako Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Nagusiko Filosofia Institutuko unibertsitate katedraduna, besteak beste. Azken horretan, lan utzialdian dago. Hainbat arlotan garatu du ikertzaile ibilbidea: zientziaren eta teknologiaren filosofian; zientziaren etikan; zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko harremanetan... 2006tik berrikuntza azterketetan ari da lanean.
Epaimahaiak bereziki baloratu du Etxeberria Ezpondaren hezkuntza bikoitza: Matematika eta Filosofia. Bi ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, aldi berean. Hautu hori «ia zoriz» egin zuen. Hala jakinarazi zuen Euskonews Interneteko aldizkarian egindako elkarrizketa batean. Unibertsitatean Matematika ikastera joan aurreko ikasturtean otu zitzaion. «Multzoen teoria eta paradoxetara heldu ginenean pentsatu nuen matematikek benetako funts arazoak azaltzen zituztela». Hori ikusita, Matematikan eta Filosofian matrikulatu zen. Erabaki hori bere ibilbidean «funtsezkoa» izan dela aitortu du.
Madril, Paris, Alemania...
Diktaduratik ihesi —espetxeratuta ere egon zen—, Parisen jarraitu zituen ikasketak eta ikerketak, diru laguntza batekin. Bigarren tesia hasi zuen han, eta Hannoverrera ere (Alemania) joan zen. Bidaia horretan, Donostiatik igaro zen. Bide berri bat urratu zuen bertan: Franco hil ostean, Euskal Herrira itzuli, eta EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea fundatu zuen.
Eusko Ikaskuntzak gogorarazi du EHUkoa ez zela izan urratu zuen bide berri bakarra. CSICeko Filosofia Institutua ere fundatu zuen. Epaimahaiaren arabera, Etxeberria «eskakizun akademiko goreneko ikasketa erakundeak sortu eta finkatzeko lan egin duen aitzindaria» da. Aitzindaritza hori ez da EHU eta CSICera mugatzen. 37 urte daramatza irakasle gisa. Epe horretan, hamazazpi doktore tesi zuzendu ditu; bada, hamazazpi doktore horiez osatutako ikastetxe bat sortu du.
Etxeberriak berak azaldu du 1990ko hamarkada izan zuela garairik «produktiboena». Telepolis, Cosmopolitas Domesticos eta Los señores del aire argitaratu zituen. Horiei esker, Euskadi Ikerketa Saria eman zioten 1997an, baita Espainiako Saiakera Saria ere. «Lan horiek oihartzuna izan zuten gizartean, eta autore eta pentsalarien munduan bide egin zidan», hausnartu zuen Euskonews-en. Epaimahaiak ere hori bera baloratu du saria emateko arrazoietan. «Humanitateen esparruko mundu osoko erreferentziazko irudi bat da».
Javier Etxeberria
Bidegilea
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren 2016ko Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria emango diote filosofiako doktore eta ikertzaileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu