Bidegi auzia

'Bidegi auziko' kereiletako bat behin-behinean artxibatu du epaileak

Autoak dio ez dagoela «behar bezala justifikatuta» delitua gertatu zen ala ez. Aldundiak bi txosten kontrajarri aurkeztu zituen, eta epaileak bigarrena izan du kontuan.

Arlabango tunelaren obrak AP-1 autobidean. RAUL BOGAJO / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 6a
11:06
Entzun

Azpeitiko (Gipuzkoa) instrukzioko bigarren epaitegiak jakinarazi du Bidegi auziko bigarren kereila behin-behinean artxibatuko duela. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu zuen, Bildu agintean zenean, AP-1 autobidearen eraikuntzan diru publikoa oker erabiltzea eta agiriak faltsutzea egotzita. «Ez dago behar bezala justifikatuta auzia eragin duen delitua egin izana», dio autoak.

Artxibatu berri duten kereilan bost lagun salatu zituen aldundiak, Eskoriatza-Arlaban zatian egindako lanengatik: Bidegiko hiru arduradun —tartean, Bidegiko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti— eta bi enpresatako kide bana: Eurostudios ingeniaritzakoa, eta OHL eta Ferrovial enpresa eraikitzaileetakoa. Aldundiak adierazi zuenez, diru publikoko 17,1 milioi euro oker erabiltzeagatik, eta tuneletako lanen ordainketetan dokumentuak faltsutzeagatik.

Argudio horiek guztiak, baina, aldundiak aurkeztutako lehenbiziko txostenean jasotakoak dira, Bilduren gobernuak eskatuta enpresa batek egindakoan. Izan ere, 2016an, EAJ eta PSE-EE diputazioan agintean zirela, erakundeak beste txosten bat aurkeztu zuen, lehenaren guztiz aurkakoa. Bi dokumentu kontrajarriak aztertu ditu epaileak, eta ondorioztatu du bigarrenak duela sendotasun handiagoa: «Lekukotzekin eta peritu deklarazioekin egindako dokumentuak agerian utzi du jarduera hauen jatorrizko kereilarekin batera aurkeztutako txostenak inkongruentzia ugari zituela».

Izan ere, lehenbiziko txosten hura egin zuen enpresaren deklarazioa eta bertze hainbat lekukotza jasotzen ditu bigarren dokumentuak, eta horiek determinatu dute epailearen erabakia. Batetik, lehenbiziko txostena egin zuen enpresak onartu zuen ez zutela aztertu kereilak «exekutatu gabekotzat» zituen zortzi diru sailak Arlaban aldi baterako enpresa elkarteak egin zituen ala ez. Bertzetik, hainbat lekukok azaldu zuten lanak egin bitartean «zailtasunak» izan zituztela, eta horiekin lotu dituzte obren gainkostuak. Autoak aipatzen du, adibidez, 34 hilabete iraun behar zutela lanek, baina azkenean 70 behar izan zituztela, bikoitza. Horrez gain, «aparteko gorabehera asko» ere izan zituztela dio: «Ia 140 luizi; Nebrako ibaiak eragindako uholdeak; ziurtagirietako akatsek eragindako arazoak; anhidritak; eta martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuen ondorioz, lehergailuak zaintzeko araudi aldaketak».

Horregatik guztiagatik epaileak ondorioztatu du ezin dela «frogatutzat jo —zantzurik ere ez dago— lanak egiteko aurrekontu kopuru jakin bati iruzur egin zitzaion ala ez Gasteiz/Gasteiz-Eibar AP-1 autobidean, Arlaban-Eskoriaza iparraldeko tartean». Hala, kasua behin-behinean artxibatu badu ere, bost egun daude apelazioa aurkezteko.

«Txosten inpartziala»

Egoera ikusita, EH Bilduk «txosten inpartzial» baten beharra azpimarratu du. Gaur zabaldutako ohar batean adierazi duenez, alderdiak «behin eta berriz» eskatu du hirugarren dokumentu hori: «Guardia Zibilaren UCOk eta Ertzaintzaren Delitu Ekonomikoen Unitateak ez dute ikerketa konplexu hori egin, ezintasun materiala argudiatuta». 2021ean, baina, peritu txosten bat eskatu zuten, baina aldundiak prozedura artxibatu zuen. Orain, berriz, epaitegiak dio ez dela bertze txosten bat behar, «aurrekontu kostuaren desproportzionaltasuna» argudiatuta.

EH Bilduren iritziz, diputazioak eta Azpeitiko Epaitegiak ez dute «kasua argitu nahi»: «Kasu hau modu faltsuan ixteak esan nahi du herritarrei egia ezagutzeko eskubidea eta berme guztiak dituen prozesu baterako eskubidea kentzen zaiela». Horrez gain, datozen egunotan aztertuko dute autoari helegitea jarriko dioten ala ez.

Badira autoa begi onez ikusi dutenak ere. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, adibidez, adierazi du erabakiak, behin-behinekoa bada ere, «Gipuzkoako erakundeen eta langileen izen ona berresten» duela. Lehenbiziko txostena egiteko «datu okerretan eta omisioetan» oinarritu zirela gogoratu du: «Politikan denak ez du balio, eta are gutxiago pertsonen ohorearen eta erakundeen sinesgarritasunaren aurka egiteak».

<strong>Lehenbiziko kereila</strong>

Zehazki, Bidegi auzia 2014an hasi zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak orduan aurkeztu baitzuen lehenbiziko kereila, Bildu agintean zela. Hiru lagun salatu zituzten: Zugasti, Eptisa-Cinsa ingeniaritzako langile bat eta Laurena aldi baterako enpresa elkarteko bertze bat. Arrasate-Eskoriatza zatian egin zituzten lanak.

Salatu zuten agiriek adierazten zutela Basagoitiko lur biltegia beteta zegoela, baina ez zela hala. Horrez gain, lur mugimenduei buruzko agiriak ere okerrak zirela salatu zuten. 3,4 milioi eurorena da ustezko iruzurra. Zati horretako tuneletako lanak egin gabe 10,3 milioi ordaindu zituztela salatu zuten. Lehenbiziko kereila auzitegien esku dago oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.