Gipuzkoan EH Bilduren eta EAJren arteko lehia politikoa gaiztotu duen auzietako bat artxibatu du Azpeitiko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak: Bidegi auzia. Bilduk jarri zuen salaketa 2014an, Gipuzkoako Foru Aldundian zenean, aurreko gobernuaren (EAJ) aurka; zehazki, Bidegiko buru batzuen eta haiek kontratutako enpresetako arduradunen kontra, AP-1 autobideko lanetan diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta. Guztira 13,7 milioi euroko iruzurra egitea leporatu zien.
Bi kereila aurkeztu zituen Bilduren gobernuak, eta epaitegiak biak artxibatu ditu, behin-behinean; hala egin zuen bestearekin iazko irailean. Horren aurka helegitea aurkeztu zuen orduan EH Bilduk, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren ebazpenaren zain dago. Bigarrenarekin ere gauza bera egiteko aukera du.
Orain artxibatutako kasuan hiru lagun salatu zituzten: Agustin Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohia, Eptisa-Cinsa ingeniaritzako arduradun bat, eta Laurena aldi baterako enpresa elkarteko beste bat —enpresa elkarte horrek eraiki zuen autobidea—.
Salaketaren arabera, Eskoriatza eta Arrasate artean egindako tuneletako agiriek erakusten dute Basagoitiko lur biltegia ez zela tuneletatik ateratako harriekin bete, adostuta zegoen moduan, eta lur mugimenduei buruzko agirietan ere irregulartasunak zeudela. Obrako arduradunek azaldu zutenez, harri horiek autobideko beste eremu batzuetarako erabili ziren, besteak beste, eta horregatik ez ziren biltegira eraman. Dokumentazioa aztertu ondoren, Bilduren foru gobernuak ondorioztatu zuen, ustezko iruzurra, 3,4 milioi eurokoa izan zela, eta 10,3 milioi euro gehiago ordaindu zirela egin ez ziren beste lan batzuengatik: 13,7 milioi guztira.
Kalkulu «okerrak»
Ebazpenean jasotzen denez, eginbideetan «ez da behar bezala justifikatu» delitua egin izana. Bilduren foru gobernuak eta EAJkoak aurkeztutako txostenak aztertu dituzte hainbat adituk, eta, epaitegiak dioenez, egiaztatu dute lanaren azken likidazioa aztertuta ezin dela ondorioztatu gainkosturik egon zenik, diru publikoa desbideratu zenik eta, beraz, aldundiari kalte ekonomikorik egin zaionik.
«Azkenean, agerian geratu da aurkari politikoa kosta ahala kosta eta edozein preziotan kaltetzea besterik bilatzen ez zutenen estrategia».
MARIA UBARRETXENA Bide Azpiegituretarako diputatua
Epaitegiaren arabera, Bilduk aurkeztu zituen txostenek «ez dute obraren benetako errealitatea islatzen» eta dokumentazio guztiaren «zati bat» baino ez dute kontuan hartzen. «Kasu askotan, azaltzen diren galerak oker neurtu dira, eta beste norbaitek behar bezala berrikusi gabe egin dira; beraz, txosten horiek ezin dira baliozkotzat jo».
Autoan gogorarazi dute obra Bidegiren funtsekin finantzatu zela, eta ez aldundiarenekin, eta adierazi dute errepideen ardura duen foru sozietateak idatzi bat aurkeztu zuela 2017ko uztailean, non adierazten zen Arrasate eta Eskoriatza arteko tartearen aurrekontua 162,8 milioi eurokoa zela, baina azkenean 160 milioi euroan egin zela.
Epaitegiak aipatu du, halaber, Bilduk Herri Kontuen Euskal Epaitegian jarri zuela salaketa, hark Gipuzkoako fiskalburuari igorri ziola idazkia eta fiskalak artxibatu egin zuela, «ez zegoelako behar bezala justifikatuta inolako deliturik egin izana».
Gipuzkoako Foru Aldundiak ontzat jo du ebazpena eta ikertutako pertsona, erakunde eta enpresek jasandako kaltea deitoratu du. «Azkenean, agerian geratu da aurkari politikoa kosta ahala kosta eta edozein preziotan kaltetzea besterik bilatzen ez zutenen estrategia», salatu du Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatuak ohar batean.