Estatua, nazioa, autogobernua, burujabetza. Erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa, independentzia eta sezesioa. Lurraldea egituraketa, garapena. Nortasuna. Garai politiko berriek hiztegi berria ekarri dute, edo kontzeptu zaharren eraberritzea. Eztabaida politikoaren lehen lerroan egon diren ideiak dira horiek guztiak. Egon dira, daude eta egongo dira. Horiez hausnartzeko eta, oro har, Euskal Herriaren geroari buruzko gogoeta sustatzeko webgune bat jarriko dute martxan, astelehenetik aurrera. Norabidea du izena: www.norabidea.info.
Oraingoz, zazpi eragile ari dira proiektua sustatzen: BERRIA Taldea, Hamaika telebista, Udalbiltza, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia, ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz institutua, LABen Ipar Hegoa fundazioa eta EHUren Euskal Nazionalismoa XXI Mendean masterra.
Blog formatua duen webgunea astelehenean aurkeztuko dute, Donostiako San Telmo museoan. Egitasmoaren helburua sinplea eta argia da: Euskal Herriaren geroari buruzko hausnarketak plazaratu, partekatu eta eztabaida bultzatzea. Elkarlanean. Sustatzaileek azpimarratu dutenez, azkenaldian jazo diren hainbat gertakarik jakin-mina piztu dute, eta indartu egin dute webguneak proposatzen duen gogoeta eremua. Bi dira horretarako faktoreak, sustatzaileen arabera: indarkeriaren zikloaren amaierak eta horrek eztabaida politikora ekarri duen giroaren lasaitzea. Eta nazioartean, Europan bereziki, abian diren independentzia prozesuak: Eskoziakoa eta Kataluniakoa.
Kolaboratzaile sare zabala
Webguneak, funtsean, hiru motatako edukiak eskainiko ditu: gogoetak, erreferentzia dokumentalak eta gertaerak edo albisteak. Gogoeta egileen ekarpenez gain, blogak koordinatzaile bat izango du, adituei gaiak proposatzeko eta arlo horretan sortzen denaren jarraipena egin eta biltzeko. Pello Urzelai BERRIAko kazetaria izango da koordinatzailea, eta zeregin horretan egunkariaren Politika eta Mundua sailetako lankideen laguntza jasoko du.
Gogoeten arloan, analisi, iritzi eta ikerketen laburpenak jasoko dira, besteak beste. Horretarako, gogoetagile talde «sendo» bat izango du webguneak: irakasleak, ikerlariak, kazetariak... Sustatzaileek ez dute izenik aurreratu nahi izan, zerrenda itxi gabe dagoelako oraindik. Baina aurreratu dutenez, «ikuspegi aniztasuna» zainduko da, baita lurralde aniztasuna ere, eta «iritzi kontrastea» landuko da.
Erreferentzia dokumentalen atalean, berriz, agiriak, argitalpenak eta interesa izan dezaketen kazetaritza testu zaharragoak bilduko dira. Xedea da gogoeta eta eztabaida sustatzeko baliabideak eskaintzea. Horretarako, dokumentazio lan bat egingo da, hausnarketarako lagungarri izan daitezkeen askotariko baliabideak eskainiz. Lan berezia egingo da egun euskaraz ez dauden agiriak eta dokumentuak euskaratzeko.
Azkenik, hirugarren atala izango da gertaera edo albisteena. Sustatzaileek azpimarratu dutenez, abian daude independentzia prozesuak gertutik jarraituko dira, Kataluniako eta Eskoziakoak bereziki. Albiste nagusien sintesiak eskainiko dira, eta jatorrizko bertsioetarako bidea emango da. Horrekin batera, RSS sistemaren bidez, gaiaren inguruan sortzen diren gertakizunen albisteak ekarriko dira automatikoki webgunera: BERRIA egunkariak eta Argia aldizkariak sortutako edukiak erakutsiko dira.
Egitura eta diseinuari dagokionez, ideia argi batekin sortu dute webgunea. «Ulerterraza, erabilgarria, argia eta funtzionala» izango da, sustatzaileek azpimarratu dutenez. Blog baten itxura izango du, edukiak kronologikoki antolatuko dira eta bi menu mota izango ditu. Menu nagusian, webgunearen edukiak aurkitu ahal izango dira: gogoetak, agiriak, argitalpenak, hemeroteka eta gertaerak. Bigarren menuan, berriz, edukiak eremu geografikoaren arabera antolatuko dira: Euskal Herria, Katalunia, Eskozia...
Edukiak Youtube eta Twitterren (@norabidea) zabalduko dira. Asteartean ireki zen Twitterreko kontua eta jada 400ndik gora jarraitzaile ditu.
www.norabidea.info
Norabidea.info. Euskal Herriaren geroaz gogoeta egiteko webgunea
Bidean ez galtzeko haria
Zazpi eragilek sortu dute 'Norabidea.info'. Webgunea Euskal Herriaren geroari buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko topagunea izatea nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu