Ezker abertzalearen bilakaera. Mugarri nagusiak

BIDEAK HELMUGA BATERAKO

Urte hasieran, Euskal Bidea aurkeztu zuten EH Bilduk eta EH Baik. Justu hogei urte dira ETAk Alternatiba Demokratikoa plazaratu zuela, bi hamarkada lehenagoko KAS Alternatiba eguneratzeko asmoz. Bada bilakaera bat.

Anita Lopepe eta Hasier Arraiz, urtarrileko aurkezpenean. ARP.
enekoitz esnaola
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun

Estrategia politiko-militarretik estrategia politikorako bilakaera izan du ezker abertzaleak, duela sei urte hasitako barne hausnarketaren ondorioz, hein handi batean. Patxi Zabaleta HBko sortzaileetako eta Aralarreko koordinatzaile nagusi ohiak dio azken batean hamarkadetako eztabaida izan dela aldaketaren muina, eta eztabaidaren araberakoak izan direla «eskaintza politikoak». Euskal Bidea da ezker abertzale ofizialak —-EH Bildu eta EH Bai koalizioen barruan—- egindako azkena; urte honen hasieran aurkeztu zuten. Eta justu duela hogei urte, ETAk, Alternatiba Demokratikoa. Espainiako Estatuko diktaduraren (1939-1975) ostean, KAS Alternatiba izan zen ezker abertzaleko eragileen lehen eskaintza. 1976an atera zuten, eurentzat programa bateragile gisa jota, eta 1978an etorri zen hurrengo bertsioa. «Gaurkotu» egin zuen ETAk 1995ean.

KAS Alternatiba, Alternatiba Demokratikoa eta Euskal Bidea aintzat hartuz gero, bilakaera garrantzitsu baten aztarnak ikus daitezke. Egileak, kasurako, 1976an askotarikoak izan ziren: ETA politiko-militarra, EHAS eta LAIA alderdiak, eta LAB eta LAK langile batzordeak, eta 1978koa ETA militarrak plazaratu zuen; 1995ean Alternatiba Demokratikoa ETA militarrak aurkeztu zuen, eta HBk bere egin zuen proposamena; aurten, berriz, Euskal Bidea alderdi politikoen koalizioek osatu dute. Hasieran, estatuarekin negoziatzea lehenesten zuten, eta orain aldebakartasunaren alde egin dute, negoziazioari aterik itxi ez badiote ere. Parte hartze instituzionalean, gorabehera handiak izan dituzte. Eta, denborarekin, burujabetza eta nazio eraikuntza pisua irabaziz joan dira.

Iñaki Ruiz de Pinedok gertutik ezagutu zituen 1995 artekoak, 1981etik HBko Mahai Nazionaleko kidea izan baitzen, eta KAS Alternatibaren garaian, EHASekoa. Azpimarratu duenez, ezker abertzaleak egoera «zailean» egin behar izan ditu eztabaidak eta eskaintzak. «Estatuak beti jo izan du gogor. Hala, ezker abertzaleak kanpora begira mugimendu homogeneo gisa agertu beharra zeukan. Oro har, lortu da, politikoon aurka ere errepresioa egon den arren».

1983ko abenduaren 26an, Jon Idigoras eta biak Madrilera joan ziren, HBren izenean hitzaldi bat ematera. Pilar Urbanok eta beste kazetari batzuek foro bat zuten, eta Ritz hotelera politikariak-eta gonbidatzen zituzten, gosari solasaldi batera. «Estatuaren demokraziarik eza salatu, eta esan genuen horregatik zeukala borroka armatuak zilegitasuna. HBren izenean hainbat puntu aldarrikatu genituen; haietako batzuk KAS Alternatibakoak ziren». Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, atxilotu egin zituzten: Ruiz de Pinedo, hurrengo egunean, eta Idigoras, bira. Abenduaren 28an aske geratu ziren, baina kasua Gorenera pasatu zuten, forudun baitziren —-eusko legebiltzarkideak ziren-—.

Zabaletak dio KAS Alternatiba «eskaintza taktikoa» zela, «lortzeko modukoa guztiz». Askatasun demokratikoak, amnistia osoa, Hego «Euskadiren» subiranotasun nazionala —-erabakitzeko eskubidea-autodeterminazioa, estatua sortzeko aukera barne zela—- eta lau herrialdeetarako autonomia estatutua eskatu zituzten. «Gertatzen da EAJk, PSOEk eta PCk erreformaren hautua egin zutela. Ezker abertzaleak hausturaren ideia defendatzen segitu zuen. Asmatu egin genuen».

Eskaintzak EAJri

Ruiz de Pinedoren esanetan, ezker abertzaleak «oso kontuan» zeukan estatuko garai politiko berezia, eta gogorarazi du PCEk eta PSOEk bultzatutako plataformek «aurreko erregimenaren haustura eta demokrazia» aldarrikatzen zituztela. «Guk KASekoa atera genuen, Euskal Herrira begira, jakina. EAJrekin akordioak nahi genituen, baina baita espainiar demokratekin ere. Hori zen ideia. Baina Espainiako Konstituzioa [1978] onartzeko garaian, EAJk Suarez gobernuburuarekin ituna egin zuen; estatuak muga batzuk jarri izana onartu zuen. Oraindik hor daude mugak...». Angeluko Xibertako elkarrizketen (1977) ondoren ere, ETA militarrak EAJri eskaintza zuzenak egin zizkion negoziatzeko, baldintzatzat jarrita jeltzaleek KAS Alternatiba onar zezatela normalizazio politikoa lortzeko programa gisa. Ez zen deus lortu. EAJk «negoziazioa posible» ikusten zuen, Luis Mari Retolaza Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak (1980-1988) ere esan izan zuenez, baina negoziazioak Madrilgo gobernuaren eta ETAren artekoak izan behar zuela zehaztuta.

KASekin «asmatu» arren, Zabaletak iritzi dio ezker abertzaleak egin zuela akatsik: «Hausturaren apustuari eutsiz, erakundeetan politikoki parte hartu behar genuen. 1978an HB sortu genuenean ere, betiko eztabaida hori izan genuen. Politikari lehentasuna emateak eta instituzioetan parte hartzeak talka egiten du borroka armatuarekin. Baina ez genuen bide politiko hutsa hartu. Ezker abertzaleak horri buruzko autokritika sakona egin beharra du».

Ruiz de Pinedok ere aitortzen du «eztabaida handia» izan zutela instituzioetan parte hartzeaz. «Orduan ere, barne orekari eutsi nahian, irtenbide batzuk aurkitu behar izan genituen. Batetik, denok udaletan ez ezik, hasieran Araban eta Nafarroan parte hartzen hasi ginen. Eta, bestetik, Hego Euskal Herriko egituratze instituzional zatikatzaileari aurre egiteko herritar boteregune bat sortu nahi izan zuen ezker abertzaleak: Euskal Herriko Biltzarre Nazionala. Hautetsiak eta herri mugimenduak bildu nahi ziren han, borroka instituzionala eta herri mugimenduetakoa uztartzeko. 1979an osatu zen behin-behineko nazio batzordea. Ez genuen lortu aurrera ateratzerik. Estatuak, gainera, galarazteko saioak egin zituen, Polizia erabilita. Gero, HBk erabaki zuen batzar nagusietan eta Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan ez parte hartzea, eta horrek desadostasunak sortu zituen».

Haustura xede izanda, taktikoa zen KAS Alternatiba, Ruiz de Pinedoren iritziz ere. «Baina taktika bi zentzutan ulertzen zen koordinakunde barruan. Batzuek uste zuten estrategiaren bidean tarteko pauso bat zela alternatiba, puntu haiek lortu ostean beste urrats batzuk egiteko. Beste batzuek zioten burgesiak sekula ez zuela onartuko KAS baina, jende gehiena horren alde zenez, mugimendua indartu egingo zela. Bi ikuspuntu ziren. Baina han ez zeuden eragile batzuk baten alde eta beste batzuk bestearen alde. Ez. Han eragile bakoitzaren barruan zeuden blokeak. Pentsamendu aniztasun handia zegoen KASen. Azken batean, nahi zena zen ezker abertzale barruan batasuna eta gutxieneko koordinazio bat lortzea».

Zabaletak uste du 1980 aldetik aurrera KAS Alternatibak gehiago iraun zuela «erreferentzia» moduan bestela baino, baina aitortu du 1989an Aljerren Espainiaren eta ETAren arteko negoziazioetan hango edukiez ere hitz egin zela. UPNko orduko presidenteorde Miguel Sanzek 1989ko otsaileko elkarrizketa batean esan zuen KAS Alternatibako puntu batzuez hitz egin zitekeela: «Hein handi batean, ez lukete hautsiko ezarritako esparru juridikoa».

Eugenio Etxebeste Antton izan zen ETAren ordezkaritzaren buruetako bat Aljerren, eta joan den azaroan idatzitako artikulu batean zioen gatazkak konpontzeko filosofia bat ezarri zela han: metodologia -—hizlariak, bitartekariak, leku neutrala-—, elkarrizketa mahaia, gatazkaren zioen eta ondorioen azterketa; «baina, batik bat, negoziazio prozesu oso bati ekiteko osagaiak eta mekanismoak zehaztu ziren —alderdien mahaia, proiekzio instituzionala eta euskal herritarren erabakiaren ariketa—». 1989ko martxoaren 27ko agirian, ETAk jakinarazi zuen akordioa lortu zutela Madrilek eta biek. Ez zituen edukiak aipatu, baina testuan azaltzen zen «elkarrizketa politikoak» zirela eta «konponbide politiko negoziatua» zutela helburu, eta idatziko 4. puntuak zekarren akordioaz herri galdeketa egin beharko zela Euskal Herrian. Espainiako Gobernuak bere agirian ez zuen iragarri ustez adostutakoa, eta, apirilaren 4an, ETAk amaitutzat jo zuen su-etena.

HB Aljerkoaren zuzeneko lekuko izan zen, ETAko ordezkaritzaren aholkulari lanetan sei laguneko talde bat arituta: Iñigo Iruin, Rafa Diez, Iñaki Aldekoa, Txema Montero, Luis Nuñez eta Tasio Erkizia. «Josu Muguruza zen Mahai Nazionaleko formakuntza arduraduna, eta hark ere buruan zeukan beste negoziazio bat», dio Ruiz de Pinedok. «Aljerkoaren ondoren, 1989an bertan, Kongresuko diputatu hautatu zuten hura, eta HBk inbestidura saioan bakearen eta negoziazioaren mezua emateko asmoa zuen». Bezperan hil egin zuten Muguruza, Madrilen. Angel Alcaldek hartu zuen lekukoa, eta bi astera mezu hura eman zuen Kongresuan. Han ez bezala, euskal instituzioetan ezker abertzalea nahikoa normal parte hartzen hasia zen ordurako.

1995ekoa, ETAk

Ezker abertzaleak 1995ean aurkeztu zuen hurrengo eskaintza politiko garrantzitsua: Alternatiba Demokratikoa, ETAren eskutik. Metodologia aldetik berritasun nabarmen bat zekarren, «negoziazio gune ezberdin bi» proposatu baitzituen: ETAren eta Espainiako Estatuaren artekoa litzateke bat, eta «hitzartu» beharrekoak autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasunaren onarpena lirateke. Beste gunea euskal hiritarren artean eztabaidatu eta hitzartu beharrekoa zen, «mugarik gabeko prozesu demokratiko baten bidez, aukera guztien artean hautatzeko ahalmenarekin» —-autodeterminazio eskubidearen garapena, lurralde formulazioa, antolaketa instituzionala, Euskal Herria euskalduntzeko plangintza...—-. «Gatazka armatua gainditzeko» aukeratzat zeukan ETAk.

HBko Mahai Nazionalak ezohiko bilera bat egin zuen Alternatiba Demokratikoa jendaurrean zabaldu eta biharamunean, eta, gero, Idigoras eta Floren Aoiz bozeramaileek, prentsaurreko batean, esan zuten ETAk «bake proposamena» egin zuela eskaintza harekin. HBren irudiko, erakunde armatuak argi utzi zuen bere eginkizuna ez zela «inor ordezkatzea».

Aljertik 1995era arteko aldia «ezker abertzaleko piezak berriro ordenatzeko eta konfiantza eraikitzeko» urtetzat ditu Ruiz de Pinedok. «Aljerkoaren ostean, HBn uste genuen prozesu berri baterako eztabaida bat egin behar genuela, estrategia birdefinitzeko. Baina eztabaida ez genuen publikoki egin, barnean baizik. Kontua da, ordea, estatuak erasoaldi handi bat hasi zuela eta haren aurrean ezker abertzalearen homogeneizazioa zela gure beste lehentasun bat, estatuak gure barruan zatiketa eragin nahi zuelako. ETAk hartu zuen alternatiba berri bat aurkezteko ardura. Ez zen KASekoaren gaurkotze bat bakarrik izan; eduki eta bide berriak zekartzan».

Giro berri bat sortzen ari zen. 1992an, adibidez, EAJ-HB lehen elkarrizketa saio ofiziala izan zen. Ipar Irlandan, berriz, bake prozesu bat hezurmamitzen ari ziren, 1993an Erresuma Batuko lehen ministro John Majorrek eta Irlandako Albert Reynoldsek akordioa sinatuta; 1994an, IRAk baldintzarik gabeko su-etena eman zuen.

Ruiz de Pinedok Alternatiba Demokratikoa bake prozesuarekin lotzen du. «Nire ustez, borroka armatua bukatzen hasteko saio bat izan zen». Zabaletak «eduki defendagarriak» ikusi zizkion, «eta adjektibo batzuk onargarriak ziren, prozesuak 'demokratikoa' izan behar zuela eta abar, ETAren konpromisoa zein zen agertzen zutelako». Aralarreko buru izandakoak «bekaturik» ere aurkitu zion 1995eko eskaintzari: erakunde armatuak atera izana. «Eraketan eta plazaratzean gabezia demokratiko bat zeukan. HB barruan, batzuk oraindik ere azpimarratzen genuen lehentasuna eman zitzaiola politikari, baina atzerapausoa eman zen». Garai hartan HBkoek Alternatiba Demokratikoaz hitz egiteko Jose Maria Zirarda Iruñeko artzapezpiku ohiarekin izandako bilera du gogoan Zabaletak: «Zirardaren lehen galdera izan zen ea alternatiba sortzeko eztabaidan parte hartu zuen HBk. Ezetz esan nion nik, ETAk egina zela. Eta hark: 'Orduan, nik zuekin eztabaidatu al dezaket?...'. Bilerak ez zuen ezer eman. Kafea hartzera joan ginen berehala».

Espainiako Kongresu eta Senaturako 1996ko hauteskunde kanpainan HBk Alternatiba Demokratikoaren bideoa erabiltzeagatik, 1997an Mahai Nazionala kartzelan sartu zuten —–1999an, Konstituzionalak baliogabetu egin zuen Gorenaren epaia–—. «Bideoa erabiltzea aitzakia gisa erabili zuen estatuak, ordurako erabakia baitzuen ezker abertzaleko egitura politikoen aurka egitea», Zabaletak dioenez –—1978-1981 eta 1988-1995 artean mahaikide izan zen—–.

1998an, Lizarra-Garazi Akordioa etorri zen, ezker abertzaleko eta askotariko eragileen artean sinatutakoa; tartean ziren EAJ eta ELA. Aurrez, EAJk eta EAk sekretupeko akordioak izenpetu zituzten ETArekin. Bide politikoen eta demokratikoen alde egiteaz eta herritarren borondatearen errespetua eskatzeaz gain, garrantzi berezia eman zioten nazio eraikuntzari, eta 1999an Udalbiltza sortu zuten. Ituna sinatu eta urtebete pasara hautsi zen Lizarrakoa, ETAren su-etena barne, baina beste pauso bat izan zen; oso garrantzitsua, askoren iritzian.

Aralar, Anoeta, Ibarretxe...

Ezker abertzalea zatitu egin zen Lizarrakoaren ondotik, Batasuna prozesuaren ostean Zabaletak-eta Aralar sortzea erabakita. 2002an egin zuten batzar eratzailea. Erakundeetan normal parte hartzea, inongo talde armaturekiko mendekotasunik gabe aritzea, eginkizun politikoari lehentasuna ematea eta independentziaren bidean Euskal Herriko hiru esparru politikoetako erabakimena aintzat hartzea zituen printzipio nagusi.

Batasuna alderdiak, 2004an —-urtebete lehenago legez kanporatu zuten Espainiako Estatuan-, bide politikoen eta bake prozesuaren aldeko jarrera finkatzeko asmoz, Orain bakea. Orain herria ekarpena egin zuen Donostian, Anoetako belodromoan. 1995ean ETAk bezala, bi errei proposatu zituen, baina aurrenari izaera desberdina emanda: teknikoa Â—-ETAren eta estatuen artekoa, gatazkaren ondorioez aritzeko-— eta politikoa -—Euskal Herriko eragileen artekoa, erabakitzeko eskubidearen eta haren gauzatzearen ingurukoa, «Euskal Herriaren gaur egungo egoeratik abiatuta» esaldi esanguratsua sartuta-. 2004ko abenduan onartu zen Eusko Legebiltzarrean EAEko Estatutu Politiko berria, Sozialista Abertzaleen hiru botori esker. EAJ-EA-EB gobernuaren lehendakari Juan Jose Ibarretxe jeltzalearen plana Euskal Herriaren, autodeterminazioaren, herri galdeketaren eta gatazka gainditzeko prozesuaren aldekoa zela esan zuen Arnaldo Otegi SAko parlamentariak bozketaren ostean. Hilabete pasatxora, atzera bota zuen Kongresuak. 2008an, Konstituzionalak, EAEko Galdeketa Legea.

Loiolako 2006ko elkarrizketak amaitu ostean —-akordio zirriborro bat lortu zuten Batasuna, EAJ eta PSEko ordezkariek-—, 2007an beste ekarpen garrantzitsu bat egin zuen Batasunak: Anaitasunako proposamena. Eskaintza politikoa definitu zuen ezker abertzale ofizialak, eta haren zantzuak ere antzeman daitezke Euskal Bidean. Hegoaldeko kasuan, «indarrean dagoen esparru politiko eta instituzionaletik abiatuz —-herritarren borondate demokratikoaren ondorio ez dena—»-, lau herrialdeetarako autonomia bat proposatu zuen; indarrean jartzeko, EAEko gehiengoak eta Nafarroakoak, biek egin beharko lukete alde, erabakitzeko eskubidean oinarrituz. Otegik erantsi zuen ezker abertzalea sumindu egiten dela Nafarroaren anexio aukera entzuten duenean, eta iragarri zuen Nafarroa Garaiak Hegoaldeko autonomiaren barruan estatus propioa izango lukeela. Halaber, Iparralderako autonomia bat eskatu zuten.

2007an Suitzan Batasunak eta ETAk Espainiako Gobernuko ordezkariekin izandako elkarrizketek porrot eginda bueltan trenean zetozela, Rufi Etxeberriak Otegi kideari aitortu zion ordura arteko «negoziazio eta estrategia eredua agortuta» zegoela. Ofizialki, 2009an hasi zuen gogoeta estrategikoa ezker abertzaleak, Otegi-eta buru zirela. Bateragune auziko operazioaren ondotik ere jarraitu zuen. 2010eko otsailean, Zutik Euskal Herria adierazpena atera zuten: prozesu demokratikoa; soilik bitarteko politiko eta demokratikoak; alde biko eta alde askotako akordioak euskal eragile politikoekin eta nazioarteko komunitatearekin; estrategia eta lanabes berriak; ziklo berria indar metaketaren mesedetan... Zutik-ek Anaitasuneko eskaintza ere aipatu zuen. 2010eko irailean heldu zen Gernikako Akordioa; bakebidean beste pauso bat, askotariko eragileekin sinatutako hitzarmenean. 2011ko urrian, ETAren jakinarazpen historikoa: jarduera armatua utzi zuen. Urte berean, Bildu koalizioa (ezker abertzalea, EA, Alternatiba), eta gero Amaiur / EH Bildu (Aralar batuta). 2012an, Sorturen legeztatzea.

«Denen beharra»

Eta aurten, Euskal Bidea aurkeztu dute EH Bilduk eta EH Baik. Euskal estatua xede, erabakitzeko eskubidea tresna gisa erabili nahi dute, gaurko errealitatetik abiatuta prozesu eratzailea eta graduala garatu nahian eta, Espainiarekin ezin bada negoziatu, aldebakartasunari eutsiz. Beti, bide politikoak eta demokratikoak erabiliz.

Herritarrekin gogoetak partekatzeko, ehun mila kafe hartzeari ekin zioten. Maribi Ugarteburu Sorturen Kontseilu Nazionaleko kide eta EH Bilduko legebiltzarkidea gustura dago orain artekoak emandakoarekin. «Ideologikoki gertuko ez den jendearekin ere egoten ari gara, eta ikusten dugu oinarrizko ardatzetan bat gatozela: estatugintzarako erabakitzeko eskubidea gauzatzeko premian, aldebakartasunaren estrategian eta hiru erabaki eremuak errespetatzean. Denen beharra daukagu. Bidea ezin dugu bakarrik egin; ezta nahi ere».

Ugartebururen arabera, halaber, Euskal Herrian aukera berri batzuk zabaltzen ari dira, Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazio aukerek eta Nafarroako aldaketaren aldeko giroak erakusten ei dutenez, «baina gaur-gaurkoz ezinezkoa da bide orri zehatz bat egitea. Horrek antsietate puntu bat sortzen du, baina pazientzia izan behar da. Segitu behar dugu fokuetatik kanpo jendearekin batzen eta, jakina, EAEn ere independentismoa lantzen, erkidego horretan gauzak ez daudelako eginak, ezta gutxiago ere. Hamar urte dira Ibarretxe planari Madrilek atea itxi ziola, eta zer gertatu da? Artikulazio zabal baterantz goaz, herri borondate demokratikoan oinarrituta aurrera egiteko».

Zabaletak deritzo «aurrerapauso garrantzitsua» dela Euskal Bidea. EH Bilduk indar handiagoa izateko «barne demokratizazioan» urrats gehiago egin behar dituela dio hark, primarioak-eta eginez, eta uste du koalizioak «egitura bateratua» behar duela, «lau alderdiak desegin eta Hegoaldean egitura bakarra EH Bildu izanik».

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak bere alderdiaren ibilbidea aldarrikatu du berriki: «Euskal Bideak bere garaian beste proposamenek hasitako bidea burutuko du; besteak beste, Garaikoetxeak bultzatutako EAren [1995eko] Liburu Gorriko bidea». Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako buru ohiak sarri gogorarazten du subiranotasuna-euskal estatua, giza eskubideak-bide baketsuak, eta sozialdemokrazia-proposamen progresistak izan direla EAren hiru printzipio historikoak, eta esaten du EH Bildun isla daukatela.

Hasier Arraiz Sorturen Kontseilu Nazionaleko presidenteak joan den Aberri Egunean -—apirilaren 5ean—- BERRIAko iritzi artikulu batean zioen XXI. mende hasiera honetan Euskal Herria «nazio gisa askatasuna erdiesteko baldintza objektiborik onenen aurrean» dagoela. «Aurreko ziklo politikoak ez ei gaitu Herri gisa guk geuk nahi genuen tokiraino eraman, baina honaino ekarri gaitu. Ziklo politiko berri honetan bakarrik gure indarren menpe gaude».

Euskal Bidea aurkeztu berria dute. Hari luzaroan eustea funtsezkoa izango dela irizten diote egileek, espazioak irabazten ariko direla esan nahiko duelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.