Bidea urratzen, zaintza eskubide bat izan dadin

Zaintza beharrezkoa du gizakiak une oro, eta bizitzako garai batzuetan, gainera, premia berezia da. Hori sozializatu eta politizatu du mugimendu feministak, eta erakundeak hasi dira neurri zehatzak hartzen, zahartzaroari dagokionez batez ere.

Zaintza ituna
Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta Eudeleko ordezkariak, zaintzari buruzko itunaren agerraldian. ASIER BASTIDA - LA CAJA GRIS SL
gurutze izagirre intxauspe
2024ko martxoaren 7a
13:30
Entzun

Bizialdian zaintza beharrezkoa du pertsonak, iraungo badu, biziko bada; eta garai batzuetan, gainera, zaintza premia bereziak izan ditzake. Hori orain arte nola egin eta eraiki den azalerazi du mugimendu feministak. Gehienetan lan hori feminizatua egon da, eta doan egin dute emakumeek, edo kontratu prekarioekin eta lan baldintza txarretan. Mugimendu feministak zaintzaren dimentsioak bistarazi ditu, eta horren emaitza izan zen iazko azaroaren 30eko greba feminista orokorra. Horretaz gizarte osoa jabetzea eta erakundeek gaia agendetan sartzea eta lanari ekitea ere eragin du.

Erakundeetara ere iritsi da zaintzari buruzko kezka. Eusko Jaurlaritzak Zainketen Aldeko Euskal Ituna izenburupean aurkeztu zuen etorkizunerako zaintza ereduari buruzko zumeak jarri nahi dituen eredua, Eudelekin eta hiru aldundiekin batera. Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu zuen, legealdia ixterako egin zuten aurkezpenean. «Ikuspegi integrala» du, haren esanetan. Zaintza lanak sozialki emakumeekin lotzen dituen eredua alboratu eta «profesionalizatu» egin nahi dute. Lan horiek «aitortzea, saritzea, murriztea, banatzea eta irudikatzea» ezarri dute helburu. Horretarako, familia zaintzailearen eta zaintzaile profesionalaren estatutu bat definituko dute, eskubide horiek gauzatzeko zer bide eta neurri dauden zehaztuta.

Bide orria

«Bizitzako lehen etapetan seme-alabak zaintzea betebeharra da, baina adineko senitartekoak zaintzeak haien eta zaintzen dituztenen aukera izan behar du: librea, kritikoa, erantzukidea, denboran mugatua eta zainduentzako eta zaintzen dutenentzako diru publikoz lagundua». Ideia hori garatzeko ondu dituzte hamalau konpromiso itunean. Besteak beste, zerbitzuak eguneratzeko beharra eta gizonak zaintza lanetan eta kontziliazio erantzukidean inplikatzeko neurriak jaso dituzte. Neurri horiek bultzatu egingo dituztela jaso dute akordioan, zehaztu gabe nola. Melgosak etorkizuneko bide orri gisa aurkeztu zuen ituna.

Gipuzkoan ere jorratu dute eredu bat zaharren zaintzari begira: Zaintza Herrilab. Foru Aldundiak Adinberri fundazioarekin ondu du proiektua. Izan ere, zaharrei galdetuz gero, gehienek diote ahal duten bitartean etxean bizitzen segitu nahiko luketela. Proiektu honen helburua da etxean ahalik eta luzeen bizitzea, eta, horretarako, zaintza ekosistema deitu diotena behar da. Familiak, osasun zerbitzuak, gizarte zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak eta pribatuak koordinatzea eta elkarlanean aritzea eskatzen du eredu horrek. Egin dira proiektu pilotu batzuk, eta balorazio baikorra egin dute orain arte bai erabiltzaileek, bai eragileek.

Ereduak ari dira garatzen, eta hori ez da kasualitatea. Marina Sagastizabal soziologoaren eta ikertzailearen ustez, lortu da gaia sozializatzea eta politizatzea, hein handi batean «mugimendu feministak egindako lanari esker» eta akademiatik egin diren zenbait ikerketei esker, arazoaren dimentsioa zientifikoki azaldu dutelako.  

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako itunari alde onak ikusi dizkio, eta bi aipatu ditu: lan baldintzak hobetzea eta inbertsio publikoa handitzea. Baina zuhurtziaz hartu du, bi arrazoirengatik: batetik, gaur egun dauden ereduak aldundien, udalen eta Jaurlaritzaren onespenarekin daudelako indarrean; eta, bestetik, itunean ez delako zehazten nola garatuko den zaintza lanak egiten dituztenen baldintzak hobetzeko bidea. «Gaur egun daukagun zaintza sistema eraldatu behar da, eta ez dakit zer neurritan egin daitekeen hori gauzak orain arte bezala eginda».

Desfamiliarizazioa

Azaldu du Hego Euskal Herrian dagoen zaintza eredua familiarista dela, hau da: «tradizio katolikoaren oinarri erlijiosoa» dauka, familiek zaintzen dute, gehienetan emakumeek. Uste du desfamiliarizatu egin behar dela eredua, kontzientzietatik hasita. Horretarako, inbertsio publiko handia behar da. Datu bat eman du: Norvegian, etxez etxeko zerbitzua modu partikularrean kontratatzen den langile bakoitzeko gobernuak 176 langile publiko ditu zerbitzu hori emateko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 0,7 dira publikoak modu pribatuan kontratatzen den langile bakoitzeko: «Desfamiliarizazioarekin lotuta, ez badugu nahi merkatuak gero eta pisu gehiago hartzea, zerbitzu hori publifikatu nahi badugu, pentsatu beharko dugu bidearen parte bat langile publikoen zerbitzua garatuz egin beharko dela, langile gehiago kontratatuta, baldintza onetan, tradizionalki gaizki ordaindu direlako».

Azaldu duenez, zerbitzu publikoa urria da, eta zaharren egoitzen datua ekarri du gogora: EAEn 279 egoitza daude, 207 pribatuak eta 72 publikoak; Nafarroan, 77 egoitzetatik 49 dira pribatuak, eta 28 publikoak. Eta, gainera, zenbait kasutan, egoitzen jabetza publikoa izan arren, haien kudeaketa irabazteko asmoa duten enpresa pribatuek egiten dute; beraz, are handiagoa da eremu pribatuaren pisua. Sagastizabalen esanetan, batez ere Araban eta Bizkaian, multinazionalak sartu dira adinekoen zaintza eremuan, merkatu bat topatu dutelako, eta, gainera, diru laguntza publikoak daude zahar etxeak kudeatzeko eta eraikinak erosteko. Eredu «merkantilista» dute horiek: bezero askorentzat langile gutxi, sektore feminizatua da, baldintza kaskarretan. «Diskurtso sozial bat dago zaintzaren eremuan negozioa egiteko. Kontraesankorra iruditzen zait dagoen negozioaren presentzia hau erakundeek diotenarekin. Ikusi behar dugu politikak nola egingo dituzten negozioa saihesteko».

«Ez badugu nahi merkatuak gero eta pisu gehiago hartzea, langile publikoen zerbitzua garatu beharko da». 

MARINA SAGASTIZABALSoziologoa eta ikertzailea

Lan baldintzak

Pandemiak azalarazi zituen hein batean baldintza kaskar horiek, eta eredu humanoago baterantz joatea beharrezkoa zela ikusi zen. «Pertsonengan oinarritutako arretan sakondu behar da, baina hori hankamotz geratzen da ez badiegu begiratzen langileen baldintzei. Langile gehiago jarri behar dira, eta baldintzak eta denborak hobetu behar dira».

Kirrinka egin dion beste gaia zera da: mugimendu feminista eta sindikatuak ez dira egon erakundeek ondu duten itun hori lantzeko prozesuan, eta orain arte eragile garrantzitsuak izan dira gai honetan.

Erakundeen arteko itunak jasotzen du eredu komunitariorantz jo behar dela, baina, Sagastizabalen ustez, erakundeek zehaztu behar dute zer ulertzen duten komunitario esanda. «Eredu inpertsonal horiek gainditzeko komunitatearen elkartasun harremanak sortzea positiboa da, baina eremu publikoari dagokion papera kendu gabe. Ez zait argi geratzen erakundeek aipatzen duten komunitario horren atzean zer dagoen; komunitatea indartzea baldin bada baina berriz familia indartzeko eta zaintza emakumeen gain geratzeko, horrek arazoak ekarriko ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.