Euskararen aldeko manifestazioa Iruñean

Bidea eman, eta eskua luzatu

Milaka pertsona bildu dira Iruñean, Kontseiluak deituta, hizkuntza politika eraginkorragoak eskatzeko. Antolatzaileek elkarlanerako deia egin diote gobernuari, euskararen bidetik aldaketa berma dezan. [youtube]https://youtu.be/-WU800yLW28[/youtube]

Ion Orzaiz.
2016ko ekainaren 5a
08:30
Entzun

«Barkos, bultza! Hemen duzu laguntza!». Hori izan zen, ezbairik gabe, atzoko manifestazioan gehien errepikatu zen leloa. Jada klasiko bihurtu den «Barcina, entzun, Nafarroa euskaldun!» aldarriaren kopia dirudi —bai egitura aldetik, bai errimari dagokionez—, baina alde handia dago duela bi, hiru edo sei urte Iruñeko kaleetan aldarrikatzen zenaren eta atzokoaren artean. UPNren agintaldiko erasoen aurrean amorrua zena elkarlanerako gonbita bihurtu da orain. Euskarari bidea emanda, benetako aldaketa bermatzeko gonbita.

«Duela sei urte, haserre atera ginen kalera Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzera eta orduko politika murriztaileak salatzera. Gaur, berriz, eskua luzatzeko egin dugu erakustaldia», esan zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, manifestazioa hastear zela.

Ordurako, jendez mukuru zegoen Europa plaza, protestaldia noiz hasiko. Historikoki, plaza horretatik abiatu izan dira manifestazio handienak hiri buruzagian. Erronka handia zen, beraz; are handiagoa ikusmina. Indar abertzale, euskaltzale eta ezkertiarren gobernu bat agintean egonik, kaleko giroa hoztuko ote zen duda-muda zegoen bat baino gehiago. Atzo ez zen halakorik gertatu, ordea, milaka nafarrek bat egin baitzuten Kontseiluaren deialdiarekin.

Puntualtasun handiz atera zen manifestazioa, 17:30ean, Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean. Lehen lerroan, pankartari eusten, Kontseiluko ordezkariak eta euskalgintzako beste zenbait eragile. Apur bat atzerago, Nafarroako hainbat eskualdetako ordezkariak: Sakana, Ultzamaldea, Pirinioak, Estellerria, Bortziriak, Baztan, Tafalla... Poliki mugitzen zen jende uholdea. Astun.

Pertsona ezagunak

Manifestazioaren aurrealdea Baiona etorbidea zeharkatu eta Joan XXIII.aren plazan sartzear zela, protestarekin bat egin zuten Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Maider Beloki Kultura eta Euskara zinegotziak eta Joxe Abaurrea Etxebizitza zinegotziak. Ez ziren izan Kontseiluaren deialdiari atxikimendua adierazi zioten ordezkari politiko bakarrak. Han izan ziren, besteak beste, Maria Solana (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz eta Dabid Anaut (EH Bildu), eta Laura Perez (Ahal Dugu) legebiltzarkideak ere.

Baiona etorbidean, pankarta eta aldarrikapen propioak zeramatzaten hainbat talde batu zitzaizkion manifestazio nagusiari: lanbide heziketa eta unibertsitate ikasketak euskaraz egiteko eskubidearen aldeko taldeak, zonifikazioaren aurkakoak, edota Donibane eta Printzearen Harresi euskarazko haur eskoletako familiak, besteak beste. «Vascuence legea, denontzat kaltea» eta «Herri bat, hizkuntza bat» izan ziren jendeak oihukatu zituen beste leloetako batzuk.

Ordurako, lehen lerroetan zihoazenek ezin zuten manifestazioaren bukaera ikusi. Udaltzaingoaren arabera, pankarta Baluartera iristean, Baiona etorbidean ziren oraindik azken manifestariak, kilometro bat atzerago. Festa giro ederrean egin zuten ibilbide osoa, gainera, txarangei, dantzariei, Iruñea Kantuz taldeari eta hiriburuko karrikak jazz doinuekin busti zituen brass band bati esker.

Koordinazio handia behar izan zuen Kontseiluak, xehetasun guztiak kontrolpean mantentze aldera. Hala, 60 bat boluntario ibili ziren ibilbidean gora eta behera, furgonetan zein oinez, leloak abesten, materiala saltzen eta martxaren erritmoa ezartzen.

Haserretik elkarlanera

Musikak eta dantzak lagunduta ailegatu zen manifestazioaren burua Sarasate pasealekura, eta han bildutako milaka lagunei mintzatu zitzaien Paul Bilbao, agertoki gainetik. «Euskaraz bizi nahi dugulako atera gara, beste behin, kalera», esan zuen, 2010eko manifestazio handiaren leloa gogora ekarriz. Urte hartan ez bezala, ordea, elkarlanerako eta aldaketarako aukera ikusten dute euskalgintzako eragileek: «Duela hamabi hilabete Nafarroan zabaldu zen aro berria hizkuntza eskubideen aroa ere izan dadin, bidea elkarrekin egin dezagula eskatzeko egin dugu indar erakustaldi hau».

Iaz Anaitasuna kiroldegian eginiko ekitaldi jendetsua ere aipagai izan zuen Bilbaok, eta orduan adierazitako aldarriei eusten dietela berretsi zuen. «Horixe aldarrikatu eta eskatu nahi dugu gaur ere: Bide eman euskarari araubidean, Bide eman euskarari plangintzetan eta Bide eman euskarari baliabideetan».

Administrazioari ez ezik, «euskararen gaia beren mesedetan» darabilten alderdi eta eragileei ere deia egin zien Kontseiluko idazkari nagusiak: «Horiei guztiei gogorarazi nahiko genieke kontua ez dela euskara, ez horixe! Euskararen atzean herritarrak daude, eta, beraz, oso zatarra da pertsonen eskubideak beren interesen arabera erabili nahi izatea».

Azken hilabeteetan euskararen normalizazioaren kontra epaileek eta bestelako erakunde batzuek hartutako erabakiak ere gogorarazi zituen; besteak beste, ETBren itzaltzea, Baztango Udalaren euskara planaren baliogabetzea eta Iruñeko bi haur eskolatan euskarazko eredua ezartzeari bidea eten izana.

Eraso horien guztien aurrean, baina, «herri gogo bizia» nabarmendu zuen Bilbaok: «Ikaragarria izan da azken asteotan zenbat herritarrek agertu duten euskaraz bizitzeko nahia. Argazki kopuru izugarria jaso dugu. Lizarra, Leitza, Elizondo, Arbizu, Barañain, Nabaskoze, Murchante, Tutera, Mendiorotz, Erriberri, Iruñea, Lizoain, Zunzarren, Mendabia, Zangoza, Miranda, Erronkari, Mañeru... Ehundik gora herritatik. Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioa bidegabea dela erakutsi dugu beste behin. Bizi garen seinale izan zarete. Bizi nahi dugun seinale».

Bukatzeko, Kontseiluko buruak dei egin zien «benetako aldaketaren alde» dauden alderdi, sindikatu, gizarte eragile eta instituzioei. «Etorkizuna oreka sozialean, justizian eta bizikidetzan eraiki behar dela aldarrikatzen duen orori eskatzen diogu: Bide eman euskarari. Eta bide emateko urrats eragingarriak abian jartzean, gu guztion babesa hor izanen duzue».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.