Euskal presoek Espainiako Estatuan kartzelako legediaren bidea egin dezaten, Madrilek gutxienik lehen gradutik atera behar ditu. Gaur-gaurkoz, erregimen itxi horretan ditu ia %80. Presoek ez dute lege eskakizunik bete behar bigarren gradura pasatu ahal izateko: espetxe administrazioak«bereziki arriskutsuak» diren presoak izaten ditu lehen graduan —euskal gatazkari dagokionez, ETA desagertuta dago 2018tik—, edota ustez erregimen arruntera egokitzen ez direlako —euskal preso asko bigarren gradukoen moduluetan dituzte, eta ez da arazorik sortu—. Gorka Fraile euskal presoak BERRIAri azaldu dio lehen gradutikirtetea «funtsezkoa» dela geroespetxeko bidea egin dadin; «mugarri bat da». Hura da EPPK-k 2017an barne eztabaida amaitu ostean kartzelako legediaren ibilbidea osorik bete duen kolektiboko kide bakarra, eta duela hilabete pasatik aske dago, baldintzapean.
Espainiako Gobernuak bigarren gradurako progresioa etenda izan du azken 11 hilabeteetan, baita, iazko abenduko kasu bat salbu, Euskal Herri inguruko kartzeletarako lekualdatzeak ere. Herenegun bukatu zuen etena, jakinarazi baitzuen bigarren gradura pasatuko dituela Josune Oña eta Alvaro Arri euskal presoak (EPPK), eta, horrez gain, Alacanteko (Herrialde Katalanak) kartzelatik Logroñokora (Espainia) eramango dutela Oña, eta Castellokotik (Herrialde Katalanak) Burgoskora (Espainia) Arri. Pedro Sanchezen gobernuak, beraz, bide horri heldu dio berriro. Sanchez 2018ko ekainean heldu zen Moncloara, etaorduko uztailetik herenegun arte euskal presoen artean 29 bigarren gradu eman zituen, eta 26 hurbilketa egin. Orain ikusteko dagosegituko duen bide hori.
«Nik hedabideen bitartez jakin nuen bigarren gradua eman zidatela [Espetxeetako Erakundeek], 2018ko abenduan. 2015ean minbizi bat atzeman eta ebakuntza egin zidaten, zigorraren hiru laurdenak bete nituen, baina Madrilek uko egiten zion nire gradu progresioari», dio Frailek (Durango, Bizkaia, 1970). Europara ere jo zuen, baina hark ere, ezezkoa. Badajozko (Espainia) kartzelan zeukaten, sorterritik 700 kilometrora, «eta baldintza gogorretan». Gradu aldaketarekin batera —20 urte zeramatzan preso, erregimen itxian—, Duesoko (Santoña, Espainia) espetxera eraman zuten, Durangotik 100 kilometrora. «Alaba haur bat zen orduan, eta haren bidaientzako bazen aldea. Gurasoak oso adinekoak ditut, eta Duesora behintzat joan ahal ziren bisitara». Badira antzeko ezaugarriak dituzten euskal presoak, baina Madrilek ez die halako aldaketarik egiten. «Erabaki politiko bat da gehienak lehen graduan izatea», esan du Frailek. «Erregimen itxiko guztiek egon beharko lukete bigarrengoan [erregimen arrunta]».
Bigarren gradutik aitzinakoa
Bigarren graduan egonik, Frailek bazuen egun batzuetarako irteteko baimenen aukera. Duesoko espetxeko Tratamendu Batzordeko kideekin hitz egin zuen, eta, lehen eskaeran ezezkoa jaso zuen arren, gero eman zioten: iazko ekainean. Ondoren, beste lau baimen. Horretarako, lege eskakizun batzuk galdegin zizkioten. Frailek azaldu zien EPPK-k 2013an argitaratutako adierazpenari atxikitzen zitzaiola, eta, hortaz, aitortzen zituela gatazkaren ondorioz eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina, eta bat egiten zuela bide politiko eta demokratikoak erabiltzeko hartutako hautuarekin.
Egun batzuetarako baimenez gain —iaz EPPK-ko beste sei kidek ere izan zituzten; aurrena, Frailek—, irteera programatuak ere eduki zituen, eta hirugarren gradua eskatu zuen. Eman zion espetxe administrazioak: aurtengo urtarrilean. Eragindako minaz-eta aurreko adierazpenean berretsi zen. Halaber, Euskal Herriratu egin zuten: Iruñeko espetxera, familia arrazoiengatik. Jada erregimen irekian egonik, egunez kalera ateratzen zen, asteburu eta jaiegunetan etxean izaten zen, eta hilean behin zazpi eguneko irteera baimena zeukan. Joanden apirilaren 6an jakin zen Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak baldintzapean libre utzi zuela —2022ko urtarrilera arteko kondena du—. Martxoaren 27an kaleratu zuen autoa Jose Luis Castrok epaileak, eta inor ez zuen helegiterik aurkeztu.
Frailek «kezkaz» ikusi du Espainiako Gobernuak izan duen «geldialdia», eta «itxaropena» sortu dio Oñaren eta Arriren albisteak. «Segitu behar da bide haujorratzen, baina Madrilek tantaka ere ezin ditu egin mugimenduak, hau oso luze joango delako».
Salbuespena COVID-19agatik
Fraileren baldintzapeko askapena COVID-19aren krisian etorri da. Espainiako Gobernuak Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuari herenegun idatziz emandako erantzun baten arabera, ikusten da euskal presoen kasuan salbuespena izan dela harena. Iñarrituk gobernuari apirilaren 1ean idatziz galdetu zion koronabirusa dela-eta egoera «zaurgarrian» diren zenbat preso utzi dituen libre edo zer neurrialternatibo hartu dituen, eta gobernuak dio martxoaren 14tik apirilaren 16ra arte era horretako 3.305 ebazpen eman dituela: hirugarren graduak edota 100.2 malgutuaren bidez, kontrol elektronikoak —ia denak— eta presentzialak. Halaber, erantzun du tarte horretan 4.584 preso gehiago jarri dituela erdi-askatasun egoeran. Madrilek dio banan banako tratamendua duela presoekiko eta espetxe araudian oinarritzen dela.
Bidea egiteko, atea ireki behar lehenik
11 hilabeteko etenaldi baten ondoren, Espainiako Gobernuak bi euskal presoren bigarren gradurako progresioa eta hurbilketak iragarri ditu aste honetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu