Biharkoa martxa «historikoa» izango dela uste dute Ikoitz Arrese Ikasle Abertzaleetako kideak eta Aiora Epelde Sortzen Ikasbatuaz-ekoak. Bertara joateko eskatu dute.
Kartel beraren atzean gutxitan joandako eragileak elkarrekin izango zarete bihar. Zer sentsazio daukazue?
AIORA EPELDE. Bi maila ikusten dira. Batetik, manifestaziora deitzeko bidea egin dugunok. Ez da soilik erreformari ezetz esatea; hezkuntza sistema sistema propioa eraiki nahi dugu, konpromiso zehatzez hitz egin. Hor ez dira egon denak. UGTk argi adierazi du erreformari ezetz esateko joango dela.
IKOITZ ARRESE. Batzuek konpromisoak hartu ditugu sistema propio baten alde egiteko eta erreformaren aurkako estrategia diseinatzeko. Beste batzuek, ez. Horrek ezberdintzen gaitu. Baina atal batekin behintzat bat egin dute. Horretarako deia ere bazen. Norberak ikusiko du zertara batu. Baina positibo ikusten dut. Hor izango dira.
EAJk eta PSEk ez dute inor bidaliko, baina oztoporik ez diete jarri kideei.
I.A. Arraroa litzateke horrelako planteamendu batean ezetzak egotea, ez bada PPtik. Positiboa da hori ere. Ikuspegi eraikitzailean planteatutako manifestazioa da. Ez dugu geratu nahi erreformari ezetz esanda. Ez da amaiera, hasiera baizik. Ikusiko da milaka pertsonaren bultzadarekin hasiera emango diogula prozesu bati.
Jaurlaritzak bilerak hasi ditu eragile batzuekin. Oraindik banaketa dago gobernuaren eta eragileen artean?
A.E. Jaurlaritzak oraindik ez die erantzun eragileei. Prozesu batean sartu da, eta ikusiko dugu zer zehazten den. Uriartek dio ahal duena egingo duela ez ezartzeko, baina ez da sartzen zehaztasunetan. Askotan entzun ditugu hitz politak. Baina zer konpromiso du konfrontazioari begira? Bilbon herri honen konfrontazioa irudikatuko da. Denok dakigu gaur-gaurkoz konfrontazioa behar dela. Uriartek ez du argitu zer konfrontazio mailatara heltzeko prest dagoen. Oso anbiguoa da esatea bere esku dagoena egingo duela.
Bileretatik at geratu da Ikasle Abertzaleak. Baztertuta sentitu zarete?
I.A. Espero genuen. Ikusi dute hezkuntza komunitatea mugitzen ari zela. Katalunia ere hor dago. Hezkuntzan pauso handiak eman dira hemen, eta jendeak gobernuari eskatzen zion zerbait egiteko. Behartuta ikusi du bere burua, eta bide paralelo bat hartu du. Erreforma hartu, eragile horiekin adosten saiatu, eta ahalik eta hobekien aplikatu nahi du. Legearen zirrikituek erreforma aplikatzea dakarte. Ez dago tarterik ez ezartzeko.
Sortzen Ikasbatuaz ari da bileretan.
A.E. Bai. Zehaztapenak falta dira, hala ere. Horiek gabe zaila izango da irudikatzea ezer positiboa edo eraikitzailea. Denbora da arazoa. Zabala, anitza, partekatua, adostua nahi duela dio Uriartek, baina tarte gutxi ematen du ekarpenak egiteko. Ados jarri garen eragileok badakigu zenbat kostatu den. Bestetik, curriculuma aipatzen du, baina badaude ardatz gehiago; adibidez, Oinarrizko Hezkuntza Akordioan adostua. Zergatik mugatu, dena egin daitekeenean?
Denbora gehiago eskatu duzu, baina erreforma bera ere aurki iritsiko da.
A.E. Kontua da erreformaren aurrean zein den bere jarrera, apustua. Erreformaren moldaketa bat aplikatzea? Erreforma ez aplikatu eta beste zerbait egitea? Ez dugu nahi erreformaren erreforma bat eztabaidatu. Adostu nahi dugu gure bidea nola abiatu eta egin.
Eta Jaurlaritzak zer egin behar du?
I.A. Hezkuntza komunitatea batu, bilerak egin, eta, komunitatea motor dela, hartu lan instituzionala.
A.E. Maila batean eragileak ari gara horretan. Bakoitzak bere kolorea du, helburuak eta estrategiak, baina batu ginen. Uriartek posizio hori hartu behar du. Herriak zer eskatzen duen, zer behar eta adostasun duen, horren baitan kokatu. Adostasunak erabili egin behar dira, eta edukiz bete.
Intsumisioa aipatu da. Sailburuak dio erraz esaten dutela eragileek hori, berak legea bete behar duela.
I.A. Urra dezake legea. Daukan posiziotik zaila izan daiteke, baina irakasle batentzat zailagoa da Espainiako historia ez ematea. Baina, adibidez, sailburuak ez dio uko egin Wertekin bilkuretara joateari. Egin zezakeen. Akordioa egin hemen, eta Madrilera joan gero. Ez du egin. Nahirik ez du agertu.
A.E. Sailburuak ez badu pausorik ematen, zaila da gurasoen egoera. Guraso batek esan dezake erreformaren arabera ez duela matrikulatu nahi ikaslea, baina behartuta dago haurrak 6 urte egitean. Sailburuak segun zer esaten duen, guztiontzat errazagoa izango da.
Nafarroan bestelakoa da egoera.
A.E. Errealitatea konplikatuagoa da. Gobernuak begi onez ikusi du erreforma. Herri presioa da bidea. Nahia badago. Egia da, agian, bide horretan adostasun propio batzuk ere beharko direla. Baina nahia bada, eta aukera ere bai. Herritarrak ez ditut kontent ikusten.
Guraso batek zertarako parte hartu behar du manifestazioan?
A.E. Seme-alaben etorkizuna jokoan dagoelako. Euskal izate batetik, erreformak ezarri nahi duena beltza delako. Eta aldarrikatzeko gurea egin nahi dugula herri, komunitate, pertsona gisa. Badugu guztion artean egiteko bide bat.
Eta ikasle batek?
I.A. Ikaslea hezkuntza prozesuaren zentro izan behar dela esaten da, baina mundu guztiak erabakitzen du haien iritzia kontuan hartu barik. Hori eskatu behar dugu. Euskal Herria hezkuntzatik eraikiko dugula sinestarazi behar da.
Hezkuntza. Espainiako Gobernuaren erreforma. Aiora Epelde eta Ikoitz Arrese. Sortzen Ikasbatuaz-eko eta IAko kideak
«Bidea dugu denon artean egiteko»
Oso babes zabalez, erreformaren aurkako eta hezkuntza Euskal Herritik eraikitzearen aldeko manifestazioa egingo dute bihar Bilbon. Ibilbide baten hasierako ekitaldia izatea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu