Badira hiru bat hilabete Euskal Presoen Aldeko Batzordea eratu zutela Sortun, eta Oihana Garmendia (Santurtzi, Bizkaia, 1976) da eledunetako bat. EPPK-k gogoetaren ondorioen txostena argitaratu berritan hartu du BERRIA. Bihartik hilaren 27ra, Gernika-Lumo (Bizkaia) eta Sakana (Nafarroa) arteko martxa bat egingo dute presoak etxeratzearen alde.
Zer deritzo Sortuk EPPKrenondorioen txostenari?
2013an iragarri zuen bidean aurrerapausoak ematen ari da kolektiboa. Jakin izan du bere burua kokatzen egoera berrian.
Eztabaidan %87koa izan da parte hartzea, eta %72 azaldu dira txostenaren alde. Datu onak?
Kolektiboan kohesio garrantzitsu bat dagoela ikusi da.
Parte hartu dutenen artetik 80 lagunek ez dute alde bozkatu: 40k kontra bozkatu dute, 18k zuri eta 22k ez dute eman botorik. Handia al da 80ko kopurua?
Ez zaio garrantzia kendu behar. Eztabaidak erakutsi duen errealitate bat da, eta aberastasun bat ere bada. 345 lagunetik 301ek hartu dute parte, eta beste batzuek ezin izan dute orain parte hartu, baina baliteke boto gehiago iristea aurrerantzean.
2013ko adierazpenetik zein da eduki aldetik berritasuna?
Errealitateari egokitutako bide zehatzago bat planteatu du kolektiboak. 2013an legediaren bidea ireki zuten, eta orain kontua da praktikan hori nola gauzatu.
Eta soziopolitikoki atzematen al duzue alderik?
Bai. Gaiaz lortu dugun kontsentsu soziala da alde nagusia. Gatazkaren ondorioetan beste korapilo batzuk askatu dira —ETAren armagabetzearena, adibidez—, ikusten da horrek gauzak errazten dituela, eta esaten da presoena konpontzeko ordua heldu dela.
Orain, eskaerak egiteko, EPPKren baldintza ez da Zaballan eta Mont de Marsanen batzea.
Esan bezala, errealitatetik gertuago dago jokabide hori. Estatuen jarreragatik, ez dugu aurreikusten presoak egun batetik bestera egotea euskal kartzeletan, ezta kaleratze kolektiboak izatea ere.
Ezker abertzalea orain hobeto al dago antolatuta eta kokatuta?
Bai. 2013koaren ondoren errepresioak alor batzuetan gabeziak, kontraesanak eta noraeza eragin zizkigun. Presoen eremuan bidea argituz joan gara, kohesionatuago gaude, eta kolektiboak berak ere argipen maila handi bat eman du desblokeorako. Preso guztiak kaleratzea dugu helburu, eta errealista den plan bati helduko zaio, zehatzagoari, aitortuta ez dela guretzat gustuko bidea. Helburura gerturatuko gaituzten pausoak ontzat joko ditugu.
Sortun Euskal Presoen Aldeko Batzordea eratu duzue berriki.
Duela urte eta erdi pasa preso ohiok antolatzen hastea erabaki genuen, gabezia bat ikusten genuelako. Gainera, nabaritzen genuen agenda politikoan ez zegoela presoen afera. Abian prozesua aintzat hartuz, arlo mobilizatzaileari eta ideologikoari ekin genien. Esaterako, hilaren 20tik 27ra martxa bat egingo dugu. Busti egin gara. Orain, Sortun gaude egituratuta, Presoen Aldeko Batzorde modura, eta herriz herri antolatzen ari gara.
Zer lan egingo duzue herrietan?
Presoen kasuak ezagutaraziko ditugu, ildo juridikoan emango dituzten pausoak sozializatuko ditugu, eta babesa eskainiko diegu.
EPPK-k dio bere «binkulazio politiko zuzena ezker abertzalearekin» izango duela. Esaldi berria da. Zer esan nahi du?
Ezker abertzalearen estrategiaren mesedetan kokatu da, eta hori da: gatazkaren ondorioak gainditzea eta prozesu independentista.
Era berean, EPPK-k esan du ez dela alde biko negoziaziorik egongo. 2013ko adierazpenean ez zetorren halakorik; artean itxaropenik bazuelako?
Ni kartzelan nengoen orduan, eta uste genuen ez zela negoziaziorik izan. Gure ustez, Madril prozesu subiranista blokeatzeko erabiltzen ari zen presoen gaia. Orain ere ez dago aldebikotasun integral baterako zantzurik, baina ezker abertzaleak estrategia aldatu du. Aldebikotasunerako tarterik balego, baliatuko genuke.
Zer kasutan?
Fiskalekin edo epaileekin akordioak egiteko aukerak egon daitezke, adibidez, eta gure prozesu globalean kokatu behar ditugu.
Euskal eragileekin bide orri bat adostu nahi al duzue?
Izugarrizko aukerak daude presoen bide hori gizartearekin batera jorratzeko. Premiazko kasuak ditugu, adibidez: larri gaixorik dauden presoak. 70 urtetik gorako hiru preso ere badira. Urruntzea ere arazo larri bat da. Horiek konpontzeko adostutako plan bat beharko genukeela uste dugu.
Zabaldu da EAJk eta Madrilek lotua ote duten euskal presoak 250 kilometrora gerturatzea.
Kezkagarria da euskal eragileekin partekatu ez izana EAJk. Hedabideetatik jakin dugu. EAJk azaldu beharko du zer negoziatu duen Espainiako Gobernuarekin, eta zeren truke. Hala ere, preso bat Algecirasen, mila kilometro pasara egon, edo 250 kilometrora egon, aldea izugarria da, eta positiboa litzateke aldaketa. Baina presoen eskubideak gauzatu egin behar dira, eta haien eskubidea da euskal kartzeletan egotea. Beste kontu bat da kaleratze prozesua, hori graduala izango delako, eta hor euskal eragileen artean adostu behar dugu plan bat.
Onurei begira, gobernuak bost baldintza aipatu dizkio EH Bilduri, idatziz: presoek erakunde «terroristarekin» haustea, indarkeria uztea, biktimei barkamena eskatzea, erantzukizun zibilari aurre egitea eta autoritateekin kolaboratzea. Hitzak hitz, ba al daude baldintzak betetzeko?
Garaileen eta garaituen eskema batean da estatua, eta argi utzi nahi du bera dela garailea. Batez ere, kolektiboa erabili nahi du horretarako. Madrilek nahi duena da presoek euren helburu politikoei uko egitea. Ez dugu beldurrik eragindako kaltea onartzeko, baina inork ez diezagula eskatu damutzea eta kolaboratzea. Hor ez gaituzte aurkituko.
Euskal presoek nola lor ditzakete espetxe onurak?
Salbuespen legedia bertan behera uzten bada. Baldintza horietako «autoritateekin kolaboratzea», gainera, jende gehiago kartzelatzeko edo zigorrak luzatzeko erabili nahiko du estatuak. Garbi dago zein den haren kontakizuna: demokratok garaitu egin zaituztegu, hemen ez da egon gatazka politikorik, baizik eta terrorismoa, otzanak izan behar zarete eta ikusiko dugu zuen eskubideak errespetatuko ditugun.
ETA desagertu arte espetxe politika ez duela aldatuko ere badiote PPk eta haren gobernuak.
Horrela ezingo da konponbide oso bat lortu arte. Guk nahi dugu.
Euskal presoak. EPPKren eztabaidako txostenaren ondorena. Oihana Garmendia. Sortuko Euskal Presoen Aldeko Batzordea
«Bide zehatzagoa dute presoek, errealista»
Duela urte eta erdi antolatzen hasi zirenetik, preso ohiek galtzak bete lan izan dituzte, helburu izanik kartzeletako kideen etxeratzea lortzea. Lan horietan dabil Garmendia. Ontzat jo du EPPKren azken erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu