Bide urratzaileari gorazarre

Xabier Mendigurenekin urte luzez lanean aritutakoa da Laura Mintegi, eta «gizon entziklopediko» gisa definitu du. Lorea Agirre kazetariak eta Sagrario Aleman euskaltzainak haren lana goratu dute

Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren osteko manifestazioa, Kontseiluak deituta. Irudiaren erdian, Xabier Mendiguren. IMANOL OTEGI / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Herenegun hil zen Xabier Mendiguren Bereziartu idazle eta itzultzailea eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi ohia. Haren beila gaur izango da, 16:00etatik 20:00etara, Errekaldeko beilatokian (Donostia). Euskalgintzaren arloan eta itzulpengintzan egindako lana dela medio, albistea ez da oharkabean pasatu, eta Euskal Herriko txoko guztietako eragile, erakunde eta lagunek oroitu dute Mendiguren.

Filosofia eta Letretako lizentziaduna zen heinean, arlo horretan jardun zuen urte luzez. Bertzeak bertze, euskarazko testuliburuak sortzen lan egin zuen: Saioka euskarazko ikasliburuak egin zituen bertze zenbait lagunekin batera. Hori ongi gogoan du Laura Mintegi idazle eta irakasleak: «Garai hartan, testuliburuak egitea ezinbestekoa zen, ikastolak sortzen ari baitziren».

Horrez gain, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren sorkuntzan parte hartu zuen Mendigurenek, eta hango irakasle eta zuzendari aritu zen 1990era arte. Bertan egindako lanagatik bereziki «miresten» du Mintegik, haren iritziz eskola hura izan baitzen egungo itzultzaile anitzen formakuntzaren oinarria. Eskola hartatik atera ziren 1987an EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Senez aldizkaria. Elkar taldeak eta Euskal PEN klubekoek ere Mendigurenek itzulpengintzan egindako lana ekarri dute gogora.

Lorea Agirre kazetariak ere Mendigurenek itzultzaile gisa egindakoak azpimarratu ditu: «Autore garrantzitsuak ekarri zituen euskarara lehen aldiz, eta horrek ateak zabaldu zizkion euskarari». Hizkuntzen zalea zela ere gogoan du, eta hamabi hizkuntza inguru zekizkiela.

Mintegi eta Mendiguren 1996an hasi ziren elkarrekin lanean, Euskararen Unibertsoa mugimenduan. «Bi urtez buru-belarri aritu ginen lanean zazpi pertsona, gero Euskalgintzaren Kontseilua izango zena sortzen». Bi urte geroago sortu zen Kontseilua, eta, haren sorreran parte hartu zuten gehienak beren lanetara itzuli baziren ere, Mendiguren «lemazain» gisa gelditu zela oroitu du Mintegik. Hala, 1998tik 2010era Kontseiluko idazkari nagusi izan zen, eta euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Haren ibilbidea ikusita, «gizon entziklopediko» gisa definitu du Mintegik: «Ez zuen estimatzen berak egiten zuen lan erraldoia, baina besteek egindakoa, handia edo txikia izan, bai».

Ados agertu da Agirre ere. Erran du euskalgintzarendako eta euskal gizartearendako«jauzi kualitatibo bat» izan zela Kontseilua sortzea, eta, hein handi batean, hori Mendigurenek egin zuela: «Bera izan zen lehen idazkari nagusia; beraz, berak asmatu behar izan zuen euskalgintzaren batasuna lantzen, egituratzen, bere leku soziala ematen eta garrantzi politikoa ikusarazten».

Jakin aldizkarian izandako ibilbideaz ere mintzatu da Agirre, eta hedabidearen lehenbiziko urteetan beraiekin izan zela erran du. Hala, hark idatzitakoak berriz ere irakurtzea eta haren hitzak gogora ekartzea «omenaldi txiki bat» dela dio: «Mendiguren gogoratzeko modu bat da, zer idatzi zuen, zer pentsatzen zuen, zein kezka zituen eta zer soluzio bilatzen zituen kontuan izateko». Funtsean, «bidegilea» izan dela argi du, eta hari esker belaunaldi berriek lasaiago egin ahal izanen dutela aurrera.

«Kikiltzen ez zen gizona, kultura handikoa». Horrela gogoratzen du Sagrario Aleman irakasle eta euskaltzainak Mendiguren. Harekin lanean aritu zen, eta bereziki miresten du Mendigurenek egoera zailetan zuen jarrera: «Hainbat gauza gogor bizitzea tokatu zitzaion, eta beti aurrera egiten saiatu zen, egoerarik gogorrenean ere». Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera da Alemanek buruan dituen egoera haietako bat: Mendiguren funtsezkoa izan zen hedabide haren itxierari aurre egiteko, garai hartan bera baitzen Kontseiluko idazkari nagusia. «Jakin zuen elkartzen hainbat jende oso interes eta pentsamendu diferentekoak. Bazekien egoerari aurre egin behar zitzaiola, eta hori lortzeko elkarrekin jokatu behar genuela». Agirrek ere gogoan du Mendigurenen jarrera: «Kontseiluak euskalgintzaren erantzuna antolatzeko jarrera hartu zuen, euskalgintza izan zedin Egunkaria bera».

Esker onak

Euskalgintzako eta itzulpengintzako alorretan dabiltzanek ez ezik, Euskal Herriko zenbait politikarik ere Mendigurenen aldeko hitzak zabaldu dituzte sare sozialetan. Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Ignacio Asensiok gogoratu du Mendigurenek beti euskararen alde egiten zuela, eta «ezberdinen arteko adostasunen bilatzaile» gisa definitu du. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, berriz, eskerrak eman dizkio Mendigureni: «Euskararen aldeko borrokan segituko dugu, Xabier. Eskerrik asko herria egiteagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.