UEU Udako Euskal Unibertsitateak, ikasturteko hasiera ekitaldiaren harira, Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu base zaharberritua aurkeztu zuen ostegunean. Karmele Artetxek (Zamudio, Bizkaia, 1976) egin zuen amaierako hitzaldia. Urteotako euskarazko zientzia produkzioaz gazi-gozo mintzatu zen, gogoeta eragiteko moduko eran.
Euskarazko produkzio eta komunikazio zientifikoaren argi-ilunak hitzaldia eman duzu asteon. Oro har, nolakoa da Euskal Herrian egiten den produkzioa? Zergatik da balorazioa gazi-gozoa?
Azken lau hamarkada hauetan ibilbide arrakastatsua egin du. Halere, ezin gara jausi baikortasunean; pozik egon behar dugu egin dugun bidearekin, baina zuhur ibili behar dugu. Izan ere, Ingumako datuek erakusten dutenaren arabera, 2002-2003tik hona, euskarazko produkzioa, urtero ekoizten dugun arren, moteltzen ari da. Normalean, gero eta gehiago ekoiztea izan beharko luke joerak; hau da, egun urtean 400 euskarazko artikulu baditugu, hemendik hamar urtera 700 artikulu izan beharko genituzke.
Paradoxa dirudi. Inoiz ez da egon egun baino ikertzaile eta zientzialari euskaldun gehiago; haatik, euskarazko produkzioak behera egin du…
Ekoizten jarraitzen dugu, baina hazkunde negatiboarekin. Egia esan, ez dakit zein den arazoa. Dena den, nik uste dut ebaluazioan egon daitekeela giltzarria. Unibertsitatean dihardugunok ebaluazio atalak pasa behar izaten ditugu gure lanean jarraitzeko; besteak beste, gure curriculuma neurtzen dute. Horren ardura dute ebaluazio agentziek. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, Unibasq dugu. Berez, ez dut nahikoa aztertu benetan hala den zehazteko, baina ebaluazio agentzia horiek ikertzaileak saritzeko erabiltzen dituzten irizpideen artean nazioarteko erdal produkzioa dago. Horrenbestez, euskarazkoak ez du inongo aitorpenik. Hori dela eta, jende askok honako mezu hau harrapatu du: «Euskaraz ekoizteak ez du ezertarako balio, eta egiten badut, nahi dudalako egingo dut, jakinik ez didatela ezer aitortuko».
Goi mailako produkzioen atzean, esaterako, euskal kulturgintzan diharduten erakundeak daude, eta, ondoren, unibertsitateak. Zergatik?
Historikoki Euskal Herrian unibertsitateak erakunde erdaldunak izan dira; gerora euskaldundu dira. Bere garaian, euskal kulturgintzak hartu zuen euskararen erabileraren normalizazioa unibertsitatean bultzatzeko ardura. Eta egun ere, EHUrekin lanak partekatzen dituzten arren, eurak dira nagusi. Hori ez da gertatzen erdarazko produkzio zientifikoan, unibertsitatean edota ikerketa zentroetan ekoizten baitute. Egitura ezberdina dugu, euskararen normalizazioa euskal gizarte zibilaren proiektu bat izan delako.
Egoera horren aurrean, unibertsitateak zer-nolako rola izan beharko luke?
Nire ustez, aktiboa izan beharko luke, hau da, gehiago inplikatu beharko luke. Bide horretan, hainbat erabaki hartu beharko lituzke; besteak beste, ebaluazio agentziei esan beharko lieke euskarazko ekoizpenak ere garrantzia duela guretzat. Hala ere, hori ez da unibertsitateen kezka nagusiena, baizik eta ikasleak izatea eta nazioarteko rankingetan egotea.
Euskarazko produkzioak aurrera egin dezan neurriak hartu behar direla diozu; besteak beste, euskaraz jardungo duen unibertsitatea izatea ezinbestekoa iruditzen zaizu aurrera egiteko. Zer ekarriko luke?
Gaur egun, euskarazko produkzioa kulturgintzan dago. Oso ongi dago, eta lan ona egin da, baina bere leku naturalak unibertsitatea izan beharko luke. Horiek horrela, euskararentzat unibertsitate bat behar dugu; ez filologia emateko, baizik eta euskaraz funtzionatuko duen unibertsitate eleaniztuna izateko, hizkuntza komunitate osoa biltzeko. Ez da nahikoa hizkuntza politikarako sailburuordetza bat izatea edota euskara sailak izatea. Euskarak behar du bere erakunde propioa.
Komunitate zientifikoari dagokionez, nolakoa beharko luke?
Eginez joanen litzateke. Une honetan, testuinguruak ez dizkigu baldintzak ematen nahi duguna egiteko; dauden arazoak desgaitu egin behar dira. Ebaluazioak, esaterako, indarra eta gogoa kentzen digu gauzak euskaraz egiteko. Gure komunitate zientifikoak euskaldun eleaniztuna izan beharko luke: batetik, euskara komunikatzeko tresna gisa, eta, bestetik, eleaniztuna gainerako komunitateekin komunikatzeko.
Karmele Artetxe. Historian doktorea
«Bide ona egin den arren, moteltzen ari da euskarazko produkzio zientifikoa»
Artetxek nahiko luke zientzialari gehiagok egitea euskararen aldeko hautua ikerketa lanak argitara emateko; bide horrek arrakasta izateko gako deritzo euskaraz funtzionatuko duen unibertsitate eleaniztun bat eratzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu