Bide legegilean, nora ezean

Lurralde elkargoaz gain, beste egitura batzuk lantzen dabiltza Euskal Herriko parlamentari batzuk. Pauso horiek aurreikusiak ez zirenez, «juridikoki konplexutasun iturri» direla dio Massias juristak.

Ekainaren 1ean 6.000 lagun atera ziren kalera, euskal lurralde elkargoaren alde. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
I par Euskal Herriko parlamentariek deszentralizazio erreformari egindako ukitze bakoitzak sekulako inarrosaldia eragiten du Ipar Euskal Herrian. Alta, bidearen hastapenean bakarrik dira, eta helmugan Ipar Euskal Herriarentzat zein egituraketa mota izanen den ezin daiteke jakin. «Parlamentuaren funtzionamendu normalean gaude. Baina, noski, Euskal Herritik ikusirik konplikatuagoa da, ondorio zuzenak dituztelako lurraldean, baina berez dena normal doa», Jean-Pierre Massias zuzenbide irakasleak dioenaz, zeina gaia hurbiletik segitzen baitabil.

Frantziako Gobernuak erantzun politikorik ez emanik, bide legegilea hartu behar izan dute euskal lurralde elkargoaren aldekoek. Nahiz Jean-Jacques Lasserre, Sylviane Alaux, Frederique Espagnac, Colette Capdevielle eta Jean Lassalle parlamentariek euskal lurralde elkargoari buruzko aldaketa elkarrekin aurkeztuko zutela erran, azkenean, halakorik ez da gertatu. Interes pertsonalek ekimen kolektiboari gaina harturik, bakoitza berean aritu da: Lasserrek ez du nahi izan aldaketarik aurkeztu ; lurralde elkargoarena gobernuak oztopaturik, antolaketarako eta elkarlanerako poloa eskatu du Espagnacek, eta Capdeviellek jakinarazi du lurralde elkargoarena proposatuko duela, baina, dirudienez, metropoli poloa dakarren aldaketa ere lantzen ari da.

Horretaz Massiasek ez du bere iritzia plazaratu nahi: «Dimentsio estrategikoaz, taktikoaz edota politikoaz ez dut oharrik egin nahi; ihardukitzea baten edo bestearen alde kokatzea litzateke, eta hori ez da gure eginbeharra». Hala ere, oroitarazi du Jean Gourdou juristak eta berak lurralde elkargoa zutela aholkatu. Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak eskaturik, Lapurdirentzat, Nafarroa Beherearentzat eta Zuberoarentzako egon zitezkeen egituraketa motak ikertzen aritu ziren iaz. «Arloka ibili ziren lan taldeak horretaz gogoetatzen, eta ondorioa zen eskatzen zutena lurralde elkargo batekin soilik bete zitekeela; horregatik genuen besteak beste metropoli poloen aukera baztertu, ez zielako tokiko eragileen beharrei erantzuten». Ikerketaren ondotik etorri zen Hautetsien Kontseiluaren eta Garapen Kontseiluaren bozketa lurralde elkargoaren alde. Poloaren aldaketa proposatu izana «juridikoki konplexutasun iturri bat» dela dio, «horrelakorik ez zelako aurreikusia». Nahiz eta Massiasek hori ez zehaztu, argi da parlamentari batzuen ekimen pertsonalek egoera zaildu dutela, euskal lurralde elkargoaren alde dabilen koordinakundeak islatzen duen adostasun orokorraren sinesgarritasuna ahultzen duelako.

Eskaera ofizial bat egin behar

«Helburua lurralde elkargoa baldin bada, orduan logika juridikoari segi, horri buruzko aldaketaaurkezpen ofizial bat egon behar lirateke; gero ageriko da... baina dugun segurtamen bakarra da ez dugula lortuko eskatzen ez badugu», Massiasen hitzetan. Ez bada onartua, bigarren aukera bati buruz gogoetatu beharko dela dio, baina, hori aitzin, hastapeneko nahia pausatzea garrantzitsutzat dauka.

Espagnacek dio eskaera aurkeztu zuela eta gobernuak blokeatu ziola. Ez da, ordea, eskaera horren frogarik inon ageri. Bai onartuak, bai eta errefusatuak, aldaketa guztiak ageri dira Senatuaren webgunean. Baina tartean ez da euskal lurralde elkargoari buruzkorik. Hori dela eta, Deszentralizazio Ministerioarekin idatzi duen polo proposamena da bakarrik Parlamentuan. Senatuak bozkatua izan arren, aitzina segituko duenik ez da errana, Konstituzioaren aurka doalako. Gaur egungo pays egitura erakunde publiko bilakaraztea planteatzen du, baina horrelakorik ez da posible, elkartzeko eskubidea zangopilatzen duelako. Hala ere, moldaketarik gabe legebiltzarrera pasatuko da, eta hor ageriko da segida. Aitzina baldin badoa ere, azken finean Kontseilu Konstituzionalak blokeatuko du. «Galdera juridikoa benetan argitua izanen da Konstituzio Kontseiluan, hark du in fine egoera argituko», Massiasek zehaztu duenez.

Lehen irakurketa Senatuan eginik, legebiltzarrean egonen da erreforma ondoko asteetan, eta bertan aurkeztuko du euskal lurralde elkargoari buruzko aldaketa Capdeviellek. Ekainaren 27ko 17:00ak dute aldaketen aurkezteko azken epea. Hori guztia juridikoki «oso normala» dela dio Massiasek; poloa eta lurralde elkargoa ezberdinak izanki, inolako arazorik ez du eragiten bi aukerak egoteak Parlamentuan.

Berez sinplea litzateke...

«Azkenean, zailtasun hori erabaki politiko baten emaitza da; gobernuak koordinakundearen eskaera entzutea onartuko balu, juridikoki askoz sinpleagoa litzateke egoera, juridikoki ez duelako zailtasunik sortzen. Beraz, zailtasun hori juridikoa da, baina blokeo politiko baten ondorioa da». Gourdou eta koordinakundeko kide batzuekin aritu da aldaketa hori idazten Massias. Prest-prest dute, baina ofizialki ez da oraindikparlamentuan aurkeztua izan.

Blokeo politiko hori esplikatzeko azalpen gutxi ikusten ditu. Alderantziz, dioenaz, «ez da geroan sekula gaur egun baino arrazoi gehiago izanen lurralde elkargoa sortzeko». Lurralde elkargoak duen adostasun orokorra, proposamen jakin bat mahai gainean, Aieteko adierazpenak dakarren testuinguru politiko berria...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.