Migratzaileak

Bidasoan gorpu bat aurkitu dute, eta ikertzen ari dira martxoan desagerturiko migrantearena ote den

Muga zeharkatu nahian zebilen migratzaile bat desagertu zen ibaian martxoaren 12an. Ondoko bost egunetan ez zuten erdietsi hura aurkitzea, eta bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak. Hilotza identifikatzeko ahaleginetan dira orain.

Larrialdi zerbitzuak migrantearen hilotza bilatzeko lanetan, joan den martxoaren 14an. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko martxoaren 30a
18:49
Entzun

Guardia Zibilak gizonezko baten hilotza atzeman du Bidasoa ibaian, Irun (Gipuzkoa) inguruan. Gizonezko batena da. Polizia iturriek oraindik ez dute eman informazio gehiagorik, baina ikertzen ari dira martxoaren 12an desagerturiko migrantearena ote den. Izan ere, hura desagertu zen tokitik hurbil aurkitu dute hilotza. Poliziak erantsi du gorpua deskonposatze fase aurreratuan dela. Ur azalean atzeman dute.

Ikusi gehiago: Behobiako zubia itxi dute, «denentzako» korridore humanitarioak eskatzeko

Larrialdi zerbitzuek martxoaren 17an utzi zioten migratzailea aurkitzeko bilaketa lanetan jarduteari. Gizonezkoa desagertu eta bost egunera, alegia. Hala eta guztiz ere, ikerketa ez zen guztiz eten, eta Guardia Zibilak miaketa lanetan jarraitu du tarteka.

Ibaian gorpu bat aurkitu dutela zioen albistea zabaldu eta gutxira, kasuari buruzko adierazpenak egin ditu Irungo alkate Jose Antonio Santanok. «Min eta tristura sakona» dituela adierazi du, eta erantsi du «dituzten baliabide guztiak» eskainiko dituztela laguntzeko. «Babesa, elkartasuna eta kariñoa» azaldu dizkie hildakoaren hurbilekoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.