Bidasoan 25 urteko migratzaile bat hil da, muga igarotzeko ahaleginean

Aurten ibaian hildako bigarren migratzailea da. Jaurlaritzak «kontrol selektibo eta arrazistak» salatu ditu, eta «bide seguruak» eskatu. Protesta batera deitu du SOS Arrazakeriak; gaur da, Donostian

Hilotza aurkitu zuten tokia, atzo. GARI GARAIALDE / BOSTOK PHOTO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz - Maite Asensio Lozano
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo goizean jakinarazi zuen Guardia Zibilak gorpu bat topatu zuela Bidasoa ibaian, Irun aldean (Gipuzkoa); Behobiako zubiaren inguruan, zehazki. Hilotza migratzaile gazte batena zen: Abderrman Bas izeneko gizonezko ginear bat zen, 25 urtekoa. Gazteak ez zeraman dokumentaziorik soinean, baina hatz marken bidez identifikatu zuten; Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, Lanzarotera (Kanaria uharteak) iritsi zen maiatzean.

Jaurlaritzaren arabera, gaztea «berriki» zendu zen. Astelehenean egingo diote autopsia, baina argitu dute gorpuak ez duela indarkeria zantzurik: itota hil den susmoa dute. Aurten Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zendutako bigarren migratzailea da Abderrman Bas. Martxoaren 12an Bidasoa gurutzatzen ari zela desagerturiko pertsona baten bila ari zirela jakinarazi zuten. Hainbat egunetan bila ibili ondotik, martxoaren 30ean atzeman zuten harena izan zitekeen hilotza. Ondoren, apirilaren amaieran ere beste baten bila ibili ziren, Endarlatsa inguruan. Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak asteon bertan gogoratu du azken hilabeteetan lau pertsona zendu direla Bidasoan itota, beste batek bere buruaz beste egin duela Irunen, eta hiru lagun hil direla Ziburun trenak harrapatuta.

Atzo Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE-EE) atsekabea adierazi zuen, ohar baten bidez: «Ezin gara drama honetara ohitu». Mugako kontrolak arazo badira, horiek «birplanteatzera» deitu zuen. Antzera mintzatu zen Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria, Xabier Legarreta. Frantziako Poliziak mugan egiten dituen «kontrol selektibo eta arrazistak» salatu zituen, eta«bide seguruak» eskatu zituen. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasok ere adierazpenak egin zituen sare sozialen bitartez, albistea hedatu berritan. Twitterren esan zuen«beste ezbehar humano bat» gertatu dela Bidasoan.

Gaitzespen irmoa

Oharra kaleratu zuen Gipuzkoako SOS Arrazakeriak ere. Hendaiako muga: axola ez duten bizitzak goiburua du. Gogor salatu ditu mugako kontrolak, eta, halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio aurki osatuko den Frantziako Gobernuari exiji diezaiola bertan behera utz ditzala kontrol horiek. Mobilizazioa eginen dute gaur eguerdian, 12:00etan, Donostiako Aquariumetik abiatuta. Irungo Harrera Sareak Irunen egingo du protesta, 12:30ean. Bihar errefuxiatuen nazioarteko eguna izango da, eta horren harira, manifestazioak eginen dituzte Bilbon eta Gasteizen ere, 19:00etan; Iruñean, 18:00etan. Bizi-k, berriz, atzo egin zuen iheslarien eskubideen alde protesta bat, Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.