Gure Esku-k, Frantziako Tourreko hirugarren etapa Irunetik pasatuko dela baliatuz, Bidasoko mugaren kontrako ekinaldi bat egin du. «Bidasoa muga bainoago, zubi izan dadin aldarrikatzen dugu». Frantziako Tourreko hirugarren etapa hau Zornotzatik hasiko da, eta Baionan bukatuko, Irungo Bidasoko mugatik pasatuz. Adierazi dutenez, tourra ez da Frantziara pasatuko, Lapurdira baizik, Ipar Euskal Herria Euskal Herria dela aldarrikatuz. Gure Esku-ren ekinaldian, herritarrentzako kalejira bat antolatu dute, Irungo Santiago frontoian hasi eta mugako zubian bukatu dena. Kalejira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, erraldoi eta buruhandiek, eta musikariek girotu dute.
Bukatzear da Gure Esku-ren kalejira. Bidasoan bi errelato desberdin gurutzatuko direla dio elkarte subiranistak: "Tourreko antolatzaileentzat han amaitzen da Espainiako zatia eta Frantziara sartuko da lasterketa. Guretzat dena da Euskal Herria". @berriapic.twitter.com/hFJtAW1eL7
— Xabier Martin (@Xabier_Martin) July 3, 2023
Gure Esku-ren ekinaldian, Iñigo Urrutia eta Irantzu Perellok adierazi dute «Bidasoaren alde batean zein bestean» badela hizkuntza, kultura eta nortasun propioak dituen herri bat, «elkarrekin bizi eta erabaki nahi duena». Muga hori, hain zuzen, hego euskal herritarrak eta ipar euskal herritarrak «arrotz bilakatu nahi» dituen muga bat dela ere esan dute. Gainera, salatu dute Europara datozen migratzaileek muga hori gurutzatzeko arazoak eta arriskuak dituztela, eta adierazi hor egon diren heriotzak «jasanezinak» direla. 2022an, hamar pertsona hil ziren muga hori gurutzatzen.
Aurten Euskal Herrian hasi den Frantziako Tourrean, ugariak izan dira euskal nortasunaren aldeko jarduerak. 60.000 ikurrin banatu dira zaleen artean, Euskal Herritik pasatuko diren etapak ikurrinaz beteta egon daitezen. Frantziako Tour hasiera hau sekulako aukera izan da nazioartean erakusteko Euskal Herria herrialde bat dela eta autodeterminaziorako erabakia eduki behar duela.