Bidasoa igerian zeharkatu duen migrante bat lagundu dute

Hendaiako arrantzale batzuek lagundu zuten lehorreratzen larunbatean. Hautetsiei gutun bat idatzi diete: «Drama bat gertatuko da»

Migranteak, Irun eta Hendaia artean, duela bi asteko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Bidasoa ibaia zeharkatzen ari zen migratzaile bat uretatik ateratzen lagundu zuten Hendaiako (Lapurdi) arrantzale batzuek joan den larunbatean. Tom Dubois-Robinek kontatu du, Ipar Euskal Herriko hautetsiei idatzi dien gutun ireki batean. «Mugan diren kontrol iraunkor eta sendotuen ondorioz, Irundik datozen migrante anitzek Bidasoa ibaia igerian zeharkatzeko arriskua hartzen dute Frantziara iristeko. Egoera honek drama bat ekarriko du», abisatu ditu. Hautetsiak akuilatu ditu «egoera dramatikoa berehala geldiarazteko» neurriak har ditzaten.

Martxoaren 13an, iragan larunbatean, 08:30 eta 09:00 bitartean arrantzan ari ziren, ohi bezala, Dubois-Robin eta haren lagunak. Halako batean, migrante bat ikusi zuten, igerian, zailtasunetan. Lehorreratzen lagundu zuten. Migratzailea hoztua zegoela kontatu du: «Bizi hobe baten bila, itotzeko arriskua hartu du». Jantziak idortu zizkioten, eta ondoanduten petanka klubean jaten eman zioten. Gerora, bere baitarik joan zen migrantea; ez dakite nora. «Ez genekien norengana jo. Badakigu Poliziarekin zaila dela», kontatu du Dubois Robinek.

«Zoritxarreko» gertakari bat dela dio, baina ez da harritua. «Bada denbora bat ikusten ditugula. Bidasoa berez ez da oso arriskutsua, baina, ur-lasterrak badira, eta anitzek ez dakite igerian», azaldu du. «Dramatikoa da». Hedabideen bidez, gutun ireki bat helarazi nahi izan die Ipar Euskal Herriko hautetsiei, gertatua kontatzeko asmoz,eta haiek gero neurriak har ditzaten. «Alde humanoa azpimarratu nahi dut. Gure betebeharra da arriskuan dagoen edonori laguntzea. Norbaitek zerbait egin dezala».

Azken asteetan areagotu egin da etorkinen inguruko kezka. Mugan pairatzen duten egoera salatzeko, askatasun murrizketen kontra eginen den manifestazioan parte hartuko dute Diakite, Cimade eta Etorkinekin elkarteek, larunbatean, Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.