Artus Mas. Berpiztutako presidentea
Presidente ohiaren besaulkitik lasai dabil orain hitzaldiz hitzaldi, A-9ko epaiketaren sententziaren zain dagoela. Baina Masek ez du bere burua erretiratuta ikusten: politikaren lehen lerroa utzi zuen, baina ez luzerako.
Duela hamahiru hilabete baztertu zuten agintetik. Orain, badirudi berpiztu egin dela Artur Mas (Bartzelona, 1956): A-9ko galdeketa antolatzeagatik epaitu berri dute, eta horrek aspaldi galdutako ikusgarritasuna eman dio, 2014ko garai distiratsuen antzera. Baina ez da berpizte samurra izan, inondik inora. Hasteko, Masek ez zuelako bere burua politikoki hilda ikusten: 2015eko hauteskunde plebiszitarioen ostetik gobernatzen jarraitzeko asmo osoa zeukan, eta ez zuen espero nork eta CUPek, parlamentuko alderdi txikienak —eta, gainera, independentistak— baztertuko zuenik postutik.
Baina erdibiderik gabekoa da Masek eragiten duen iritzia, eta batzuek goraipatzen duen era berean diote besteek ezinikusia. Katalunia zuritik beltzera aldatu da urte gutxian, eta zein garaitako Artur Masi begiratzen zaion, halakoa izan daiteke hari buruzko iritzia. Azken lauzpabost urteotan ezagutu duenarentzat, konpromiso subiranista sendoko presidentea da, herritarrei botoa emateagatik epaitu dutena. Aurreko agintaldietako bere jarduna gogoan duenarentzat, berriz, PPren laguntzarekin murrizketa handiak egin zituen hura da. Bata zein bestea ukatzea litzateke itsukeria, baina aiseago uler daiteke Masen figura publikoaren bilakaera, egokitu zitzaizkion garai politikoei erreparatuz gero.
Jordi Pujolen apopilo gisa heldu zen CiUko buruzagitzara. Lehen bi legealdiak oposizioan igaro zituen, PSCk, ERCk eta ICVk osatutako hiruko gobernua agintean zegoela. 2010ean Generalitateko presidentetza hartu zuenerako, haietako inork susma ezin zezakeen aldaketa bat martxan zegoen Kataluniako gizartean: Espainiak ezezko borobil eta iraingarria emana zion herritarrek bozkatutako estatutuari, eta 2010eko uztailean martxa jendetsu batek bete zituen Bartzelonako kaleak, ordura arte gutxitan aditutako lelo batekin: Nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu. Dozenaka udalerritan hasiak ziren independentziari buruzko galdeketak egiten, eta aurki sortuko ziren aldarri hori kanalizatzeko erakunde zibil subiranistak.
Masek, hasieran, distantzia hartu zuen adierazpen haietatik, eta Kataluniak behar zuena itun fiskal bat zela argudiatu zuen. 2012ko udan saiatu zen hura negoziatzen, baina kalabazak jasota itzuli zen Madrildik. Urte hartako Diadan milioi bat eta erdi lagunek eskatu zuten independentzia, eta Masek ezin izan zion irudi hari ihes egin. Bozak aurreratu zituen, parlamentuak hurrengo legealdian erreferenduma egiteko konpromisoa hartu ostetik.
Aliantza subiranista
CiU krisisakonean zegoen ordurako. Kataluniak %22ko langabezia zeukan, eta eliteen aurkako jarrera nagusitzen ari zen gizartean; horrek Espainiari eragiten zion —«lapurreta fiskala» aipatzen zen—, baina baita printzerrian jaun eta jabe izandako CiUri ere. Masek Pujolek baino izaera teknikoagoa zeukan: ekonomialaria zen, eleanitza, Europara begira zegoen, eta beste inork baino lehenago sartu zituen indarrean Bruselako politikak. Lehenbiziko urte eta erdian, %22 murriztu zuen Generalitateko aurrekontua: herritarrek zerbitzu publikoen pribatizazioan, funtzionarioen soldatetan eta diru laguntzetan sumatu zuten nagusiki.
Kanpainan, CiUrentzako gehiengo osoa eskatu zuen, baina alferrik: errail independentistan geratu nahi bazuen, alderdi ezkertiarragoekin negoziatu beharko zuen. Orduan hasi zen CiUren eta ERCren arteko maitasun eta gorrotozko istorioa. 2013 amaieran adostu zuten erreferendumerako data: 2014ko azaroaren 9a. Auzitegi Konstituzionalak debekatu arren, arrakasta itzela izan zuen prozesu parte hartzaile hark.
Urrats zailena, ordea, haren ostean heldu zen: hauteskunde «plebiszitarioetara» deitu beharra zegoen derrigorrez. CDC —ordurako Uniotik bereizita— eta ERC luze katramilatu ziren, eta azkenean zerrenda bakarra osatzea adostu zuten: Junts Pel Si. Masek bosgarren postua hartu zuen, baina Generalitaterako hautagai izanda.
Hauteskunde haietan ere ez zitzaizkien kalkuluak espero bezala atera. Junts Pel Sik, alderdi nagusi izanagatik, 62 diputatu lortu zituen; independentziaren aurkakoek elkartuta baino bat gutxiago. Presidentea inbestitzeko, beraz, CUP ezker independentistaren beharra zeukan ezinbestean. Kataluniak azken urteotan bizi izandako tentsio politiko goreneko uneetako batean, Mas baztertzea adostu zuten CUPek eta Masen alderdiak berak, eta presidentearen aukerako hautagai bat izendatu zuten goizetik gauera gobernuburu: Carles Puigdemont.
Masek ez zuen gogo txarra ezkutatu «alde baterako urrats» sonatua egin zuenean, baina iragarri zuen ez zuela Generalitatea luzerako uzteko asmorik: alderdia eraberritzeari ekingo ziola —iaz birfundatu zuten CDC, PDECat izenarekin—, eta ez ziola uko egingo bozetara berriz aurkezteko aukerari.
Juan Jose Ibarretxe. Independentzia komeni litzatekeela esateraino
Jaurlaritzako lehendakari zela, erabakitzeko eskubidea kontzeptua gizarteratu zuen Ibarretxek. Kargua utzi zuenetik ildo beretik jardun du, baina agerraldietan mezuari karga subiranista handiagoa eransten joan da.
Unibertsitate arloko euskal eta katalan subiranistek lagunarteko eztabaida batean jarduten dute: nork asmatu zuen erabakitzeko eskubidea terminoa, euskal herritarrek ala katalanek? Askok tantoa Juan Jose Ibarretxeri eman izan diote, Jaurlaritzako lehendakaritzako bigarren legealditik aurrera plaza politikora atera izanagatik. Hark esan izan du lehendakari zen garaiko (1999-2009) «berrikuntza politikoa» hiztegi politikoan autodeterminazio eskubidearen partez erabakitzeko eskubidea sartzea izan zela.
1999ko urtarrilean hartu zuen lehendakaritza Ibarretxek (Laudio, Araba, 1957), Lizarra-Garazi akordioa martxan zela. Gonbidatu bat zirudien, baina gero, 2000ko urtarrilean ETA berriro atentatuekin hasi zenean, egoera latza kudeatu behar izan zuen. Orduan hasi zen figura politiko gisa hazten. Mugarri izan ziren 2001eko Eusko Legebiltzarrerako bozak: EAJ-EA koalizioak 604.222 boto lortu zituen, eta 33 legebiltzarkide. Ondoren iragarri zuen EAErako «adostasun politiko berri bat» lortzea zuela xede. Lehenago, 2000ko politika orokorraren saioan, alderdien foro bat proposatu zuen, erabakitakoa errespeta dadin. Dena den, Ibarretxek artean ez zuen erabakitzeko eskubidea zehazki formulatzen. «Euskal gizartearen borondatearen errespetua» aipatu zuen 2001eko uztailean, inbestiduran. «Gakoa erabakitzeko gaitasuna» izatea dela zioen Hermes aldizkarian, hiru hilabete lehenago.
Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzeaz bat, «hiru eremu juridiko-politikoetako» herritarren «elkartasun askea» defenditzen zuen, «aberriak eta proiektuak ezin baitira inposatu». Espainiako Estatuarekiko ere kontzeptu bera zerabilen: EAEk erabaki behar duela zer harreman izan. Ardatz horiei jarraiki, lehendakari gisa bere egitasmo nagusiak EAEko 2004ko Estatutu Politiko Berria eta 2008ko Galdeketa Legea izan ziren. 2004koa Espainiako Kongresuak bota zuen atzera, eta 2008koa, Konstituzionalak. Ibarretxek bietan aurretik esan zuen Madrilek ez onartuta ere galdeketa egingo zela; ez zen batere egin. Bi kasuetan bozak deitu zituen.
Erabakitzeko eskubidearen kontzeptua gizarteratu zuen arren, itun politiko berriak Espainiako Konstituzioan oinarritutakoa izan behar zuela adierazi zuen. Edota: «Guk burujabetza Espainiarekin eta Frantziarekin partekatu nahi dugu. (...) Mendeetan bizi izan gara espainol herriarekin, eta erabat posible da beste denbora askoan elkarrekin bizitzen segitzea, elkarri errespetua izanda. Elkarrekin gaude, elkarrekin egotea nahi dugulako». Javier Ortiz zenaren Ibarretxe liburuan (2002) irakur daitezke esanok. Europako Batasuneko testuingurua argudio modura erabiliz, «Euskadiren independentzia ezinezko helburu bat» dela ere bazekarren han. «Hitz egin daiteke horretaz, tribuna batetik edo eztabaida batean defendatu daiteke, balizko abantailez edo eragozpenez mintzatu, pankarta batean jarri, programa politiko batean idatzi. Baina fisikoki gauzaezina da. Egun mendebaldeko Europan independentzia kontzeptua sostengantzeko oinarri objektiborik ez dago. Jada ez daude independentziak. Interdependentziak daude»; «independentzia eta burujabetza XX. mendeko kontzeptuak dira». 2014an Eskozian independentziaz erreferenduma egin zuten, Erresuma Batuak baimenduta, eta galdeketa defenditu egin zuen Ibarretxek.
Lehendakari ohi modura
2009an berriro irabazi zituen bozak, baina Patxi Lopez (PSE-EE) jarri zen lehendakari. Hilabete batzuetako isiltasunaren ostean, 2010eko urrian Printzipio etikoa, printzipio demokratikoa eta giza garapen iraunkorra: eredu demokratiko baten oinarriak tesian «euskal gizartearen erabakienganako errespetua» eskatu zuen. 2013ko martxoan Agirre Lehendakaria Center zentroko zuzendari izendatu zuten, eta, tribuna horretatik, mezuari karga politikoa eransten joan zaio, agerraldiak ugarituz baina neurtuz: «Ez dago konstituziorik, ez legerik, egin nahi duguna oztopatzeko»; «erabakitzeko eskubidea onartu ezean, aldebakarreko independentzia aldarrikapenak izango dira Euskal Herrian eta Katalunian»...
Lehen bezala, segitu du interdependentziaz hizketan —«mundu globalizatu honetan gakoa ez da independentea izatea, independentzia partekatu egin behar dugulako. Arazoa dependentea izatea da»—, baina mezu argiagoak edo ausartagoakplazaratu ditu. 2014an Donostian esan zuen herri honen «independentzia oso gomendagarria» litzatekeela. Ordurakounionistek «independentista eta bereizketaren aldekotzat» definitua zuten. Haren erantzuna: «Seguruenez, asmatu dute».
Aurtengo urtarrilaren 15ean BERRIAn eta beste egunkari batzuetan idatzi zuena ere kontuan hartzekoa da: «Azken urte hauetan, Gernikako Estatutuko eskumen guztiak ez jasotzeaz gainera —emandako hitzari iraina-, Estatuaren birzentralizazio gogorreko prozesua bizi izan dugu. Autogobernurako gaitasun hau gabe, Madrilen hartzen diren erabakien mendeko izango gara. (...) Egia da guztiok interdependenteak garela sistema konplexu batean, baina egia da, halaber, euskal gizartearen zati garrantzitsu batek munduan presentzia propioa duen beste edozein herrialde bezain interdependente izan nahi duela. Euskadi Herrialde gisa, EBko kide diren beste herrialde batzuek duten independentzia/dependentzia maila berarekin, politikoki gomendagarria ez ezik, ekonomikoki bideragarria eta sozialki orekatua litzateke».
Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendari gisa —preseski, zentroa Iñigo Urkulluk inauguratu zuen, jada Jaurlaritzako lehendakari zela—, Gure Esku Dago herri dinamikarekin hartu-emana estutzen joan da. «Ibarretxeren eta Gure Esku Dago-ren arteko harremana konplizitate bihurtu dugu», azaldu zuen Angel Oiarbide dinamikako eledunak orain urte eta erdi bat, harekin batera AEBetara joan aurretik. Gaurko hitzaldia, kasurako, bi erakundeek elkarlanean antolatu dute. Gure Esku Dago-k sustatutako herri galdeketak txalotu egin ditu lehendakari ohiak. «Izugarria gaurkoa... eta ez ahaztu: janez egiten da gosea», idatzi zuen txio batean iazko ekainean, 34herri kontsulta izan ziren gauean. Arnaldo Otegik erantzun egin zion Twitter bidez: «Lehendakari,jarrai dezagun gosea handitzen. Egin behar horretan goazen batera». Aditzen ari zena moztekoasmoz edo, bere «tokia» EAJn dagoela azaldu zuen Ibarretxek EAEko iraileko bozen aurretik.
Eskoziakoa eta Kataluniakoaaitatuz, «itxaropena eta gogoa indartu nahia» agertu zuen Iñigo Iruinekin, 2014an. Lanari ekiteko dei egin du aurten, «beste aukera bat irekitzen» ari delakoan.