Bidaia erdigunerantz

Gaur da urtebete Maria Txibitek Nafarroako Gobernuko lehendakari karguaren zina egin zuela. Hezkuntzan eta euskaran zalantza ugari piztu baditu ere, lehen zazpi hilabeteetan gobernuak EH Bildurekin hitzartu zituen aurrekontuak. Alta, pandemia etorri zen orduan, eta horrek kolokan jarri du dena.

Maria Txibite, iazko abuztuaren 6an, parlamentura sartzear, kargua hartzeko ekitaldira. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Urtebete, mundu bat iragan da 2019ko abuztuaren 6 hartan Maria Txibitek lehendakari kargua hartu zuenetik. Nork irudikatuko zuen egun hartan Txina urruneko gertaerek zenbateraino eragingo zuten... Ezinbestean, bizitzako gainerako arlo guztietan bezala, iragan urtebeteko mugarria izan da COVID-19a, baina Nafarroari dagokionez, nolabait ere pandemiaren eztandak bat egin du modu natural batean sortu den joera batekin. Izan ere, Nafarroako Gobernuak legealdi hasierako lehen txanpa amaitu berri zuen otsailaren 27an, lehen aurrekontuak onartzea lortu zuenean. Ordura arteko lehen zazpi hilabeteek erdigune politikoranzko nahiera bat islatu zuten.

Urtarriletik apurka gerturatzen ari zen mehatxua izanagatik, COVID-19aren martxoko bat-bateko eztandak eten egin zuen asmo hori. Lehen olatuak indarra galdu ahala leheneratu zaizkio hasierako asmoak Txibiteren gobernuari, baina jokalekua errotik aldatu da. Zalantzak ugariak dira, eta horrek dena alda dezake.

LEHEN URRATSAK
Epaileen eta PSNren artean, lehen zalantzak agerian


Gutxiengoan izanik gobernua—PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k 22 parlamentari dituzte, eta kanpotik Ezkerra gehituz gero, 23—, EH Bilduren abstentzioa ezinbestekoa izan zen Txibite lehendakari izateko. EH Bilduk ohartarazi zion ez zutela «inongo atzerapausorik onartuko». Erantzunean, Txibitek jada aurreratu zuen Barkosen agintaldia «beste garai bat» zela eta bide propioa egiteko asmoa zuela.

Hori izan da legealdi hasieraren bereizgarrietako bat. Koalizio gobernua izanik ere, bidea eta erritmoa markatzeko gauza izan da PSN, zenbait arlotan aurreko gobernutik aldenduz ekintzetan eta jokamoldeetan. Hasieratik eman zion ukitu propioa.

Adibidez, Barkosen garaikoarekin alderatuta, nabarmen handitu zuen gobernu egitura. Navarra Sumak eta EH Bilduk kritikatu egin zuten, eta azaroan gobernuak onartu zuen urtean sei milioi euro gehiago behar zirela. Gainkostu hari, baina, «inbertsio» deitu zion, gizartearen erronkei aurre egiteko prestatuago zeudela argudiatuta. «Konbentzituta gaude egitura honek etekinak emango dizkiela herritarrei», esan zuenJavier Remirez presidenteordeak.

Arlo sozialean aurreko gobernuaren ildoa hartu arren, hezkuntzan eta euskaran beste ildo bat hartu du gobernuak. Nahiz eta Skolae programarekin segitu, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak Skolae bultzatu zuen lantaldea kargutik kendu eta berea jarri zuen. Urrian, berriz, auzitegiek ontzat jo zituzten UGT eta SPA sindikatuen helegiteak, eta aurreko legealdiko lorpen nagusitzat jotzen zen euskararen dekretua edukiz hustu zuen: batik bat administrazio publikoan euskara meritu gisa aintzat hartzeko edo kartel elebidunak egiteko betebeharra baliogabetu zuelako. Hainbat taldek parlamentuan adierazi bezala, hizkuntza atzerritar baten pareko tratua eman zion epaiak euskarari.

Txibitek eta PSNk onartu izan dute euskararen auzia funtsezkoa dela elkarbizitzarako, eta euskara «politikatik aldendu» behar dela. Alta, hitzetatik errealitate zehatzera jauzi egitean, nabaritzen da zailtasunak dituela iraganeko jarreretatik aldentzeko. Izan ere, PSNk bat egin zuen auzitegien erabaki harekin, eta parlamentuan Navarra Sumaren alboan kokatu zen. Gobernuak berak uko egin zion kasazio helegitea aurkezteari, nahiz eta Ahal Dugu-k eta Geroa Baik hala defenditu.

Gobernu barruan hizkuntz politika kudeatzen du Geroa Baik eta borondatea adierazi du atzerapausorik ez emateko, baina epaiak eta PSNk zaildu egin diote hori. Ana Ollo kontseilariak iragarri zuen lantalde bat osatu zela ondorioak aztertzeko eta «araudi berria» prestatzeko. Hasieran, urtarrilerako espero zen foru dekretua, baina organo aholku emaile gorenari, Nafarroako Kontseiluari, iritzia eskatu zioten, eta hark bidea markatu zuen martxoan: ondorioztatu zuen modua dagoela eremu ez-euskaldunean meritu gisa hartzeko euskara, «neurrian» bada ere.

Horrek guztiak ez du pitzadura handirik eragin gobernu barruan. Akordio programatikoan euren arteko desadostasunak kudeatzeko batzorde bat hitzartu arren, ez da nabarmendu hamabi hilabeteotan. Hala, PSN gauza izan da gobernu barrutik politika nagusietan eragiteko.

AKORDIOA
EH Bildu solaskide nagusi


Gobernua osatzeko negoziazioetatik kanpo utzi ostean, EH Bilduk ohartarazi zion Txibiteri ez zuela betorik onartuko berriz. Legealdiaren hasiera horretan, aurrekontuak onartzea ezinbesteko zuen Txibitek, eta, gutxiengoan izanik, EH Bildu hautatu zuen solaskide nagusi gisa. Testuingurua berezia zen. Azaroaren 10ean, bigarren aldiz Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin ondotik, Madrilen gobernua osatzeko zegoen, baina, berehala, Pedro Sanchezek Unidas Podemosekin akordioa lotu zuen.

Erabaki hark panorama argitu eta bidea erraztu zion Txibiteri, eta nahieran antolatu zituen EH Bilduri betoa kentzeko agertokia eta eszenografia. Alde batetik, aurreko urteetako dinamikarekin hautsiz, zerga neurrien eta aurrekontuen eztabaida bereizi egin zituen gobernuak, kontuen prestaketa atzeratuz joan zela argudiatuta.

Bestetik, azaroaren 27ko arratsaldean, Nafarroako Jauregian, bilera batera deitu zuen Navarra Suma lehenik eta EH Bildu ondoren. Argazki hark esanahi berezia zuen EH Bildurentzat —gerora urrats bera egingo zuen PSOEk Madrilen—. Keinu hari ongietorri egin zion; Navarra Sumak, aldiz, asaldatuta, EH Bildu lehenetsi nahi izatea aurpegiratu zion, eta Txibitek erantzun ez zuela betorik onartuko.

Argazkia lortzeaz gain, zerga neurrietan akordioa erdietsi zuen EH Bilduk gobernuarekin, eta, horrekin, betoa kentzeaz gain, ezkerreranzko norabidean eragiteko solaskide nagusi izateko mezua eman zuen. Haatik, praktikan, akordioa konpromisoetan baino ez zen oinarritu, eta, aurreko legealdiko bidean atzera ez egitea lortzeaz gain, fiskalitatearen eztabaida sakona etorkizunerako utzi zuen. Izan ere, funtsean sozietate zergako kenkariak murrizteko edo zerga kredituak atzeratzeko aukera aztertzeko konpromisoa baino ez zuen eman gobernuak.

PSNk, berriz, zentraltasunaren ideia sendotu zuen, azken orduko Navarra Sumaren abstentzioarekin enpresen ondasunen gaineko zerga kentzeko nahikoa babes lortu zuelako. Eskuineko koalizioak zerga jaitsiera orokorra proposatzeko baliatu zuen eztabaida, baina esku hutsik geratu zen.

Aurrekontuetan bezala. Urte honen hasierarako utzi zen eztabaida hori, eta, beste behin, EH Bilduren sostengua bilatu zuen. Urtarrilaren amaieran, bi aldeek hitzartu zuten gastu muga beste 17 milioi euro igotzea: neurri sozialak indartu zituzten, besteak beste pentsio osagarriak hitzartuz. Sinaduran, beste behin, akordioaren balioa azpimarratu zuen EH Bilduk, ezkerrerantz egiteko balio zuela nabarmenduta. Otsailaren 27an, inbestiduran gertatu bezala, gobernuak lehen aurrekontuak izatea ahalbidetu zuen abstentzio bidez. Ezkerrak ere gauza bera egin zuen. «Ez diezaiogun elkarri galdetu ea erabat ados gauden, baizik eta ea bide berean al gauden», arrazoitu zuen EH Bilduko Adolfo Araizek.

Beste behin, esku hutsik geratu zen Navarra Suma, politikan eragiteko ahalmenik gabe, ahotsa altxatzera mugatuz. Haatik, PSNk otsailaren erdialdera Navarra Sumak bultzatutako Ikurren Lege berria babestu zuen. Eskuineko koalizioaren hasierako proposamenari zigor eta isun erregimena kendu bazion ere, politikoki arnasa eman zion koalizioari, eta, beste behin, zentraltasunaren ideia eman zuen; Txibiteren gobernua ezker-eskuin akordioak lortzeko gai dela, alegia.

OSASUN KRISIA
Pandemiak hankaz gorautzi du dena


Eta, horretan, pandemia lehertu zen, eta egun gutxiren buruan aurrekontua paper errea zen. Egoeraren larritasunak, parlamentuan batasuna ekarri zuen berehalako neurriei erantzuteko orduan. Salbuespenezko garaian, autonomoentzako laguntzak, enpresen likidezia eta bideragarritasuna bermatzeko neurriak, larrialdiko laguntza sozialak, osasun sistemaren beharrei erantzuteko neurriak bultzatu ditu gobernuak. Ia aho batez onartu dira foru lege eta dekretu guztiak.

Dena den, horrek ez du esan nahi gobernuren kudeaketa bere horretan onartu denik: lehengo asteetako osasungintzako profesionalen material falta, zahar etxe batzuetako egoera larria eta Sanchezek inposatutako aginte bakarrari emandako erantzun epelak oposizioaren eta gobernu bazkideen kritikak eragin ditu.

Alta, politikoki, zailena etortzeko dago. Egoera ekonomikoa hankaz gora geratu da, eta horrek baldintzatu egin dezake bai ondorengo hilabeteetako eztabaida politikoa eta bai, akaso, legealdia bera. Izan ere, pandemiak ekonomiari eragindako hozkada handiaren ostean, eta oraindik orain COVID-19ak zer bilakaera izango duen antzeman ezinik, finantza publikoen egoera kezkagarria da. Zalantzaz beterik dago. Eta horrek dena aldatzen du.

Hasteko, gobernuak 820 milioi euro inguruko jaitsiera espero du diru sarreretan, eta, orain arte, larrialdi egoerak 190 milioi euroko faktura utzi dio. Madrilek Nafarroari BPGaren %2,3ko defizita (490 milioi) ahalbidetu dio. Horriiazko superabiteko ehun milioiak, Espainiako Gobernuak egoerari aurre egiteko eman ditzakeen 160 milioiak eta bestelakoakgehituta, 250 milioi euro inguru falta zaizkio mila milioiko aurtengo zuloa betetzeko. Oraindik goiz da jakiteko finantzaketa handiagoa lor daitekeen edo, kalkuluez harago, egiazko zuloa handiagoa edo txikiagoa izango den.

Hurrengo hiru urteei begira, iragan asteburuan Nafarroa Suspertu plana aurkeztu zuen Txibiteren gobernuak arrandia handiz: mila milioi euroko plan bat. Orain, adostasunak bildu beharko ditu, eragileekin eta parlamentuko taldeekin. Europako Batasunean hitzartu zen akordioaren bidean doazen lehentasunak markatu ditu, baina, printzipioz, mila milioi euroak aurrekontu bidez finantzatuko dira. Nondik, baina? EH Bilduk, Ezkerrak eta ahots apalagoz Ahal Dugu-k fiskalitatean jarri nahi dute azpimarra. Bestalde, Pedro Sanchezen aurrean, oraingoz autogobernua tinko defendatzeko arazoak agertu ditu Txibitek: Madrilek 5.000 milioi euroko laguntza zuzenen banaketatik at utzi du Nafarroa, eta ekarpen bidez hori guztia jasotzeko negoziatzen dabiltzala esatera mugatzen da gobernua. Nafarroa kanpotik etor daitekeen diruaren itxaropenean geratzea ere leporatu izan zaio Txibiteri.

Nafarroako Gobernuak etengabe dio iraganeko krisitik ikasi duela eta ez dela inor atzean utziko. Murrizketa hitza hiztegitik kendu du. Alta, egiazki mezu hori errealitate egiteak —edo ez egiteak— baldintzatuko du gobernuaren eta legealdiaren patua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.