Lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo Gogora institutuak eta Martxoak 3 elkarteak, eta, hala, bertze pauso bat eman dute Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko zentroa eratzeko proiektuan. Han izan ziren Jose Luis Martinez eta Nerea Martinez elkarteko kideak, Aintzane Ezenarro Gogora-ko zuzendaria eta Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan eraikiko dute gunea, 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak bost langile hil zituen lekuan.
Elkarteak 35.000 euro jasoko ditu, eta urte bat iraunen du hitzarmenak; urtero berritzeko aukera jaso dute. Melgosak adierazi zuen hitzarmenak «ekarpen oso esanguratsuak» egiteko bidea emango duela «ikerketari, dokumentazioari eta testigantzei» dagokienean.
Martxoak 3 elkarteak adierazi duenez, duela bi urte baino gehiago adostu zuten hitzarmena sinatzea, baina ez da orain arte iritsi. Zehazki, Nerea Martinez elkarteko kideak BERRIAri erran zion Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak proposatu ziela iazko abenduan sinatzea dokumentua: «Guk ezetz esan genion: ez zeukan zentzurik hilabete baterako hitzarmena sinatzeak eta urtarrilean berriro ere berritu behar izateak. Horregatik, esan genion urtarrilean egitea iruditzen zitzaigula egokiena, baina orduan sinatzeko jakinarazpenik ez genuen jaso, ezta otsailean egiteko ere». Elkarteak sare sozialen bidez salatu zuen proposamenik ez zitzaiela iritsi, eta orduan jarri ziren haiekin harremanetan.
Gainera, elkarteak berak proposatu zuen dokumentua martxoan sinatzea: «Guk Martxoaren 3ko asanbladan esan genuen hitzarmena sinatzea baldintza bat zela memoria zentroa eratzeko prozesuan parte hartzeko. Horregatik, Gogora-koei esan genien martxorako hitzarmena sinatuta ez bazegoen, sentitzen genuela, baina asanbladan planteatu beharko genuela zer egin. Horri erantzutean eman ziguten data». Hala, espero dute aurrerantzean gauzak aldatuko direla, eta beren iritzia entzunen dutela. «Herri honek, Gasteizek, merezi du benetan bere sentitzen duen oroimenezko bat, eta ez inposatutako bat. Horretarako, ganorazko parte-hartze prozesu bat egin behar da, elkarteek parte hartu behar dute, eta herri eragileek ere bai», borobildu du Martinezek.
Fundazioa
Memoriala eraikitzeko bidean bertze pauso bat emanen dute gaur: hura kudeatzeko fundazioa eratuko dute. Lau erakundek parte hartu dute: Gasteizko Gotzaindegiak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak. Lehenak eraikina erabiltzeko baimena emanen du, eta gainerakoek hiru milioi euroko inbertsioa eginen dute, eraikina zaharberritzeko. Lau erakunde horietako kideak egonen dira fundazioaren patronatuan, baita Memoria Gara-ko eta Martxoak 3 elkarteko kideak ere. Hala, patronatuko kideetako batzuk 16:30ean bilduko dira eraketarako dokumentuak sinatzeko: Nerea Melgosa, Aintzane Ezenarro, Nerea Martinez, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Juan Carlos Elizalde gotzaina.
Fundazioaren eraketaren albisteak, baina, zer errana eman zuen: Martxoak 3 elkarteak adierazi baitzuen ez zutela horren berri, eta oraindik hitzarmena sinatzeko zain zeudela. Aste batzuk geroago iritsi da hitzarmena. Joan den asteartean, baina, Melgosak adierazi zuen ez dagoela loturarik hitzarmena sinatzearen eta fundazioaren eraketa egun bat geroago egitearen artean: «Ez du inolako zerikusirik».