Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian hutsik dauden etxebizitzei kanon bat ezarri ahal izango zaie. Hori jaso du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretuak. Etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko 10 eurokoa izango da tasa, lehen urtean. Etxebizitzaren funtzio soziala «bermatzea» helburu duten hainbat neurri bildu ditu dekretuak, Iñaki Arriolaren iritziz. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuaren esanetan, Eusko Legebiltzarrak 2015eko ekainean onartutako Etxebizitza Legea garatu du.
Jaurlaritzak atzo egindako gobernu kontseiluan onartu zuten dekretua, eta, Arriolak ondoren egindako agerraldian adierazi zuenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15.000 bat etxebizitzari eragin diezaieke. Dekretuaren arabera, erabil daitekeen egunetik aurrerako bi urteetan etengabe hutsik dauden bizilekuei ezarri zaie tasa. Arautegi berriak zehazten du zein den etxebizitza bat hutsik dagoela ezartzeko prozedura.
Dena dela, justifikatutako salbuespen batzuk biltzen ditu: bigarren etxebizitzak; lanagatik, osasunagatik, mendekotasunagatik eta larrialdi sozialagatik egindako aldi baterako bizileku aldaketak; eta gutxienez hiru hilabeteko epean merkatuko prezioan salgai edo alokairuan jarritako etxebizitzak.
Salbuetsi egin dituzte, gainera, administrazioei utzitako etxebizitzak, babestuta aloka ditzaten; irabazi asmorik gabeko elkarteek migratzaileak, desgaituak edo indarkeria matxistaren biktimak hartzeko erabilitakoak; eta zaharberrituak izaten ari direnak edo gutxieneko biziegokitasun baldintzak betetzen ez dituztenak.
Udalak arduratuko dira etxebizitzak hutsik daudela egiaztatzeaz, eta ikuskaritzak egingo dituzte: izan errolda baieztatuz, edo uraren, gasaren eta argindarraren kontsumo txikiak identifikatuz, dekretuak dioenez. Nolanahi ere, lan horiek Jaurlaritzak hartu ahal izango ditu subsidiarioki.
Hala eta guztiz ere, jabeek edukiko dute aukera ezarritako izendapenari aurre egiteko. Horretarako, frogatu beharko dute etxebizitza hutsik egoteko aukera ematen duten baldintzak betedituela, alokairu sozialerako programa publiko batera bideratu dutela — Bizigunera, esaterako—, edo alokairuan edo salgai jarri dutela, merkatuko prezioen arabera.
Administrazioak etxebizitza hutsik dagoela izendatuz gero, udalak beraiek arduratuko dira ezarritako tasa kobratzeaz. Dekretuak dioenez, diru horiudalerri bakoitzeko etxebizitza politiketara bideratuko dute. Lehen urtean, metro koadro bakoitzeko 10 eurokoa izango da tasa, eta %10 handituko da hutsik jarraitzen duen urte bakoitzeko. Gehienez hiru aldiz handituko da hasierako kopurua; hau da, luzaroan etxebizitza hutsik edukitzen duen jabeak metro koadroko 30 euro ordainduko ditu urtean gehienez.
Dekretuaren arabera, administrazioek behartu dezakete jabe bat bere etxebizitza alokatzera. Horretarako, hasteko, beharrezkoa da etxebizitzaren gunea eskari handiko eremu gisa izendatzea, eta bertan etxebizitza premia egotea. Prozedura hasiko dute alokairuko etxebizitza bat edukitzeko Etxebiden izena emandakoak ehundik gora badira, eta eskaera horiei ezin izan badiete erantzun aurreko bi urteetan etxebizitza publikoen bidez. Gainera, eremuko alokairuen batez besteko prezioak udalerriko alokairuen batez besteko errenta baino %10 handiagoa izan beharko du, gutxienez.
Etxebizitza sailburuak izendatuko ditu eremu jakin horiek, bai udalek beraiek eskatuta, bai ofizioz. Urtebetera hutsik jarraitzen duten etxebitzetako jabeei alokatzera behartu ahal izango dituzte, eta gehienez bost urtez alokairu publikoan edukitzera derrigortuko, era berean.
Zaharberritzeko laguntzak
Etxebizitza hutsak zaharberritzeko laguntzak banatuko dira, baina horiek jasotzeko orduan lehentasuna izango dute babestutako alokairurako erabiliko dituztenek. Etxebizitza hutsen jabeek horiek behin behinean Jaurlaritzari uzteko aukera edukiko dute. Ondoren, Bizigune programara bideratuko ditu administrazioak. Ordainetan, jabeek 650 euroko errenta bat jasoko dute, gehienez.
Kaleratzeak Stop plataformak kanpaina bat abiatuko du udalak inplikatu asmoz. Haren esanetan, udalek dute bi urtetik gora hutsik dauden etxebizitzak erregistroan sartzeko ahalmena, eta hori egin ezean, «ezingo da kanona ezarri edo alokatzera behartu». Horregatik, arlo horretan ezer egiten ez duten udalak ordezkatu eta herri horietan zuzenean esku hartzeko exijitu dio Jaurlaritzari.
Bi urtez jarraian hutsik dauden etxebizitzei tasa bat ezarriko die Jaurlaritzak
Metro koadro bakoitzeko 10 eurokoa izango da kanona, lehen urtean. Arriolaren esanetan, etxebizitzaren funtzio soziala «bermatzea» du asmo onartutako dekretuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu