Fiskalak eta herri akusazioek zigor eskaerei eutsi diete, eta bina urteko kartzela zigorrak eskatu dituzte Kutxabank auziko hiru akusatuentzat —Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Mikel Cabieces Espainiako gobernuaren ordezkari ohia eta Rafael Alkorta abokatua—, auziaren inguruko epaiketaren azken saioan. Herri akusazioko abokatu Jone Goirizelaiak bat egin du fiskalaren eskaerekin, baina zigor alternatiboak ere proposatu ditu: hiru urte eta erdiko kartzela zigorra Cabiecesentzat, eta bi urte eta hiru hilabetekoa Fernandez eta Alkortarentzat.
Epaiaren zain gelditu da Kutxabank auziko epaiketa. Fiskalak esan du hiru akusatuak adostu zirela Cabiecesi «lanik egin gabe» hilero diru kopuru bat ordaintzeko —5.873 euro hilean— eta horrek «kaltea» ekarri ziola Kutxabanki. Horren froga nagusitzat jo du 2012ko otsailean Fernandezek eta Cabiecesek sinatutako akordioa.
Fiskalaren ustez, Alkortaren bulegoan ari zelarik Cabiecesek Kutxabankentzat ustez egin zituen lanen frogarik ez dago, eta pentsatzen du ez dela sinesgarria denbora tarte horretan Kutxabankentzat lan egitea eta aldi berean Iberdrolarentzat aholkularitza lanak ere egitea. Kutxabanki ustez egindako kaltea —240.000 euro inguru— Fernandezek bere patrikatik ordainduta itzuli izana ere «erruduntasunaren frogatzat» jo du.
Fernandezen plana
Herri akusazioaren izenean, Goirizelaiak esan du Mario Fernandezek asmatu zuela Mikel Cabiecesi ordainketak egiteko plana, eta gainerakoek hark agindutakoa bete baino ez zutela egin. Nabarmendu du Fernandezek eta Cabiecesek 2012ko otsaileko akordio hartan jasotakoa «pausoz pauso» bete zela hurrengo urteetan, eta, esaterako, 900 euroko ordainketa bat egin zela bidaia gastuak balira bezala akordio hartan hitzartutakoa bete ahal izateko, Cabiecesek inolako bidaiarik egin ez bazuen ere.
Era berean, hiru akusatuek herri akusazioaren galderei erantzuteari uko egin izana «kontuan hartzeko» eskatu dio Goirizelaiak epaimahaiari.
Defentsako abokatuek, berriz, absoluzioa eskatu dute. Mario Fernandezen abokatu Carlos Buerenek esan du Kutxabankeko presidente ohiaren jarduerak ez ziola kalterik ekarri bankuari. «Aitzitik, bere kudeaketaren eta esfortzu pertsonalaren ondorioz onura handiak ekarri zizkion Kutxabanki», erantsi du. Fernandezek ustezko kaltearen dirua itzuli duela gogorarazi du.
Bi urteko zigor eskaerei eutsi diete 'Kutxabank auziko' azken saioan
Herri akusazioak zigor eskaera alternatiboak ere proposatu ditu. Auzia epaiaren zain gelditu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu