Gipuzkoako Auzitegiko1. Atalak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio 21 urteko mutil bati, ia 15 urteko neska bati sexu eraso bat egiteagatik. Neska Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean zegoen. EFE agentziaren esanetan, akusatuak onartu egin du Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren —foru aldundia— zigor eskaera, eta baita sexu erasoagatik zigortua izatea ere. Aringarri gisa aplikatu diote zigor kodearen 183 quater artikulua.
Artikulu horren arabera, sexu harremanak izateko onespena emateko gutxieneko adina 16 urtekoa bada ere, 16 urtetik beherako norbaitek askatasunez onespena eman eta harekin sexu harremanak izanez gero, zigor kodeko erantzukizunetatik salbuetsi egiten da bi kasutan: batetik, egilearen adina eta adingabearen adina antzekoak badira; bestetik, egilearen garapen edo heldutasun fisikoa eta psikologikoa adingabearenen antzekoak badira.
Bi gazteak sare sozial baten bidez ezagutu ziren, 2021eko urrian. Bi astez hitz egin zuten elkarrekin, eta aurrez aurre ezagutzeko geratu ziren. Biek zekiten zein zen bestearen adina, EFEk zehaztu duenez. Neska trenez joan zen Donostiara. Geltokian elkartu eta mutilaren gurasoen etxera joan ziren. Mutilaren logelan sartu ziren, eta sexu erasoa egin zion. Gero, elkarrekin joan ziren tren geltokira, neskak etxera itzultzeko trena hartzeko. Sententziak dio neskak ez duela «kalte psikologikorik».
Akusatuak ezingo du neskarengana hurbildu eta harekin harremanetan jarri hiru urtean, eta bost urtez egongo da zaintzapean. Bi baldintza jarri dizkiote espetxean ez sartzeko: ikastaro bat egitea eta bi urtean beste deliturik ez egitea.