Iruñeko 5. Zigor Epaitegiak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekideari eraso eta mehatxu egiteagatik. 38 urte ditu gizonak, eta sei urtez ez du emakumearengana hurbiltzerik izango 200 metro baino gutxiagora. Ezin izango du harekin hitz egin ere. Horrez gain, 200 euro ordaindu beharko dizkio.
Epaitegiak zortzi hilabeteko kartzela ezarri dio gizonari tratu txarrengatik. Duela hiru urte ukabilkada bat eman zion eskuineko besoan. Eta urtebete eta lau hilabeteko zigorra ezarri dio mehatxu delituarengatik. Ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztu daiteke.
2021eko apirilean, akusatuak eta haren bikotekideak eztabaida bat izan zuten auto batean. Emakumeak autoa gelditu zuen; Iruñean ziren. Orduan, gizonak mehatxu egin zion. Horrek «beldurra eta ezinegona» eragin zion emakumeari. Horren ostean, Antsoainen (Nafarroa), gizonak autoko kristala apurtu zuen, eta bikotekideari ukabilkada bat eman. Emakumeak laguntza eskatu zuen, eta Iruñean atxilotu zuten gizona.
Epailearen arabera, emakumeak egindako grabazioek berretsi egin dute gizonak mehatxatu egin zuela. Ukabilkadari dagokionez, salaketa jartzean emakumeak argazkiak aurkeztu zituen. Epaileak ez du egiaztatutzat jo ohiko tratu txarra —akusazio partikularrak leporatu zion—. Hortaz, delitu horretatik absolbitu egin du auzipetua.