Nafarroako Auzitegiak bi urteko kartzelaldia eta bost urteko inhabilitazioa ezarri dizkio Eguesibarko alkate ohi eta Geroa Baiko zinegotzi Alfonso Etxeberria Goñiri, sekretuak agerrarazi eta zabaltzeagatik. Zehazki, epaileak frogatutzat jo du alkate ohiak, informatikari baten laguntzarekin, berreskuratu egin zuela UPNko zinegotzi ohi Carolina Potauk udalaren ordenagailu batetik borratutako informazio pribatua. F.A.R. informatikari eta Eguesibarko bizilagunari 15 hilabeteko kartzela zigorra eta 4.200 euroko isuna ezarri diote, datuak berreskuratzen laguntzeagatik.
Informazio hori guztia Fiskaltzaren eta Agoizko Epaitegiaren esku jarri zuen Etxeberriak 2013an, garai hartan zabalik baitzen Eguesibarko aurreko udal agintari Josetxo Andiaren, Estefania Claveroren eta Carolina Potauren aurkako auzia, ustezko irregulartasunengatik. UPNko hiru udal arduradun ohiei kalteordaina eman beharko diete bi zigortuek. Zehazki, Carolina Potauri 4.000 euro ordainduko dizkiote, eta Josetxo Andia Eguesibarko alkate ohiari eta Estefania Clavero zinegotzi ohiari 2.000 euro. Miatutako disko gogorrak eta horien kopia guztiak suntsitzeko agindua ere eman du epaileak.
Etxeberriak epaiketan azaldu du, datu horiek udalaren ordenagailutik berreskuratuta, Egues auzia delakoa argitzen saiatu zela: «Ez genuen inoren intimitatea urratu nahi, irregulartasunak argitu baizik». Hala ere, hirigintza proiektuei eta irregulartasunei lotutako datuez gain, Potauk aurretik borratutako argazki pertsonal eta intimo batzuk ere berreskuratu zituztela salatu du akusazioak. Defentsak adierazi du helegitea aurkeztuko duela Espainiako Auzitegi Gorenean.
Potau zinegotzi izan zen Eguesibarreko Udalean 2003tik 2011ra arte. Urte hartan, dimisioa eman eta alderditik kanporatua izan zen, Egues auziko irregulartasunengatik. Horrez gain, Andacelay S.L. hirigintza enpresa publikoko aholkulari eta idazkari ere izan zen, eta 2007tik aurrera kontabilitateaz arduratu zen. Horretarako, sozietate publikoaren ordenagailu bat erabili zuen, eta 2011n dimisioa aurkeztu zuenean, udalari itzuli zion, «aurretik karpeta pertsonalak borratuta».
UPNko Josetxo Andia alkateak ere dimisioa eman zuen 2011n, eta Geroa Baiko Etxeberriak hartu zuen aginte makila. Andacelay sozietate publikoko presidente ere izendatu zuten. Enpresako ordenagailuak «hutsik» topatu zituela salatu du epaiketan: «Ordenagailuan ez zegoen ezer, eta ez genuen kudeaketari buruzko daturik aurkitu, ezta sozietatearen inolako dokumenturik ere». Etxeberriaren esanetan, Eguesibarko Udalean irregulartasunak ikertzen zituen udal batzordeko informatikari bati laguntza eskatzea erabaki zuen orduan.
'Egues auzia'
2000. urtean, Eguesibarko Udalak lehiaketa publikoa antolatu zuen lur sail bat urbanizatzeko, baina, oposizioko taldeek gerora salatu zutenez, lehiaketaren oinarriak idatzi zituen arkitektoari eman zitzaion kontratua. Prebarikazioa leporatu zioten Ignacio Galipienzo orduko alkateari, baina epaiketan, akusatuaren defentsak eta fiskaltzak bat egin zuten, ez baitzuten delitu zantzurik antzeman. Hori izan zen hedabideetan agertutako lehen auzia, baina ez azkena, ezta larriena ere.
2009an hasi zen Galipienzoren kontrako epaiketa. «Funtzionarioei debekatutako negoziazioak» eta «prebarikazio urbanistikoa» egitea egotzi zion fiskalak, baina ez zuen eroskeria deliturik gaineratu —akusazio partikularraren arabera, hori zen deliturik larriena—. Epaileak, fiskaltzaren tesiei men eginez, urtebeteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa ezarri zion Galipienzori. Alkate ohiak ez zuen kartzela zapaldu ere egin, eta Madrilera joan zen bizitzera. Hirigintzaren sektorean lan egiten du gaur egun.
Kanporatutako alkatearen lekukoa Josetxo Andiak hartu zuen; nork eta Galipienzorekin Hirigintza zinegotzi izandakoak. Eta, horrez gainera, aurreko gobernu taldea osatzen zuten gainontzeko zinegotziek ere (Potau, Clavero...) eserlekua mantendu zuten eskuinaren hautagaitza berrituan.
Andiaren agintaldia (2003-2011) ez zen aurrekoa baino lasaiagoa izan. Udalak Andacelay izeneko enpresa publikoa sortu zuen. Babes ofizialeko etxebizitzen promozioak diseinatzeko eta sustatzeko jaio zen sozietate hori, baina, berehala, Nasipa —Navarra Siempre Palante esamoldearen akronimoa [sic]— enpresa pribatuarekin egin zuen hitzarmena, Egues 21 eta Egues 21 II izeneko elkarteen bitartez. Eguesibarko Udaleko ikerketa batzordearen eta Comptos ganberaren ustez, Nasipak baliatu egin zuen lehentasunezko posizio hori, hainbat lehiaketa era opakuan irabazteko.
Hiru etxebizitza promozio egin zituzten elkarrekin Andacelay eta Nasipa enpresek, eta guztietan irregulartasun ugari aurkitu zituen Eguesibarko udal taldeek osatutako ikerketa batzordeak. Comptos ganberak ere «gardentasunik eza» eta «lehiaketa publikoen printzipioak urratzea» leporatu zion Eguesibarko Udalari, 2006, 2009 eta 2014an argitaratutako txostenetan. Auzia artxibatuta dago gaur egun.