Gipuzkoako Epaitegiko fiskalak bi urteko kartzela zigorra eskatu du Amalur Mendizabal Amaiurko senatari ohia borraz jotzeaz akusatutako ertzainarentzat. 2013ko irailaren 30ean izan zen gertaera, gauez, Hernanin (Gipuzkoa), Herrira-ren aurkako polizia operazioaren kontrako protesta batean. Fiskalaren zigor bera eskatuko du akusazioak.
Guardia Zibila Herrira-ren Hernaniko egoitzara sartu zen, eta Ertzaintzak hartu zituen inguruak. Jende ugari elkartu zen protestara, eta ertzain batek borraz jo zuen buruan Amaiurreko orduko senataria. Mendizabal emakume bat babesten ari zela eta senatari txartela erakusten ari zela jo zuen poliziak; buruan bost zentimetroko ebakia egin zion, eta zortzi puntu eman zizkioten biktimari.
Egun batzuk geroago salaketa bat aurkeztu zuen Mendizabalek. Irailean, auziarekin jarraitzea eta ertzain bat inputatzea erabaki zuen Donostiako Instrukzioko 5. Epaitegiko epaileak. Orain, ahozko epaiketa egiteko eskatu du fiskalak, eta ertzainarentzat bi urteko espetxe zigorra galdegin du. Lesio delitu bat egotzi dio, eta larritzat jo du langile publikoa izatea. Gainera, fiskalak eskatu du ertzainak Mendizabali 3.600 euroko kalte-ordaina ordaintzeko.
'Mozal legearen' aurretik
Espainiako senatari ohiak BERRIAri adierazi dionez, «arrazoinamendu desberdinengatik» bada ere, zigor bera eskatuko du bere abokatu Iñigo Iruinek. Aitortu du «luze» egiten ari zaiola prozesua —bi hilabete barru hiru urte beteko dira—, eta azaldu du ertzainaren abokatuak prozedura judizialeko pauso ororen aurka helegitea aurkeztu izana dela luzapenaren arrazoia. Hala ere, uste du «zorte ona» izan zuela Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea —mozal legea izenez ezaguna— indarrean sartu aurretik eraso ziotelako, gogoan izan baitu Ateak Ireki atariak argitaratutako bideo bat funtsezko froga izan zela —orain, legeak galarazi egiten du polizien irudiak hartzea—. «Lege berriarekin zenbat gauza gertatuko ote dira ezin direnak frogatu».
Ertzainari diziplina espedientea ireki zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, senataria jo eta egun batzuetara. Estefania Beltran de Heredia sailburuak adierazi zuen litekeena zela ertzain hark indarra eta defentsarako tresnak «modu desegokian» erabili izana, eta horregatikzabaldu ziotela espedientea.
Bi urteko kartzela eskaera senatari bat zauritu zuen ertzainarentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu