Bi urteko kartzela Bonnemaisoni

Zazpi akusazio izan arren, gaixo baten heriotzagatik zigortu dute.Ez du espetxera joan beharko

Baionako ospitalean elkarretaratzea egin zuten herenegun, Bonnemaisoni babesa agertzeko. NICOLAS MOLLO.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Bigarren auzialdian zigortu dute Nicolas Bonnemaison Baionako sendagilea: bi urteko espetxea ezarri diote ospitaleko gaixo baten heriotzagatik. Zazpi kasuren harira epaitu dute Bonnemaison: hilurren zeuden zazpi gaixo pozoitzea egotzi zioten. Azkenean, ordea, Françoise Iramunoren heriotzagatik zigortu dute —haren familia akusazio gisa aurkeztua zen epaiketan—. Emakume hura hil izanaren erantzule jo du herri epaimahaiak. Zigorra ezarri dion arren, Bonnemaison kartzelara ez bidaltzea erabaki du auzitegiak; bat egin du hartara akusazioen eskariarekin. Sententziari helegitea ezartzeko aukera dute aldeek.

Bi asteko epaiketa izan da Angersko Krimen Auzitegian (Frantzia). Atzo goizean hasi zuen deliberamendua herri epaimahaiak —bederatzi herritarrek osatzen dute—, eta 17:00ak aurretik eman zuten erabakiaren berri. Ia zazpi orduko eztabaida eduki zuten. Jendaurrean irakurri zuten epaia.

Akusazioen nahia bete du sententziak. Akusazio zibilak eta prokuradoreak eskatu zuten medikua zigortzeko, baina kartzelara joan beharrik gabe. Bost urteko espetxea nahi zuen prokuradoreak, baina zigorra ez betetzekotan.

Iaz eginiko epaiketan ere eskari berbera egin zuen, baina ez zuen helburua bete: absolbitu egin zuten Bonnemaison. Helegitea jarri zuen prokuradoreak, eta orain lortu du medikuari zigorra jartzea.

Orain arteko argudio berak

Sententzia izan da desberdina, baina aldaketarik ez da egon batzuen eta besteen ikuspegian. Prokuradorearen esanetan, asmo txarrik ez zuen eduki medikuak, baina ez zuen legea bete: «Bonnemaison jauna ez da hiltzailea edo pozoitzailea, baina zigorra jar dakioke lanean ari zela biziaren aurkako hainbat eraso egiteagatik». Iramunoren familiaren abokatuak ere bide horretatik jo du: «Nahita heriotza eragitea delitua da, baita sendagile batentzat ere».

Bonnemaisonek, berriz, ukatu egin du gaixo horiek hiltzeko asmoa zuela. «Sufrimendua laburtzeko» eman zizkien injekzioak. «Sedazioa lortzeko helburuarekin, inolaz ere ez pertsona horien biziari akabera emateko». Hartutako erabakia defenditu egin du, gaixoen egoera gogoan hartuta: «Ezin dugu besoak gurutzaturik goaitatu eriak hiltzea. Ezin ditugu eriak hiltzen utzi haien sufrimendua baretzeko aukera edukirik».

Sedatzeko erabakia ez zuen jakinarazi medikuak: ez sendiei, ez lankideei. Lankideei dagokienez, uste du sendagileari dagokiola ardura hori bere gain hartzea. Sendiei buruz hau azaldu du: «Familietan ikuspuntu ezberdinak egon ohi dira, eta erabaki horretan parte hartzeko eskatzea pisu sobera ematea iruditzen zitzaidan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.